Hedabideak, feminismotik

Miren Arregi Amasorrain 2023ko mar. 7a, 14:49

Feminismoa tokia egiten ari da hedabideetan azken urteetan, baina horrek ez du esan nahi begirada feminista behar bezala txertatu denik. Ikusgarritasuna, rolen berrikuspena eta ikuspegi feministaren zeharlerrotasuna dira hedabideen erronka.

Inork ez du zalantzan jartzen hedabideen eragina iritzi publikoan. Hitz egin behar den horren gai-zerrenda ezartzen dute, Agenda Setting-aren teoriak agerian uzten duenez, eta oso paper garrantzitsua jokatzen dute, iritzi sortzaile diren heinean. Feminismoa agenda sozialean tokia eginez doa azken urteotan eta hori, kalean bezala, hedabideetan ere islatu da. Baina, zein bilakaera izan dute hedabideek emakumearen presentziaren, ahalduntzearen eta diskurtso feministaren ikuspuntutik? Unescok lotura estua atzeman du emakumeen ahalduntzearen eta hedabideen garapenaren artean, eta garrantzitsu jotzen du genero-adierazle batzuk aztertzea; adibidez, informazioen eta iritzien egileen ingurukoak, baina, are esanguratsuagoa dena, edukietan irudikaturiko tratamendua, generoaren perspektiba edo ikuspegitik egindakoa ala halakorik kontuan hartu gabe sortua den ikustea. Horren harira, ikerlari eta gai feministetan aditu Maider Galardik azaldu duenez, "feminismoak tokia egin du hedabideetan azken urteetan, baina horrek ez du esan nahi begirada feminista behar bezala txertatu denik. Begirada hori bermatzea da erronka nagusietako bat, ikuspegi feminista daukan kazetaritza egitea". Izan ere, "kazetaritza, batik bat, maskulinizatua eta begirada androzentrikoa duen diziplina da oraindik eta hori ikusten da hedabide jeneralistetan: nola lantzen den indarkeria matxista, zein dagoen zutabeak idazten, zein adituri deitzen zaion, zer den azalean doan albistea", dio adituak.

Emakumeak albisteetan

Emakumeen informazioetan duten rol edo funtzioari dagokionez ere badaude nabarmendu beharrekoak. EHUko Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan Ikerketa Taldeak euskal hedabideetan emakumeek duten presentziaren gainean egindako ikerketan ondorioztatutakoaren arabera, kualifikaziorik gabeko iritziak eta esperientzia pertsonalak azaldu ohi dituzte emakumeek, gizonak dira informazioetako protagonista neurri handiago batean, aditu moduan ere gizonek dute presentziarik handiena eta unibertsitate edo arlo akademiko eta zientifikoetako aditu gisa gutxi azaltzen dira emakumeak. "Gero eta toki gehiagotan gaude hedabideetan, baina oraindik ez nahi genukeen tokietan", dio aditu Maider Galardik. "Askotan ez gaude albisteen protagonista gisa aditu moduan. Beste batzuetan biktima bezala bakarrik gaude, erasoei buruz behin eta berriz errepikatzen diren albiste alarmanteetan, esaterako. Ez gaude sail pisutsuak zuzentzen eta ezta kirol eremuetan ere", dio Galardik.

Hala ere, aurrera

Emakumeen ikusgaitasunari dagokionez, euskal hedabideetan agertzen den emakumeen kopurua 10 puntu altuagoa da nazioarte mailakoa baino; 15 puntu euskarazko hedabideen kasuan. "Esango nuke bi faktorek eragiten dutela hori", dio Galardik: "Lehena mugimendu feministak Euskal Herrian duen indarra da eta bigarrena, euskararen aldagaia. Lorea Agirreren eta Idurre Eskisabelen gogoetari jarraituta, bi zapalkuntza horien antzekotasunak ulertzen ditugu". Euskal hedabidegintza bereizten da gaian, beraz. "Hor dugu Berria, aspalditik gaiari buruzko gogoeta feminista egiten. Argia-k ere badu ikuspegi hori, Gara-n ere txertatzen dute, eta kazetari feministak daude denetan; seguru nago EITBn ere badaudela. Tokiko hedabideak ere ari dira formatzen, ikastaroak egiten, apustuak egiten...", nabarmendu du Maider Galardik. Genero ikuspegia txertatzeko apustua aspaldikoa da Berria-n, esaterako. "Egunkaria-ren garaitik dator", dio Berria-ko kazetari eta Berdintasun Batzordeko kide Itziar Ugartek: "Bai barruko funtzionamenduari lotuta eta baita kanpora begira ere. Begirada hori zorrozten joan gara formakuntza, espezializazioa eta ezagutza feministak lantzen joan garen heinean. Estilo liburuak berak ere jasotzen du Bereizkeriarik gabeko tratamendua lortzeko jarraibideak izeneko atala, eta 2013an, esaterako, indarkeria matxistaren mapa osatu genuen. Berria FM podcastak ere berariaz sortua da feminismoa lantzeko. Berria-k lortu du feminismoa euskaraz modu konplexuan lantzea, gure iruditeria sozial, kultural eta politikoak eraldatzea. Komunikabideok dugun arduraren kontzientzia handia dago", dio Ugartek.

Tokikoak ere martxan

Tokiko hedabideen bilakaera ere ukaezina da, alde horretatik. Esaterako, tokiko prentsan emakume iritzi-emaileen portzentajea handiagoa da Hego Euskal Herriko prentsarekin edo Kataluniako edo Espainiako prentsarekin alderatuta. Hain zuzen ere, Goienak 2015az geroztik neurtu egiten du emakumeen eta gizonen presentzia adierazleekin, eta Kudeaketa Planean ere jasota dago. "Bi mugarri aipatuko nituzke", dio Iban Arantzabalek, Goienako zuzendari nagusiak: "Batetik, Goiena. Estilo Liburua, 2007koa; eta, bestetik, Komunikazio Parekiderantz, Kazetariendako eskuliburua, 2015ekoa, Arantza Santestebanena. Azken hori, Arrasateko Udaleko Emakume Txokoarekin batera argitaratutakoa eta Goienako kazetariekin batera egindako lanketaren ondorioa". Horrez gain, gaiarekiko formakuntza ere etengabekoa da Goienako kazetarien artean, eta Berdintasun Batzordea izatea ere lagungarri da. Aurrera begirako erronkez galdetuta, Arantzabalek azaldu du "beti" dagoela zer hobetu. Azaldu duenez, "seguruen, kazetariondako, sexu abusuen gaineko gertaera edo albisteak ondo kontatzea da zeregin zailetako bat. Ausartzen naiz esatera kazetaritzan historian gai horiek ez direla behar den moduan kontatu".

Kazetaritzaren ekarpena

Argi dago hedabideak ari direla pixkanaka ikusgarritasunaren alde lanean, eta hori gure egunerokoan txertatzen, "baina oraindik asko falta da gaiari ikuspegi feministatik heltzeko", dio ikerlari Maider Galardik: "Kazetaritza eredu feministak ekarpena egin dezake emakumeak erdigunean kokatu gaitezen, bai etxe barruetan moldeak aldatuz, bai egiteko manerak birpentsatuz, eta baita iruditeria berriak sortuz ere. Azken finean, hori da kazetaritza. Ari gara, baina adi egon behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak