Debagoieneko enpresek berrikuntzarako kasu praktikoak ezagutu ahalko dituzte

Hasier Larrea 2023ko mar. 5a, 13:29

Langileak Mondragon Assembly-n; instalazio horiek eta Lanbide Eskolakoak bisitatuko dituzte jardunaldian.

Eskualdeko enpresa txiki eta ertainetako kideek berrikuntza-gaitasunak indartzeko jardunaldian parte hartzera gonbidatu dituzte Enpresarek, Mankomunitateak eta Innobasquek. Topaketa martxoaren 16ko arratsaldean izango da, Aretxabaletako Lanbide Eskolan.

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak aholkularitza, laguntza, prestakuntza, bazkideen bilaketa eta informazioa eskaintzen dizkie euskal enpresei, errazago sar daitezen berrikuntza eta ikerketa-proiektuak finantzatzeko Europako Batzordearen funtsetan. Ildo horretan, Berritzen laguntzeko zerbitzuen aurkezpen jardunaldia egingo dute Aretxabaletako Lanbide Eskolan, 15:00etatik 17:00etara, Debagoieneko Mankomunitatearen eta Enpresareren –Bergarako eta inguruko industria ehuna sustatzeko elkartea– arteko elkarlana lagun.

Jardunaldia "eskualdeko enpresen berrikuntza-gaitasunak indartzeko" dago bideratuta. Bertan parte hartzeko, Innobasqueren webgunean eman daiteke izena. Innobasqueko proiektu-arduradunen eskutik berrikuntza metodoetan sakonduko dute bailarako enpresetako kideek, gakoak emango baitizkiete enpresa bakoitzaren berrikuntza-mailaren diagnostikoa egiteko, erronka zein aukera-eremuak atzemateko eta lehiakortasuna hobetzeko, eskuragarri dauzkaten tresna zein eragileen mapa aurkeztuta. Debagoieneko lau enpresen kasu praktikoak ezagutzeko aukera ere egongo da. Kasu inspiratzaile horietako bat, Mondragon Assembly, bertatik bertara ezagutzeko parada ere izango dute ekitaldiaren amaieran.

BERRIKUNTZAREN ARLOAN EGIN DUTENA AZALDUKO DUTE BAILARAKO LAU ENPRESAK

Topaketa hasi aurretik, ordu erdiko tartean, Aretxabaletako Lanbide Eskolako instalazioak erakutsiko ditu hezkuntza-zentroko zuzendari den Joseba Beristainek. Jardunaldiaren aurkezpena Juan Bautista Ayerbek egingo du, Enpresareko zuzendari exekutiboak. Ondorengo 45 minutuetan Nola kudeatu zure ETEaren berrikuntza: autodiagnostikoa, metodologiak eta laguntza-konponbideak izeneko hitzaldia egingo dute Innobasqueko Uribarri Goikuriak eta Olga Gomezek eta AFM Cluster For Advanced And Digital Manufacturing-eko Jon Arreguik.

Gertuko kasuak

Hurrengo gaiaren helburua Debagoieneko ETEen berrikuntza kasu praktikoak ezagutzea izango da. Lazpiurko zuzendari nagusi Ander Aramburuk, Metagrako Finantza zuzendari Javier Ibarrak, Mondragon Assemblyko Ikerketa eta Garapen arloko zuzendari Jean-Philippe Aguerrek eta Industrias Ugatuko zuzendari nagusi Amaia Ugaldek egingo dute berba. Bukatzeko, Oihana Agirrek, Mankomunitateko Enpresa eta Energia teknikariak, hurrengo urratsak zehaztuko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak