Emakumeen indarrari eta lanari balioa emateko martxa, Aretxabaletatik Eskoriatzara

Imanol Beloki Unamuno 2023ko mar. 10a, 10:08

Aresko Emakumeen Martxako laugarren edizioak utzitako irudietako bat.

Domekan, Emakumeok bidea eraikiz lelopean, Aretxabaletatik Eskoriatzara egingo dute bidea, 12:00etan hasita, eta Ainara Urrutia eta Rosarito Oianguren izango dira Aresko Emakumeen Martxako bosgarren edizioan omenaldia jasoko dutenak.

Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioaz gain, Elbira dokumentalaren proiekzioa, literatur jardunaldiak, Aresko Emakumeen Martxa, herriko emakume sortzaileen lanen azoka eta askoz gehiago egongo dira martxoan, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan.

Olatu morea sortzeko asmoz

Domekan, esaterako, Aresko Emakume Martxaren bosgarren edizioa izango da. Aretxabaletako plazan hasiko da ekitaldia, 12:00etan, eta Eskoriatzara oinezko bidea egin ostean, Fernando Eskoriatza plazan izango dira zenbait ekitaldi. Egunerako izena emandakoen artean martxarako kamisetak banatuko dituzte lehenbizi, hala, olatu morea sortzeko asmoz. Aurtengo edizioa Aretxabaletan hasita, Ainara Urrutia mendi-lasterkaria omenduko dute lehenbizi, eta ohorezko aurreskua dantzatuko diote, besteak beste. Eskoriatzarainoko bidea egin, eta Rosarito Oiangurenek jasoko du ondoren aitortza. 13:00etan, berriz, azoka feminista egingo da, eta 14:30ean, zeresan handia izan duen saski erraldoiaren zozketatuko dute. 15:00etan, Zuk ekarri, zuk jan bazkaria egingo dute.

Omenduak izateko arrazoi ugari

ROSARITO OIANGUREN. Eskoriatzarra

1938an jaio zen Oianguren, Bolibar elizateko Altzarte baserrian. Hamar anaiarrebaren artean gazteena, bizitza osoa izan da etxekoandre, eta, horrekin batera zerbitzari gisa ere aritu da inguruko hainbat jatetxetan. Katekista ere izan zen, eta, haren etxekoek diotenez, irakasle izan nahi zuen, baina egoera oso desberdina zen 60ko hamarkadan. Yoga praktikatzen aritu zen Oianguren, 2021ean Aresko Emakumeen Martxan omendu zuten Lidia Garcia irakaslearekin, eta tai txia ere praktikatzen hasi zen. Istripu larri baten ondorioz pelbisa hautsi zuen, eta errehabilitazioa ondo eginez eta igerilekuan ordu dezente emanda errekuperatzea lortu zuen.

AINARA URRUTIA. Aretxabaletarra

41 urteko mendi lasterkaria euskal selekzioko kidea da, eta, gaztetatik kirolzalea izan arren, bi alabaren ama izan ondoren 2018 amaieran hasi zen lasterketetan parte hartzen. Gaur egun, Domusa Teknik Team izeneko proiektuan ari da, izen handia duten hainbat korrikalari bidelagun dituela. Lehiatzen hasi zenetik, sekulako emaitzak lortu ditu; honako hauek, adibidez: 2021ean, bigarren postua lortu zuen Euskadiko RFEA txapelketan; 2022an, EMF Kopako txapelduna izan zen eta Euskal Herriko txapeldunorde; eta 2023an, Espainiako RFEA Trail Running maratoi txapelketan hirugarren postuan sailkatu da, besteak beste. Hiru urtean lortutako palmaresagatik izango da omendua.

Saskia osatzeko babes izugarria

Saski feministaren zozketa domekan egingo dute 14:30ean, eta Eskoriatzan Feminismoa Bizirik taldeko kideak eskertuta agertu dira jaso duten laguntzarekin. "Aresko Emakume Martxa egunean kirol elkarteko kideak arduratu izan dira saskia zozketatzeaz, baina aurten guri eskatu digute antolatzeko eta, apurka-apurka, hasi gara zenbait gauza batzen. Herriko hainbat lekutan eskatzen hasi, eta 40 establezimendu edo norbanakorengandik jaso dugu materiala. Izugarria izan da: hotel baten gaua pasatzeko gonbidapena dago, Akeitan bi afari, dentistarenean ahoko garbiketa bat… Batzen duguna hitzaldiak edo formakuntzak egiteko erabiliko dugu". Txartelak Akeita, Inkernu, Naira, O'Dogerthy eta Urrestilla tabernetan, Ixkur eta MKM ile-apaindegietan eta Kuttuna estetika zentroan daude salgai.

Bestelako hitzorduak

Gaur, egubakoitza, 19:00etan, Elbira dokumentala proiektatuko dute Zaldibar antzokian, doan. Lanak Elbira Zipitria Irastortza irakasle zumaiarraren bizitza kontatzen du. Berdintasuna eraman zuen garaiko irakaskuntzara berdintasunaz hitz egin gabe.

Horrekin batera, martxoan zehar, astelehenetan eta egubakoitzetan, emakumeen kirol jarduera sustatzeko ekintza bereziak egingo dira Manuel Muñoz kiroldegian. Fitness gelak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko, maila guztietarako saioak eskainiko dituzte eta horretaz arduratuko da Elaitz Iregi eskoriatzarra. Astelehenetan 11:00etatik 13:00etara eta egubakoitzetan 18:00etatik 19:00etara izango da Iregi fitness gelak eskaintzen dituen aukerak irakasten. Interesdunek 943 71 53 28 telefono-zenbakira deitu dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak