Tradiziotik abiatu eta garai berrietara egokitu da karapaixoa

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko ots. 24a, 09:29

Naiara Uriarte eta Xabi Abasolo, Errastiko Ogiako arduradunak.

Eguaztenean hasi zen garizuma eta Pazko-domekara arte iraungo du. Garizuma garaia karapaixo garaia ere bada; bada, tradizioa dena garai berrietara ere egokitu da. Txorizoaz eta arrautzaz gain, txokolatea, sagarra eta datilak ere izaten dituzte.

Garizuma garaia Hausterre egunetik Pazko-domekara bitartekoa izaten da; eta, hain zuzen, Hausterre eguna Inauteri jaien amaiera ere bada. Garizuma karapaixo garaia da Debagoienean; batez ere, Leintz bailaran eta Oñatin mantentzen den ohitura da. Aita eta ama pontekoek euren besoetakoari egiten dioten opil berezia da karapaixoa. Bada, dagoeneko hasi dira horiek egiten eta oparitzen.

Udaberriari ongietorria

Adituek diote erromanizazioa baino lehenagoko ohitura dela karapaixoa edo garapaioa. Udaberriari ongietorria egiteko egiten zen: eta horretarako erabiltzen zen ogia, emankortasuna adierazteko, eta arrautzak, bizitza berria adierazteko. Horrez gain, txorizoa ere jartzen da: hiruki forma izaten du karapaixoak, ertz bakoitzean arrautza jartzen zaio eta erdian txorizoa.

Gaziak eta gozoak

Gaur egun, karapaixo gaziak bakarrik ez dira egiten, eskualdeko gozotegietan karapaixo gozoak ere egiten dituzte. Horiek txokolatezko arrautzak izaten dituzte, eta almendrak edo gozokiak. Arrasateko Errastiko Ogia okindegian orain dela hiru urte hasi ziren karapaixoak egiten. "Oraindik ere badago ohitura besoetakoei karapaixoa oparitzeko", azaldu du okindegiko arduradun Naiara Uriartek. Euren kasuan, aukera berrietara zabaltzea erabaki zuten. Txorizoarekin eta arrautzarekin egindako karapaixoaz gain, karapaixo beganoak eta begetalak ere egiten dituzte. "Beganoen kasuan, datilak eta sagarrak erabiltzen ditugu; eta begetalen kasuan, arrautzak, datilak eta sagarrak erabiltzen ditugu", azaldu du Uriartek. Garai berrietara egokitu eta elikadura ohitura guztietara egokitutako opil bereziak egiten dituzte.

Oñatiko Aiastui okindegian ere badabiltza karapaixoarekin: "Badago, bai, besoetakoari karapaixoa oparitzeko ohitura. Urtearen arabera izaten da, baina 80 bat karapaixo egin izan ditugu". Txorizoz eta arrautzaz beteriko karapaixoak egiten dituzte Aiastuin. Ogizun okindegian ere egiten dituzte, enkarguz: "San Blas opila bukatu berri dugu eta orain karapaixoarekin hasiko gara. Gozoak ere egiten ditugu, gero eta gehiago. Gehien saltzen dugu Oñati aldean, eta Elgetan eta Angiozarren baita".

Arrasaten, esaterako, hileko hirugarren zapatuan egiten den bertako produktuen azokan, martxoan, karapaixoa izaten da azokako protagonista nagusia. Aurten, martxoaren 18an izango da, eta karapaixoaren salmenta eta tailerra egingo dute, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak