Feminismoa, zortzi emakume debagoiengarren ikuspuntutik

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mar. 7a, 16:00

Elgarresta, Arando, Iribecampos, Ipiña, Loron, Etxaniz, Loiti eta Lamariano.

Martxoaren 8aren bueltan, euskal gizarteak azken 10 urteetan feminismoan izan duen bilakaeraz galdetu die GOIENAk entitate eta profil askotariko bailarako zortzi emakumeri. Gizartea feministagoa da? Zertan igarri dute aldaketa? Zein alorretan egin beharko litzateke lan berdintasunean aurrerapausoak emateko?

 
Miren Elgarresta – Emakundeko zuzendaria

"Perspektiba izan behar dugu berdintasunaz ari garenean"

"Uste dut perspektiba izan behar dugula berdintasunaz ari garenean, eta, zalantzarik gabe, aurrerapauso handiak eman dira gizartearen sentsibilizazioan. Euskal gizartea sentsibilizatuago dago eta berdintasunaren aldeko eskaera handiagoa da. Ezin ahaztu berdintasunaren aurkako indarrak badaudela eta adi egon behar dugula. Alor guztiak dira inportanteak; parekotasunari dagokionez argi dago eremu publikoan pauso handiak eman direla, baina pribatuan asko dagoela egiteko".

Larraitz Arando – Mugimendu feministako kidea

"Aldaketa beharra dago gizartea parekideago izateko"

"Lehen, feminista sentitzen zirenak eta kontzientzia feminista zutenak bazeuden, baina ez zegoen hedatuta. Generoen inguruan dauden desoreka identifikatzea ahalbidetu du, eta neurriak hartzea eskubideak lortzeko. Badago zer egin. Gizartea antolatuta dagoen moduan, lanen arloan hierarkizazioa gertatzen da. Baloratzeke dauden lanak guk egiten ditugu; batik bat, zaintzari lotutakoak. Eta emakume etorkinei asko eragiten die. Aldaketa beharra dago gizartea parekideago izateko".

Maia Iribecampos – Itaiako kidea

"Beharrezkoa da burgesiaren gizarte antolaketa gainditzea"

"Zentzu komun feministagoaz hitz egin dezakegula uste dut. Agenda politikoan emakumeon problematikaren auzia mahai gaineratu da eta M8an kaleak hartu ditugu. Sare sozial modalitate berriek eta pornografiak hipersexualizaziora kondenatzen gaituzte, zaintza lanek gugan dihardute eta kolokazio enpresek negoziotzat garabiltzate. Genero zapalkuntza amaitzeko, beharrezkoa dugu klase burgesaren interesei soilik erantzuten dien gizarte antolaketa gainditzea".

Nagore Ipiña – MU-ko Huhezi fakultateko dekanoa

"Urratsak egiteko, gure burua zalantzan jarri behar dugu"

"Aldaketa gertatu bada ere, etengabe jarri behar dugu gizarte bezala geure burua zalantzan urratsak egin nahi baditugu; politika orokorretik hasita eguneroko detaileetara. Kontzientzia mailan, ahalduntzean, babes feministan eta ahizpatasun estrategietan gertatu da aldaketa esanguratsuena. Emakumeen ahotsa entzutea eta errespetatzea, erabakimen espazioetan dauden emakumeen presentzia areagotzea eta berdintasunean oinarritutako hezkuntzaren aldeko apustu irmoa egitea".

Nerea Loron 'La Furia' – Abeslaria

"Zeharkakoa da feminismoa, eta hala izan behar du"

"Gehiengoarentzat duela 10 urte gaizki ikusia zegoena orain gutxiengo batentzat baino ez dago. Honek aurrerapena erakusten du eta itzalak ere baditu. Adibidez, orain, guay izateko feministatzat jo behar da norbere burua; izatea beste kontu bat da. Perbertsio bat dago norbere burua feministatzat jo eta kontrako praktikak izatean. Zeharkakoa da feminismoa, eta izan behar du. Horrela ulertzen ez bada, aldaketak ezin izango dira egiturazkoak izan eta ez da eraldaketa sakonik izango".

Pilar Etxaniz – Pentsioduna

"Emakumeek orain gehiago baloratzen dute euren burua"

"Arlo sozialean gehiago parte hartzen dute elkarte edo talde ezberdinetan. Gizartearen aldaketak onartzeko ahalegina egiten dute: LGTBI+; euren burua eta eskubideak emakumeek gehiago baloratzen dituzte. Arrakala gainditzeko lanpostu feminizatuak birbaloratu eta soldatak parekatu, gizartearen ongizatean zaintzaren garrantzia ikusarazi, gizonak berdintasunean inplikatu eta maskulinitate eredu berriak bistaratu beharko lirateke. Beharrezkoa komunikabideen konpromisoa sustapenerako".

Karmele Loiti – Etxez etxeko langilea

"Asko falta zaigu berdintasunera iristeko"

"Mugimendu feminista duela 10 urte baino gogorragoa da. Simone de Beauvoir-ek zioen bezala, krisi eta une txarretan emakumeok ez diogu borrokatzeari utzi behar, kapitalismoak beti egingo baitu mugimendu feministaren kontra. Berdintasunetik urrun gaude. Patriarkatu eta kapitalismoak jartzen ditu oinarriak; ekoizpena, adibidez. Euren ustez, emakumeok ez dugu produzitzen. Goiko postuetan gizonak daude. Azkenean, emakumeok zaintza eta etxeko lanetan jarraitzen dugu".

Janire Lamariano – UNED-Bergara Zientzia koordinatzailea

"Emakume zientzialariak ikusezin izateari utzi dio"

"Naturaltasun handiagoa dago emakumeen presentziarekin; izan ere, askok nahi baino presio eta epaiketa gehiago bizi izan zituen. Bestetik, emakume zientzialariak ikusezin izateari utzi dio. Antzina egondako emakumeak zientzian izandako garrantzia ikasi, egungoak baloratu eta etorkizunekoak animatzen ditugu orain. Zaintzak heltzen direnean emakume askok laborategia utzi eta etxeko amantala jartzen dute. Legeak eta borondatea falta benetako berdintasunera heltzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak