Martxan da 'Galdegazte'-ren bederatzigarren edizioa

Aitor Agiriano Arrese 2023ko mar. 2a, 08:00

Bederatzigarren Galdegazte programako lehgenengo saioa amaitu osteko talde argazkia.

Gaur, eguena hasiko da Galdegazte saioaren bederatzigarren denboraldia. Beste urte batez Debagoieneko hamar ikastetxeetako 14 eta 18 urte bitarteko ikasleak kazetari lanetan arituko dira gonbidatuak elkarrizketatzen. Saio bakoitzean hirukote batek izango du horretarako ardura, eta edizio berriko berrikuntza nagusia aurkezle aldaketa da. Jokin Bereziartuaren lekukoa hartu du Imanol Belokik eta bera izango da saioaren gidaria.

Lehenengo saioan, Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxekoek Ainize Lizarralde, El Conquistador del Caribe saioko iazko txapelduna elkarrizketatuko dute. Ikasleek galderak sortu eta banatu dituzte, eta, saioa osatzeko elkarrizketatuaren gertukoen bideo-mezuak grabatu edo lortu dituzte gonbidatuarentzat sorpresa moduan.

Platoan Alazne Suinaga, Elene Diaz eta Xabier Igartua arituko dira galderak egiten, eta errealizazioan, kontrol-gelan, saioa jarraitzen arituko dira Axell Ponce, Ariane Martinez eta Eneko Gurrutxaga. Gaur, 21:30ean eta 23:30ean izango da saioa ikusgai Goiena telebistan. [Lehenengo saioa]

Nerabeak euskarazko hedabideetara gerturatzen

Galdegazte, Debagoieneko DBH 3. eta 4. mailako, eta Batxilergoko lehen mailako gazteei zuzendutako komunikazio proiektua da. Oraingoa, 2022-2023 ikasturtekoa, bederatzigarren edizioa izango da. Eskualdeko hamar ikastetxeren eta Goiena Komunikazio Taldearen arteko elkarlan proiektua da Galdegazte, Debagoieneko Mankomunitatearen, eta udaletako euskara zerbitzuen laguntzaz antolatzen dena. Gazteendako propio sortutako eta gazteekin landutako egitasmoa da, haien sormena eta autonomia sustatzeko. Gazteak euskarazko hedabideetara erakartzeko helburua du.  

Egitasmoaren hiru faseak

Urtarrileko formakuntza-saioekin ekin zaio aurtengo Galdegazte saioari. Imanol Beloki hurbildu da proiektuan parte hartuko duten eskualdeko ikastetxeetara. Eta bertan, ordubete inguruko aurkezpen-saio bat egin du. Horretan azalduko zien ikasleei zer den Galdegazte, zer den Goiena Komunikazio Taldea, zer den kazetaritza eta komunikazioa, nola egiten den kazetaritza, nola komunikatzen den gaur egun, sare sozialen garrantzia, grabaketetan kontuan hartu beharrekoa…

Aranzadi ikastetxekoei eskainitako formakuntza-saioan.

Gaztelupe ikastetxekoei emandako formazio-saioan.

Oñati BHI-koei eskainitako formazio-saioan.

Formakuntzen ostean, hau da, behin ikastetxeetako aurkezpen saioak amaituta, ikastetxe bakoitzak aukeratuko ditu telebistako saioan parte hartuko duen ikasleen seikotea –hiru platoan aritzeko eta beste hiru kontrol gelan–. Horrekin batera, elkarrizketatu posibleak zerrendatu dituzte; hiru izen proposatu dituzte, eta lagungarri gisa, Debagoieneko pertsona ezagunen zerrenda osatu du Goienak. Behin horiek aukeratuta, gidoia prestatzeko eta Goienako egoitza bisitatzeko eta bertan egiten dena bertatik-bertara ezagutzeko hitzordua egin da.

Almen-Arizmendi ikastetxeko ikasleekin gidoia prestatzen.

Urrats horiek emanda, grabaketak hasi dira, eta, guztira, hamar saio izango dira ikusgai. Gaurtik hasita, eguenetan, 21:30ean eta 23:30ean Goiena telebistan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak