Zaintzarako eskubide kolektiboa ardatz, greba orokor baterako prozesuan da Mugimendu Feminista

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko mar. 8a, 11:54

Gaur egin du aurkezpena Mugimendu Feministak, Bilbon. Argazkia: Olatz Silva.

Zaintza negozio izateari uzteko nahia dute, eta horretarako lehen urratsa Martxoak 8 dela nabarmendu dute feministek gaur Bilbon eginiko aurkezpenean.

Bihartik aurrera ere, beraz, zaintzarako eskubidea izango da ardatz, Denon Bizitzak Erdigunean dinamikan. Erdigunean jarri nahi dute auzia, herriz herri jorratua izan dadin. Eta, horretarako, borroka "artikulatu bat" da planteamendua, aldarrikapen agenda bat sortzeko asmoz, "aliantzak eta proposamenak bateratzeko" nahia baitute herri mugimenduekin eta soziosindikalekin.

Azaldu baitute emakumeek hartu izan dutela zaintzaren pisua, eta hori ez dela "inoiz" lantzat aitortua izan. Horrez gainera, azpimarratu dute zainketa lanak "sexuatuak, arrazializatuak eta estratifikatuak" daudela, eta, egun, "indarkeria eta desberdintasunaren ardatz" direla andre langileentzat.

Are gehiago, zaintzaren garrantzia ukatu arren, feministek kritikatu dute zaintza lanen "merkantilizazioa eta pribatizazioa aspaldi bistaratu" zela, eta, gainera, "kapitalismo patriarkala" horren irabaziekin aberastu egin dela. Bada, horren erantzuletzat jo ditu patronalak eta interes ekonomikoen menpe dauden erakundeak. Horregatik, funtsezkotzat jo dute horri aurre egin eta zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egitea, pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak "baldintza duinetan eta konpromisotik" eman eta jaso ditzaten.

Data zehatzik gabe

Ez dute, ordea, greba orokorrerako datarik zehaztu, baina ez da martxoaren 8an izango. Haien arabera, "epe ertaineko prozesu bat" den heinean, indarrak artikulatu ostean egingo dute publiko noiz izango den: aurretiazko lana behar du, eta aurretik mobilizazioak ere egingo dira.

Gizonen rolari dagokionez, berriz, jakinarazi dute aurrerantzean eztabaidatuko dutela zein izango den eurena, uste baitute zaintza guztien afera dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak