Oraingo denboraldian UDA futbol elkartea izan da etxeko zale talde batek izandako jarrera txarra publikoki salatu duen azken kluba, baina ez da izan adibide bakarra. Izan ere, Aloña Mendiko ohorezko gazte mailako taldeak zigortuta hasi zuen 2023a; urtarrilaren 8an etxean jokatu beharreko partidua etxetik kanpora jokatu behar izan zuten gazte txantxikuek. Izan ere, Azkoagain itxita egon zen astebetez, zale talde gazte bat epailea eta kontrarioak iraintzen ibili zelako. "Nekatu gara dagoeneko, jarrera horiek ez ditugu nahi Azkoagainen", adierazi zion orduan GOIENAri Javi Azpiazu presidenteak.
Futbolean soilik gertatzen da?
Gipuzkoako futbolaren bueltan lanean dihardutenek diote pandemia ostean areagotu egin direla jarrera horiek. Baina egia da, halako muturreko egoerara iritsi barik, partidu asko beroak izaten direla eta jendea errespetu gutxirekin ibiltzen dela, eta hori lehen ere gertatzen zen, eta ez futbolean soilik. Esaterako, duela aste batzuk Bergararen eta Arrasateren arteko infantil mailako eskubaloi partidu batean, gurasoen artean animoak komeni baino gehiago berotu ziren –GOIENAk gutuna jaso zuen partidu hartan gertatutakoarengatik–, eta Ointxe! saskibaloi taldeko zuzendaritza ere badabil gai horren gainean hausnartzen, Iturripeko harmailetan tarteka ere giroa berotu egiten delako. Alegia, gazte batzuen muturreko jarrera horiek futbolean dabiltza bistaratzen, baina arazoa ez dago soilik futbolean, hori baino orokorragoa da. Eta pandemia ondoren jarrera horiek gogortu egin direla nabarmendu dute.
Agurtzane Elkoro, UDAko presidentea:
"Arazoa ez dago futbolean, gizartearen arazo bat da"
"Aretxabaletan nekatu gara futbol zelaian jarrera eta jokabide konkretu batzuk ikusteaz, baina ez dugu uste arazoa futbolarena denik, eta bai gizartearena. Izan ere, halako jarrera duten pertsonak gaixorik dagoen gizarte baten isla dira. Gertatzen dena da futbolak gauza bat duela oso ona; alegia, jende asko batzeko gaitasuna daukala. Eta hor azaleratzen dira halakoak. Zoritxarrez, guk ez dakigu non dagoen konponbidea; bistan dago arazoetako bat dela jendea futbol profesionala ikustera joaten den jarrera berberarekin etortzen dela herri mailako partiduak ikustera; izan ere, denok dakigu Reale Arenako harmailetan, Bernabeun edota Nou Campen zelakoak entzuten diren, eta hor sortzen dira arazoak, zelai handi horietan entzuten diren irain eta errespetu faltak Ibarran ere entzuten direla".
"Guk klub moduan erabaki duguna da arazoa azaleratzea, eta ez dakigu zein den konponbidea, baina uste dugu soluzioa egon daitekeela sareak osatzen, gaia gizarteratzen eta arazo honi askoren artean heltzen. Ez da UDAren ardurapean dagoen gauza bat soilik; herri mailako eragile askok egon beharko lukete atzean, eta Udalak ere izan beharko luke zeresana. Bistan dagoena da klubak etengabe izun ekonomikoa jasotzearekin bakarrik ez direla gauzak konpontzen".
Jabi Azpiazu, Aloña Mendiko presidentea:
"Klubeko jokalari gazteei eskatu genien laguntzeko"
"Aloña Mendin, urte hasieran jardunaldi batez futbol zelaia itxita izan genuen, gazte mailakoen partiduetan zale kuadrilla batek izaten zuen jarrera txarrarengatik. Zorionez, egoera poliki-poliki baretzen joan da, eta, neurri handian, gure taldeko jokalariei zor diegu hori; izan ere, zuzendaritzatik jokalariei eskatu genien inplikatzeko eta euren adin tarte bereko lagun haiei futbol zelaira beste jarrera batekin etortzeko eskatzeko, edo, bestela, ez etortzeko. Horrenbestez, jokalariek euren lana egin izana ere garrantzitsua izan zen egoera baretzeko".
"Baina halako egoerek errepikatzen jarraitzen dute; UDAkoa jakin berri dugu, baina Elgoibarko klubak arazo berdintsuagatik ohar bat kaleratu berri du aste barruan, eta zelai askotan gertatzen dabilen zerbait da. Nik ez dut halakorik inoiz ikusi; izan ere, gauza bat da partidu bat berotzea eta beste bat partidu batera alkoholez betetako motxila batekin eta liskarrerako gogoz joatea. Baina gai delikatua izaten da, herri txikiak garelako eta denak ezagunak, eta salaketak jartzea ez delako soluzioa. Berriz diot, gurean arazoa konpontzeko jokalarien parte-hartzea oso garrantzitsua izan da".
Manu Diaz, Gipuzkoako futbol federazioko presidentea:
"Gipuzkoan protokolo bat ezarriko dugu bizpahiru astean"
"Lehenengo eskutik jakin dut Aretxabaletan gertatutakoa, eta uste dut halako egoerak puntualak direla baina egon badaudela, eta ez Aretxabaletan bakarrik: pandemia ostean futbol zelaiak izan ziren zabaldu ziren lehenengo aisialdi-guneak, eta gazte koadrila batzuek ohitura hori hartu dute; alegia, futbol partiduetara etortzen dira liskar bila, jendea iraintzera... Eta hori fenomeno berria da, pandemiaren ostean ikusi dugu lehenengoz. Lehen, egoten ziren partidu beroak, epailearekin haserreak, zaleen artean irainak... Baina orain, partidua hasi aurretik jada liskarrak sortzen hasten dira; ez datoz futbola ikustera".
"Gipuzkoako Federaziotik protokolo bat jarriko dugu abian; zirriborroarekin ari gara lanean eta bizpahiru astean martxan jartzea espero dugu. Badakit ez dela erraza izango, arazoaren muinera iristeko etxeetaraino sartu behar dugulako, baina saiatu egin behar dugu gaia bideratzen".
Oihane Agirre, Ointxe! kirol elkarteko presidentea
"Epaileekin elkarlana abiatuko dugu"
"Nik uste dut hemengo saskibaloian ez ditugula futbolean bizi izaten diren egoerak bizitzen, eta, seguruenik, hor eragina izango du elite mailan ere ez direla halako muturreko egoerak ikusten. Alegia, Baskoniaren partiduetan jendeak ez dituela halako jarrerak izaten. Baina horrek ez du kentzen saskibaloiko partidu batzuetan jendea komeni baino gehiago berotzen dela, eta gure harmailetan ere errespetu faltak entzun izan di - tugu, eta baita etxetik kanpora - ko partiduetan ere. Uste dut hor ere tokatzen zaigula autokritika egitea, eta Ointxe!-n horretan gabiltza, halako egoerak zelan apaldu hausnartzen gabiltza. Hori horrela, erabaki dugu eki - men bat abian jartzea, eta da epaileak gure talde nagusien entrenamenduetara gonbidatzea. Helburua da, batetik, hartu-ema - na estutzea, eta, bestetik, joka - lariek ikustea zeintzuk diren epaileek erabakiak hartzerakoan erabiltzen dituzten irizpideak, ze zailtasun izaten dituzten...".
Alain Anton, saskibaloi epailea:
"Liga amaieran urduriago jartzen da jendea"
"Gabonak arte jendea, gutxi gorabehera, lasai egoten da, eta, denboraldia aurrera doan neurrian, urteko helburuak geroago eta gertuago daudenez, jendea urduritzen hasten da, eta, ondorioz, partiduetan tentsioak gora egiten du. Alegia, goiko postuengatik borrokan zabiltzalako edo kategoria galtzeko arriskuan zaudelako, jendea urduritzen joaten da eta harmailetan giro beroagoa izaten da Gabon ostetik liga amaierara arte".
"Bestalde, ez dakit pandemiatik hona kantxetan jarrera txarragoak ikusten ote ditugun, horretaz ez naiz jabetu, baina bai ikusi dudana da geroago eta epaile gutxiago ditugula. Horrek esan nahi du epaileek lankarga handiagoa daukatela, asteburuetan partidu gehiago epaitu behar izaten dituztela, eta errendimenduan behera egiten duela epaileak. Eta ez da gauza bera lurralde mailako partiduak epaitzea edo goiko mailetan ibiltzea, eta egia da, baita ere, lurralde mailako epaileek formakuntza txikiagoa izaten dutela".
"Hori horrela, nik uste dut ba lioa eman behar zaiola epaileak egiten duen lanari; jakinda geroago eta epaile gutxiago daudela, zaindu egingo nituzke gehiago, bestela ez dago-eta saskiba loirik. Horrekin batera, ez dut uste saskibaloi partiduetan futbolean ikusten ditugun jarrerak ikusten ditugunik, baina egia da partidu batzuetan giroa asko berotzen dela. Eta hor, ezberdina da epaile moduan promozionatzeko lanean dabilen gazte batek izan dezakeen jarrera edo nik izan dezakedana. Alegia, 15-20 urte daramatzat epaile lanetan, ez dut inora promozionatzeko asmorik eta gustatzen zaidalako egiten dut lan hau, ez beharra gatik. Eta ez dut halakorik egin, baina partidua asko berotzen badabil ez daukat norgehiagoka bertan behera uzteko arazorik, askatasun eta esperientzia nahikoa daukat hori egiteko. Alegia, epaile gazte batek nekez hartuko duela halako neurri bat".
"Azkenik, epailea entrenamen duetara gonbidatzea ekimen positiboa da. Batetik, jokalarien eta epaileen artean harremana estutzeko, baina epaileek ere ikus dezagun talde horiek aste barruan ze lan egiten dabiltzan, eta kontziente izateko guk ere gure lana behar den moduan egin behar dugula".
Ane Herrero, Arrasate Eskubaloi Taldeko bozeramailea
"Taldeen arteko lehia ezin da muturrera eraman"
"Eskubaloian pandemia ostean ez dugu ikusi liskar kopurua hazi egin denik, guk ez ditugu halako muturreko egoerak ikusi. Baina ni bai konturatu naiz pandemia ostean gazte belaunaldi konkretu batzuen jarrera aldatu egin dela; konpromiso gutxiagoz ikusten ditut gazteak eta euretako batzuen jarrera ez da egokiena. Entrenamendura kale egin eta abisatu ez... Eta, gainera, ezin ezer esan...".
"Horren harira, egia da duela aste batzuk gure infantil mailako taldeak Bergaran jokatu zuen partiduan gurasoen animoak komeni baino gehiago berotu zirela, eta partidu haren bueltan gertatu zirenak ikusita klub moduan hausnarketa egin genuen; gurasoek ere euren partetik hausnarketa egin zuten. Autokritika egin genuen eta ondorio beretara iritsi ginen: alegia, kategoria txikietan ezin dela helburu nagusia bistatik kendu; hau da, gazteek eskubaloian jokatzen dutela ikasteko eta kirolaz gozatzeko, eta lehia ez dela garrantzitsuena, ezin dela edozein preziotan lehiatu".