Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik lehen urtea bete da gaur, eta oraindik gerra hotsak entzuten dira lurraldeko txoko askotan. Ez dirudi egoerak baretzeko bidea hartuko duenik epe motzean; Vladimir Putin Errusiako presidenteak nuklearren aurkako akordioa eten egingo duela iragarri du, eta AEBetako Gobernuak zein Europar Batasunak Ukrainako armadari armak emango dizkiotela aurreratu dute.
Debagoienean ukrainarren aldeko elkartasun keinuak nagusituko dira egunean zehar. Esaterako, Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak, dei egin die euskal udalei 12:00etan bost minutuko elkarretaratze isila egiteko, udaletxearen edo udalerri bakoitzeko ohiko lekuaren aurrean, gerrako biktimen, desplazatutako pertsonen eta Ukrainako herri osoaren alde.
YULA KREKOTEN OÑATIN BIZI DA
"Etorkizuna Oñatin irudikatzen dut orain; oso ondo gaude"
Babes hori lehen unetik igarri zuten Tania Oblomskak eta Yula Krekoten ama-alabek. Kieven bizi ziren, eta gerra hasi bezain pronto jaso zituzten oñatiar ezagunen mezuak, Krekotenek uda askoan egin baititu egonaldiak hemengo familia baten etxean.
Dioenez, horixe izan da urte "luze eta gogor" honen alderik pozgarriena, eta oso eskertuta agertu da laguntza eskaini dieten guztiekin: "Ez genuen zalantzarik izan 2022ko martxo hasieran 9 urteko anaiarekin batera hona etortzerakoan. Oñatin alokairuko etxe batean bizi gara hirurok, eta amak eta biok Pakeleku jubilatuen elkartean egiten dugu lan: hark sukaldari eta nik zerbitzari". Dioenez, erraztasunak besterik ez dute jaso Oñatira heldu zirenetik. "Segituan hasi nintzen taberna batean lanean, eta, Pakelekuko lan eskaintza ikustean, amak ere lan egiteko aukera ikusi nuen. Zorionez, biok hartu gaituzte, eta gurekin batera gerratik ihesi etorri den beste ukrainar bat ere badabil".
Inbasioaren aurretik Krekotenek sukaldari egiten zuen lan eskola batean eta haren ama irakaslea zen beste ikastetxe batean. Eskola haien gaur egungo egoeraz galdetuta, gehienak itxita daudela aipatu du: "Nik lan egiten nuen eskolan modu digitalean ari dira ikasgaiak ematen; haur gehienek gurasoekin egin dute alde, eta batzuk geratu dira Kieven, baina asko ez dira etxetik irteten; familia bakoitzak erabakitzen du hori". Izan ere, errusiarrek eraso egiten duten aldiro alarmak pizten dira Ukrainako hiriburuan, bunkerretan gordetzeko abisu moduan: "Lagun batekin ari nintzen hizketan telefonoz, eta naturaltasunez esan zidan bunkerrean ezkutatzeko ordua zutela. Normalegi esan zidan, ohituta baleude bezala; ez luke hala izan beharko".
Aita eta haren aldeko familia Ukrainan daude, ahizpa zaharra Europan, baina ama-alabak ez dira hara itzuliko, ez daukatelako nora joan: "Gure etxea suntsituta dago; horrenbestez, uste dugu Oñatin geratuko garela aurrerantzean, hemen oso ondo baikaude".
TANYA SKYBIUK ARETXABALETAN BIZI DA
"Hemengo hizkuntzak ari naiz ikasten, bertan lan egiteko"
Aretxabaleta du bizitoki joan den martxoa ezkero Tanya Skybiuk-ek. Hura ere Kievekoa da, eta 5 urteko alabarekin egin zuen ihes, Poloniatik igarota. Lagun batek pasatako kontaktu baten bidez lortu zuen autoz Europa osoa gurutzatzea.
Ez zuen Aretxabaleta aurrez ezagutzen, baina bertako familia batek etxea utzi zien ama-alabei: "Hasieran uste genuen asko jota pare bat hilabeteko kontua izango zela, baina jada pasa dira hamaika hilabete. Oso jende jatorrarekin egin dugu topo hemen, lagunak egin ditugu; zorte oneko sentitzen gara". Euskara eta gaztelera ikasten ari da iraila ezkero, hizkuntzak menperatu orduko lanean hasteko helburuarekin, ekonomialaria da eta. Alaba, berriz, eskolara joaten da, eta hura ere badabil euskara ikasten.
Gerrako lehen egunak "beldurtuta" pasa zituzten, "lorik egin gabe, elikagai apurrekin". Senarrak Ukrainan segitzen du, "orain seguruagoa den hirian", eta espero du gatazka bukatzen denean bat egingo dutela, baina ez daki non: "Onena litzateke hura hona etortzea, gure herrialdea egoera okerrean egongo baita".
OLEKSANDR RUSETSKYI GIRONAN DAGO
"Ukrainan ez dago soldadu faltarik, arma falta baizik"
Chernobilen Lagunak elkartearen bitartez uda ugari pasa ditu Oñatin umetan Oleksandr Rusetskyik, 2012tik 2016ra arte. Gabonetan berriz itzuli zen Oñatira, eta "sekulako poza" hartu zuten, bai hark eta baita haren harrera-familiak ere. Gaur egun, Gironako Ripoll herrian bizi da: "Gerra hasi aurretik, nire lagun bat hara joan zen lanera eta aipatu zidan niri tokia egingo zidala, nahi izanez gero. Ez nuen bitan pentsatu”.
Rusetskyik-ek Kieven egiten zuen lan, lokutorio batean. Lehen leherketetatik ihesi mendebaldeko mendietara jo zuen, baina kezkatuta zegoen haren gurasoen egoeraz: "Herri txiki batean bizi dira eta ezin nuen haiekin kontaktatu, ez nekien bizirik ote zeuden. Errusiako militarrek lehen egunetan okupatu zuten herria, eta ur, argindar eta estaldurarik gabe utzi. Pertsona batzuk akabatu zituzten".
Okupazioak apirilera arte iraun zuen; Ukrainako soldaduak sartu ziren herrian eta orduan izan zuen familiaren berri: "Eskerrak bizirik zeuden".
Ukrainatik heltzen diren albisteak ez dira "beti onak". Egunero dago kontaktuan gurasoekin, "baina, azkenean, inork ez daki bihar non lehertuko diren bonbak". Gaur egungo egoerari ziurgabetasunez begiratzen dio hark: "Inork ez daki gerra noiz bukatuko den. Zain gaude AEBetako armak noiz iritsiko; badirudi laster izango dela. Izan ere, Ukrainak ez ditu soldaduak behar, jende asko dago frontera joateko zain; alegia, armak falta dira".
RUSLAN LATYNSKIY KIEVEN BIZI DA
"Nire etxe alboko leherketa baten ondorioz pasa dut beldur handien"
Ruslan Latynskiy-ren kasua bestelakoa da. Uda ugari Oñatin igarotakoa den mutila ez da Ukrainatik mugitu, Kiev hiriburuan jarraitzen du, AEBetako logistika-enpresa batentzako lanean, eta, esan duenez, ez dauka alde egiteko asmorik: "18 eta 61 urte arteko gizonezkoei ez digute ihes egiten uzten, baina nik neuk ere ez dut nahi". Gainera, gerrarako deitzen badiote, "prest" dagoela aipatu du: "Milioi bat ukrainar gazte daude soldadu borrokatzeko itxarote-zerrendan".
Latynskiyren hiru lagun hil dira gatazkaren ondorioz, eta badauzka bospasei lagun Donetsk inguruan "egoera txarrean". Haren esanetan, inguru hori da gaur egun eraso gehien jasotzen dituen eremua, baina bertako herritarrek baimenduta daukate kanpora irtetea: "Duela astebete, Donetskeko lagun batek bisitatu gintuen Kieven".
Gaur egun, Ukrainako hiriburuan jendea hilabete batzuk lehenago baino lasaiago dabilela adierazi du, nahiz eta oraindik bunkerrean gordetzeko alarmak entzuten diren. Hura, ordea, etxean gordetzen da: "Bunkerretan usain txarra egoten da eta jasanezina da". Beldurrik handiena duela sei hilabete pasa zuen, haren etxetik 200 metro ingurura lehergailu bat erori zenean –goiko argazkian ikusten da nola geratu zen eraikina–.
"Hilero" dauka Oñatiko harrera-familiarekin harremana bideo-deien bitartez. Gerrak beste "bi edo hiru" urte iraungo duela uste du: "Ukrainako presidenteak esan baitu lurralde guztiak berreskuratu arte borrokatuko garela".