Joanes Plazaola: "Gure miseria betikotzen dutenen aurka egin behar dugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mar. 10a, 09:30

Joanes Plazaola.

Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuko kide da Joanes Plazaola bergararra. Kolektiboaren ustez, onartezinak dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jaso ahal izateko ezarritako azken kontrol-neurriak. Duela pare bat hilabete eratutako Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuko batzarretan parte hartzera deitu du.

Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatutik egoeraren gaineko ze irakurketa egiten duzue?

Lan-modua aldatzen ari dela ikus dezakegu, robotizazioaren eta automatizazioaren ondorioz geroz eta langabezia handiagoa eta lanaldi askoz partzialagoak ditugula. DBEren erreformak horri erantzuten dio. Hau guztia  lanari eta enpresen beharrei lotuta dago, eta gaur egungo egoera horretara moldatu behar da. Miseriazko errenta sistemak baditu kontrol funtzioak, baina harago doa.

Langabeen biziraupena bermatu behar du, betiere miseria baldintzetan, hauek beharra dagoen momentuan lan merkatura integra daitezen. Lan elkarrizketa batera ere ezin da hutsik egin, beti lan bila ibili behar da, eta ezin da hamabost egunetik gora EAEtik atera. Ikusten da nola erreserban mantendu behar den jasotzailea, lana behar den momentuan hor egon dadin, lanik miserableena ere onartzeko prest. Gainera, bidea irekitzen du 100 -200 euroko lanak onartzeko, gero soldata hori DBErekin osatzeko aukera dagoelako. Azkenik, kontrolaren bidez denbora luzez lanetik kanpo egon daitekeen jendearen diziplinamendua egiten da; zigor eta baldintza gogorren bidez. Jendearen nahigabea baretzea ere bilatzen da laguntza hauen bidez.

Helburua zein da?

Aurrez esandako hori kontuan izanda, laguntza hauek orokortzen joango dira, lanean jasotzen ez diren diziplinamendu prozesu horiek emateko, eta langileak prest egon daitezen edozein momentutan lanik negargarriena ere hartzeko. Irizpideak malgutzen dituztenaren itxurapean, baina,  eskubiderik oinarrizkoenak ere urratzea normalizatzen da; intimitaterako eskubidea, etxebizitzaren bortxaezintasuna edota errugabetasun printzipioa. Dena aurrerakoitzat ditugun agente horien inolako aurkakotasunik gabe.

Bailarako datuak zeintzuk dira?

Ditugun datuak 2020koak dira, ordutik asko okertu da egoera, eta orduan bailarako pobreen %70ak ez zuen DBEra sarbiderik. Laguntza hauek ezer egin gabe bizitzeko aukera gisa saltzen duenik bada, baina errealitatea aurkakoa da. Lanik miserableenera lotzen zaituen miseriazko errentak dira, jasotzaileen artean %53ak ez zuen pobreziatik ateratzerik ere lortzen.

Salatu duzue, baita ere, 2022ko abenduaren 22an onartutako DBEren erreforma-legeak ilegala ziren praktikak legeztatu dituela. Ze praktika?

Salatu dugu alderdi politikoek lege berria aurrerapen gisa saldu izana, salatu ditugu Ertzaintzaren miaketak, Lanbideren poliziaren sorrera, zigorren areagotzea aipatu ere ez dutela egin... Ulertzen dugu enpresarien gaur egungo beharrei erantzutera datorrela lege berria, lanik izango ez duen hori miserian mantentzera, betiere lan partzial horiek egitera behartuta, bestela hilabete amaierara nekez helduko delako.

Kanpaina iragarri duzue eta autodefentsa sozialista antolatzeko beharra aldarrikatu duzue. Zein neurri hartzea proposatzen duzue?

Duela pare bat hilabete aurkeztu genuen Kontseilu Sozialistako Etxebizitza Sindikatua bailaran. Ulertzen dugu pixkanaka gure miseria betikotzen duten guztien aurka egin behar dugula; etxejabe handi edota bankuetatik hasita, etxejabe txiki eta erakunde publikoetara arte. Etxebizitzaren arloan antolatu beharra daukagu etxejabeen prezio igoeren, etxegabetzeen, kontratu aldaketen aurrean... Etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsalaren alde, hau da, sozialismoaren alde. 

DBEri kontrajarriz, uste dugu baldintzarik gabeko kalitatezko errenta unibertsalaren alde egin beharra daukagula, gaur egungo produkzio baldintzek pertsona izatearren soilik kalitatezko bizitza bat izateko aukera irekitzen dutelako.

Gehiago jakin nahi duenari Etxebizitza Sindikatuaren hurrengo asanbladara gerturatzeko deia egiten diogu. Gure sare sozialen bidez zabalduko dugu data: @kontseilua_Deba twitterren eta @kontseilua_debabailara instagramen. Bestela, esindikatua.debabailara@gmail.com helbidera idatzi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak