"Etorkizuna ehuntzeko" jardunaldiak egin ditu Tokikomek Getxon

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko mar. 24a, 17:54

Euskarazko toki komunikabideen sareak –Tokikom– hamar urte bete berri ditu "tokiko kazetaritza indartsu" dagoela erakutsiz. Getxon elkartu dira gaur urteurrena ospatu eta beste hedabideetako adituekin batera aurrera begira egin beharrekoak zeintzuk diren hausnartzeko.

Urteurren borobila ospatzeko, Tokikomek jardunaldiak egin ditu gaur Getxon, Olatua gurutzaontzien terminalean. Komunikabideak Etorkizuna Ehuntzen izenpean Euskal Herriko zein nazioarteko aditu eta arituek, euren esperientziak partekatu dituzte jardunaldietan.

Goizeko 09:00etan abiatu dute saioa, Alaitz Artolazabal Tokikomeko zuzendariaren, Amaia Agirre Getxoko Udaleko alkatearen, bertoko Hiruka komunikazio-taldearen kudeatzaile Ziortza Merinoren eta Bingen Zupiria sailburuaren ongi-etorriarekin. Jarraian, Urko Aristi aurkezlearen gidaritzapean, demokrazia sozialaz aritzeko eta tokiko kazetaritzan sakontzeko hizlariek hartu dute hitza.

Jason Gibbins BBC-ko Local News Partnership eta Peter Sherlock Shared Data Unit sailetako ordezkariak izan dira jendaurrera agertu diren lehenengoak, eta Erresuma Batuko datu kazetaritzaren eta komunikabideen arteko elkarlanaz aritu dira. Ildo horretan ere, Hegoaldeko Galesko barrutiari buruzko informazioa eskaintzen duen Caerphylly Observer agerkari digitaleko ordezkari Richard Gurnerrek tokiko komunikabideen eta BBC-ren arteko elkarlanaren nondik norakoak aurkeztu ditu, bere esperientzia propiotik abiatuta. Berea bezalako tokiko komunikabide txikien arteko elkarlana goraipatu du, eta tokiko istorio txikiak ere garrantzitsuak direlakoan, BBC-rekin lortu duten hitzarmenari esker, txikitasunetik handitasunera salto egiteko aukera ahalbidetu diela azaldu du: “Local News Partnership egitasmoari esker, tokikook lantzen ditugun albisteei leku egiten zaie hedabide handietan”.

Bere aldetik, Tomas Bruvik Tokiko Egunkarien Elkarte Nazionaleko (LLA), Norvegiako toki komunikabideen elkarteko idazkari nagusiak bere herrialdeko 110 egunkari baino gehiagoren arteko lankidetza-estrategia azaldu du, hala nola zer nolako bideak erabiltzen dituzten datu eta istorio partekatuei dagokienean. 

Txanda horretan hitza hartzen azkenak izan dira Oihane Mateos EITBko ordezkari eta Iker Rincon Moreno Hiruka komunikazio-taldeko kazetari multimedia. Horiek EITB eta Tokikomeko bazkideen artean elkarlanean hauspotutako Saretzen proiektua aurkeztu dute, eta nabarmendu dute, besteak beste, zer nolako garrantzia duen komunikabideen arteko elkarlana datu-kazetaritzaren munduan sakontzeko eta, tokikotasunetik hasita, nazio ikuspegia izan dezaketen istorioak bilatzeko.

Atsedenaldiaren ostean, Bea Narbaiza EHUko Ikusiker ikerketa-taldeko kideak kazetaritzak entretenimenduaren esparruan gaur egun duen egoera aztertu du. Hala, besteak beste, gazteek ikus-entzunezkoak kontsumitzeko eta IKT edo Informazio eta Komunikazio Teknologiak erabiltzeko dituzten ohiturak zerrendatu ditu, “haiek direlako aldaketen motore, eta aldaketa horiek, azkenean, guregana ere heltzen
direlako”.

EHUko Avelino Amoedo irakasleak Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aurkeztu du, non albiste eta eduki kontsumoen joera eta erronka globalak aztertu diren. Nabarmendu du komunikabideen kontsumoak eta albisteen interesak behera egin duela, “zehazki, interesa %85etik %55era jaitsi da”.

Karma Peiró, IKT-n adituak, berriz, egunotan denon ahotan dagoen adimen artifizialak tokiko kazetaritzan ekar ditzakeen aukerak eta erronkak azaldu ditu. Azpimarratu duenez, kazetaritza hainbat modutan landu daiteke adimen artifizialaren bitartez: “Ikustaldiak edota posizionatzeko gailuak automatizatu ditzakegu, albisteak erakargarriagoak bihurtu irudi eta bideoak sortuz edota lerro buru bat bilatu txio bat sareratzeko”.

Azkenik, jardunaldiei amaiera eman aurretik, Pernan Goñi ilustratzaileak goizean zehar irudikatutako akta grafikoa eta ondorioak aurkeztu ditu.

Manifestua, elkarlanean

Ekitaldian, Tokikomek Katalunia, Valentzia eta Balear Uharteetako tokiko eta eskualdeko komunikabideen elkarteekin batera landutako manifestua aurkeztu eta sinatu dute. Manifestuak tokiko eta eskualdeko komunikabideen erronkak azaldu eta eskaera zuzena egiten die Espainiako Estatuko administrazioei: toki komunikabideak kontuan hartu ditzatela hala publizitatearen planifikazioan nola diru-laguntza deialdiak diseinatzeko orduan.

Sei entitateek tokiko eta eskualdeko 347 komunikabide batzen ditu guztira, sei milioi eta erdi lagunengana iristen direnak, "euren errotze sozial handiaren erakusgarri". Denen artean, 1.296 ordainpeko langile eta 2.213 laguntzaile pilatzen dituzte, eta urtean ia 49 milioi euroko bolumen ekonomikoa osatzen dute.

Dokumentua sinatu duten hedabideetako ordezakriak, Getxon.

Honako hauek dira dokumentua sortu eta sinatu duten elkarteak:

  • Associació Catalana de Premsa Comarcal.
  • Associació de la Premsa Comarcal Valenciana.
  • Associació de Mitjans Digital de la Comunitat Valenciana.
  • Associació de Premsa Forana de Mallorca.
  • Associació de Premsa Local de Menorca.
  • TOKIKOM, Toki Komunikabideen Bateragunea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak