Bailarako bi erakunde Landaola sarietan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mar. 3a, 09:10

Zubillaga-Oñati hiltzegia. (Argazkia: Landaola Federazioa).

VI. Landaola sariak banatuko dituzte gaur eguerdian Berastegin, eta Ereindajan Bergara da erakunde pribatuaren arloko sarietako hautagaietako bat; Zubillaga-Oñati hiltegia, berriz, erakunde publikoaren kategoriako hautagai.

Landaola federazioak VI. Landaola sariak banatuko ditu gaur, eguerdiko hamabietan, Berastegiko Udalean. Guztira, lau kategoriatan banatuko dituzte sariak eta horietako bitan Debagoieneko bi enpresa dira hautagai: erakunde pribatuetan Bergarako Ereindajan eta erakunde publikoetan, berriz, Zubillaga-Oñati Hiltegia. Bi entitateetako ordezkariek poz handiz hartu dute berria, halako sariekin eurek egindako lanari aitortza egiten zaiela irizten baitiote. Halaber, Emakumeak Landa Eremuan saria eta Urteetako Ibilbidearen saria egunean bertan jakinaraziko dituztela adierazi du Landaolak.

Landaola Gipuzkoako landa-eremuaren garapenaren alde lan egiten duen irabazi asmorik gabeko elkartea da. Sei landa garapen elkartek osatzen dute eta tartean da Deba-Garaia. Mahai horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Landa Garapen ordezkariak ere badaude. Sarien helburua da landa garapen proiektuak errekonozitzea.

Nekazari-eredu agroekologikoa

Ereindajanek nekazari-eredu agroekologikoa bultzatzea du helburu. Aurreko urteko sari banaketan egon zirela aitortu dute, Elgetako eskolarekin egiten baitute Hamaiketako osasuntsua ekimena. Angiozarko Eskola Txikiko jangelan tokiko eta sasoiko menuak eskaintzeko lanketa egin dute; baita Mariaren Lagundia eta Aranzadi ikastetxeetan ikas bidaiarako otarreen proiektua garatu ere. Elkartearen ustez, azken horiek hartu dituzte kontuan hautagaitza proposatzeko.

Ekoizleekin gertuko harremana

1983an sortu zen Zubillaga-Oñati hiltegia eta Debagoieneko bederatzi herriek eta Zumarragak, Urretxuk eta Legazpik bultzatutako zerbitzu-enpresa publikoa da. Azaldu dutenez, "apenas" ez dago halako zerbitzu publikorik. Ondorioz, hautagaitzarekin eskertuta agertu dira. Adierazi dute gertuko harremana dutela baserritarrekin eta abeltzainekin, eta euren zerbitzua beharrezkoa dela "bertako ekoizleen produkzio txikia aurrera ateratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak