Aranzadi, Arizmendi eta Txantxiku ikastolak migrazio politiken gaineko lanketa egiten ari dira Irungo Harrera Sarea elkartearekin batera, eta datozen bi asteetarako zenbait ekintza antolatu dituzte. "Hain presente dagoen problematika" ikusarazi nahi dute ekintza hauekin: "Askotan, migrazio politiken gaia lantzeko urrutira joaten gara, baina hemen Bidasoako muga daukagu". Irungo Harrera Sarea 2018an sortu zen Irungo eta Hendaia bitarteko migratzaileen egoera dela-eta, "modu solidario batean". Auzotarrek antolatzen dituzte lantaldeak, elikagaiak, arropa, garbitasuna eta bestelako laguntzak eskaintzeko. Ikastolen "balioekin bat egiten" zutela ikusita, proposamena egin zieten Irungo Harrera Sareari, eta elkartekoek "oso pozik" hartu zuten.
Elkartasun ekintzak
Hilaren 18an, material bilketak egingo dituzte Arrasateko Seber Altube plazan, Bergarako Irala kalean eta Oñatin Txokolateixa ondoan, 11:00etatik 13:00ra bitartean. Eskuko telefonoak –ahal den heinean, kargagailua barne– eta mendiko oinetako, txamarra, praka eta motxilak jasoko dituzte. Ikasleen adinaren araberako lanketak egiten ari dira, baina, bereziki, DBHko ikasleengan jarri dute arreta. Gazteek Amets Arzallusen Miñan liburua irakurri dute, eta egilearekin solasaldia egingo dute hiru zentroetako ikasleek martxoaren 29an, 11:00etan, Seminarixoan. Ekitaldi "berezia" izango dela aurreratu dute, hiru ikaslek Arzallusekin batera hartuko baitute parte solasaldian.
Aste hauetako elkarlana biribiltzeko, ikasleek Irunera egingo dute irteera elkarteak egiten duen lana euren begiekin ikusi eta arropategia nahiz jantokia bezalako txokoak gertuagotik ikusteko. Aranzadiko DBH3-ko ikasleak, martxoaren 30ean joango dira.
Bestalde, Bergarako Aranzadi ikastolaren kasuan, LH6-ko ikasleek azoka solidarioa jartzeko lanketa berezia egin dute. Postua hilaren 30ean jarriko dute Seminarixoko patioan, 17:00etatik aurrera, modu horretan, herritarrek aukera izan dezaten Irungo Harrera Sarearen aldeko ekarpena diruz egiteko.