Zinema jaialdietan harrera "itzela" izan du Irati filmak, jaialdi entzutetsuetan publikoaren hainbat sari irabazita. Gaur, egubakoitza, estreinatu dute zinema aretoetan Aretxabaletako Kepa Errasti aktoreak parte hartu duen Eneko Sagardoi eta Edurne Azkarate protagonista nagusi diren film luzean.
Atzerako kontaketa luzea izan da. Gogotsu zaudete filma zinema aretoetan eskaintzeko?
Aspaldi hasi ginen gu atzerako kontaketa egiten. Sitgesko jaialdian ikusi nuen estreinakoz eta Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Jaialdian bigarrenez. Gogotsu gaude, baina, aretoetan jendeak zelako harrera egiten dion ikusteko. Nik badut beste bitan, behintzat, ikusteko asmoa.
VIII. mendeko Euskal Herrian kokatuta dago; zer kontatzen du?
Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, Ibarjaunak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzen du, trukean bizitza emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio herria babestuko eta gidatuko duela aro berrian. Urte batzuk geroago, Eneko aitaren gorpua berreskuratzen saiatuko da, modu paganoan, Karlomagnoren altxorrarekin batera, lurperatuta dagoena. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du: Irati deituriko emakume enigmatiko batena, hain justu.
Belasko zara zu; nor da?
Filmean agertzen den herrian historikoki boterean egon den familiako partaide da. Kontatuko ez dudan arrazoi batzuengatik ikusten du aukera bere burua Ibarjaun izateko. Boterea maite duen pertsona da eta ahaleginak egingo ditu Ibarjaun izateko. Filmean agertzen den kristautasunaren figuretako bat.
"Boterea maite du Belaskok eta ahaleginak egingo ditu Ibarjaun izateko"
Ikusleendako pertsonaia faboritoa ez zarela izango sumatzen dugu.
[Barreak] Ez dut uste, antagonista rola jokatzen dudalako, baina jokatzeko paper oso polita da. Gai honetako gauza txiki batzuk egin izan ditut aurrez, baina hain antagonista eta paper handi moduan, ez. Halako filmak gutxi egiten dira, eta gutxiago euskaraz; hortaz, luxua izan da niretzako, halako aukera gutxi egoten direlako. Ondo gogoratzen dut casting-ean parte hartzeko deitu zidaten eguna; 2021eko apirilean Aste Santuko oporrak hartzeko bezperan.
2021eko udazkenean grabatu zenuten; ze oroitzapen dituzu?
Oso politak! Batez ere, lantaldeko kide asko aldez aurretik ezagutzen nituelako eta horrek gure artean giro oso ona izatea ekarri zuelako, eta, era berean, leku oso politetan errodatu genuelako. Adibidez, Iratiko basoan eta gaztelu batean grabatzea egokitu zitzaidan niri; Oñatiko Arrikrutzeko kobetan ez nintzen izan. Ez nituen grabaketa-egun asko izan eta nahiko lasai hartzeko aukera izan nuen; esaterako, Iratiko grabaketak bukatu nituenean, asteburu ederra pasatu nuen gero han, furgoneta eramanda.
Ze aktore izan dituzu alboan?
Eneko Sagardoi eta Edurne Azkarate dira protagonista nagusiak, baina talde artistikoaren zerrenda luzea da. Pantailan ikusiko ditugu, besteak beste: Iñigo Aranbarri, Nagore Aranburu, Elena Uriz, Iñaki Beraetxe eta Ramon Agirre.
Lantalde teknikoa ere puntakoa, ezta?
Bai horixe! Euskal Herrian profesional asko eta onak daude atzean lanean eta elkar ondo ezagutzen dugu gehienok.
Eta zer diozu zuzendariari buruz?
Paul tipo talentuduna da, eta anbiziotsua ere bai, baina alderik positiboenean esanda. Irati-ren tamainako film bat euskaraz aurrera ateratzea oso nekeza da eta harrigarria da nola lortu duen proiektua egitea. Oso umila eta jatorra da eta asko daki historiari eta mitologiari buruz. Gozamena!
Jaialdietatik zapore oso onarekin etorri zarete, publikoaren hainbat sari irabazita. Badago sari hoberik?
Itzela ari da izaten! Sitgesko jaialdiko publikoaren erantzuna oso hunkigarria izan zen. Tenerifeko Isla Calavera jaialdian ere sari bera jaso genuen eta baita Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Jaialdian ere. Pelikulako kontakizunak euskaldunen sustraiekin lotura handia du, ama lurrarekiko harremanari eta mitologiari begiratuta, baina jasotako sariek adierazten dute Euskal Herritik kanpo ere estimatua dela.
Hizkuntza aldetik ere ahalegin handia egin dela diozu; zergatik?
VIII. mendeko euskararen eredu edo erreferentzia handirik ez dago eta arlo horretan Gorka Lazkano hizkuntzalariak lan handia egin du. Euskara irakaslea da, euskara asko maite du eta asko daki. Ezaugarri zehatz batzuk bilduta lortu du hizkuntza bat kohesionatzea, ustez garai hartako euskarara hurbildu ahal dena eta, era berean, publikoarentzako ulerterraza izango dena. Prozesu polita izan da.
Erlaxatuta ikusteko filma da ala gerrak direla-eta begiak zabalik ikusi beharrekoa?
Ez du erlaxatzeko aukera handirik ematen, zentzu askotan, ez bakarrik gerra kontuengatik. Paulek maitasun istorio bat moduan aurkezten du Irati; eta badago protagonisten arteko maitasun istorio bat, baina, aurrez esan moduan, gure herrialdeari eta ama lurrari buruzko maitasun istorioa da, bereziki.
Ikusten dena polita, eta entzuten dena ere bai, ezta?
Halako film epikoa izanda, musika asko dago kontakizunean zehar. Maite Arroitajauregi Mursego eta Arantzazu Calleja dira soinu-bandaren egileak eta Oñatiko Ganbara Abesbatzak abestu du. Sekulako lana egin dute musikaren egileek ere soinu-banda sortzeko orduan; asko ikertu dute, garai hartan entzuten ziren instrumentuen erreferentziak bilatzen, adibidez. Atzeko-lan handia dago musika alorrean ere.
Gustatu zaizu zuri?
Bai, oso polita da filmaren musika eta asko laguntzen du isto- rioa jarraitzen edo biltzen. Aproposa, nire ustez.
Aktoreek izaten duzue musika-egileekin harremanik?
Kasu honetan bai, aurrez esan moduan, oso gertuko lantaldea izan delako.
Gaur hasita, zinema aretoetan izango da; gomendatuko zenuke?
Plataforma digitaletan ere izango da, baina zinema aretoetara joatea gomendatuko nuke. Pantaila handian ikusteko eta entzuteko filma da, eta euskaraz. Oso garrantzitsua da jendea aretoetara joatea aurrerantzean ere, halako euskal ekoizpen handi gehiago sortu gura baditugu.
"Plataformetan baino gehiago, zinema aretoetan ikusteko aproposagoa da"
Irati filmean egin beharrekoak egin dituzu dagoeneko; proiektu berriren bat baduzu orain esku artean?
Tarara antzezlanarekin jarraitzen dugu aretoetan, oraindik ere hainbat emanaldi egingo ditugu eta. Era berean, gure Xake Produkzioak konpainiaren proiektu berriari azken ukituak ematen ari gara. Maiatzean estreinatzeko asmoa dugu eta Postdatarik gabeko gutunak izena du. Buru-belarri eta oso gustura ari gara antzezlan hori entseatzen.