Eskularruak janzteko ordua da

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 24a, 14:57

Ezkerretik hasita Xabi Zugasti (Aretxabaleta), Josu Zalakain (Bergara), Andoni Kortabarria (Bergara) eta Yassine Bouchar (Arrasate).

Zapatuan boxeo jaialdia egingo dute Uarkapen, 18:00etan. Antolatzaileak pozik daude sarreren salmentarekin: dagoeneko 300 saldu dituzte eta bihar ere egongo da erosteko aukera. Ibarreko lau boxeolariak gertu daude ikuskizuna emateko.

Ixa Rodriguez boxeo-entrenatzaile eta txapelketako antolatzaileari luzea egin behar zaio astea: "Sekulako boxeo gogoz nago, zapatua iristeko deseatzen. Eskualdeko lau boxeolariek lan oso ona egin dute hitzordua prestatzen eta, gainera, sarreren salmentarekin ere pozik gaude: dagoeneko 300 saldu ditugu eta zapatuan 17:30erako Uarkapeko leihatilak zabalduko ditugu".

Izan ere, Xabi Zugastik, Josu Zalakainek, Yassine Boucharek eta Andoni Kortabarriak gogor egin dute lan biharko hitzordua prestatzen. Eta, bereziki, hitzordura dagokien pisuan iristeko azken ahalegina egingo dute egunotan. "Zorionez, lehenago egin ditugu etxeko lanak, baina egun hauetan fintzen jarraitu behar dugu, egunean bertan pisuarekin arazorik ez izateko. Eta bai, azken detaileak zorroztea izango da azken egun hauetan egingo duguna", dio Zalakainek. Hain justu, Zugastik garbi dauka ondo entrenatu gabe ideia txarra dela ringera sartzea: "Gauza txarra da hori; hobe da ondo prestatuta joan. Azken batean, ondo entrenatuta bazaude zailagoa da min hartzea. Kontaktuzko kirola da, kolpeak egoten dira, baina, gauzak ondo eginda, ez dago zertan min hartu".

Debuta egina dute laurek

Zalakainek uztailean egin zuen debuta, non eta etxean bertan, Bergaran antolatu zuten jaialdian: "Lehenago, Kortabarriak eta biok eginda geneukan elkarren kontra borrokaldi bat, baina, tira, debuta esango genuke Bergaran izan zela, bai. Gainera, nire urtebetetzea izan zen eta irabazi egin nuen; horrenbestez, egun borobila izan zen".

Hala, Debagoieneko lau boxeolariek dagoeneko badakite ringera igotzea zer den. Kortabarriak, esaterako, hainbat borrokaldi egin ditu, baina hark ere gogoan du Bergarako jaialdia oso berezia izan zela eta nabarmendu du etxean lehiatzea ez dela erraza. "Pentsa, Beñat Rezusta etxeko frontoian ez bada ondo moldatzen... zer esango dugu besteok etxekoen aurrean borrokatzen garenean!", dio, txantxetan. "Baina bai, sekulako tentsioa igarri nuen Bergarako jaialdian, erabat hustuta amaitu nuen; eta oraingoa ere antzerakoa izango da, lagun asko izango ditugu-eta harmailetan animatzen, ezagun asko...".

Boxeo jaialdia 18:00etan izango da, baina ikuskizuna lehenago hasiko dute, 15:00etan Iluntz tabernan egingo duten pisaketan: "Normalean, pisaketak diskretu samarrak izaten dira, baina guri hasieratik gustatzen zaigu ikuskizuna ematea. Horrenbestez, galtzontzilloak jantziko ditugu, lotsa apur bat ere pasako dugu eta show-a hasiko dugu [Barreak]". Guztira, hamar borrokaldi egongo dira eta hasierakoak Gipuzkoako Txapelketa barrukoak izango dira: "Esaterako, Josu Zalakainen eta Yassine Boucharren borrokaldiak. Josu 19:00 aldera igoko da ringera eta Yassine, berriz, 19:30 inguruan. Borrokaldi bakoitzak 15 minutu iraungo du, gehienez; horrenbestez, jaialdiak bi ordu eta erdi iraungo du, gutxi gorabehera. Eta gero etorriko dira beste borrokaldiak. Xabik 20:00 aldera izango du eta Kortak, aldiz, 20:15 inguruan".

Geroago eta zale gehiago

Lau lagun horiei boxeoaren harra barruraino sartu zaie, Boucharrek nabarmendu duenez: "Pandemia ostean hasi nintzen entrenatzen, baina oso serio hartu nuen eta gogorik ez nuenean ere entrenatzera etortzen nintzen. Bi urte hauetan gogor jardun dut eta oso gustura nabil. Izan ere, boxeoa kirol jarduera zorrotza da, eta osoa. Hau da, sasoi onean egon behar duzu, etengabe mugitzen ari zarelako". Noski, ez da gauza bera boxeo entrenamenduak egitea edo borrokatzera animatzea. Hala, Kortabarriak kontrarioari izaten zaion errespetua nabarmendu du: "Badakizu zure aurrean dagoenak zuk besteko lana egin duela honaino iristeko, eta horrek errespetua merezi du. Baina kirol jarduera moduan ere hartzen dute askok; lagun-talde bat gara hemen".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak