Eguzkik bailarako ibaietako zaborra kentzeko eskatu du

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 23a, 18:40

Talde ekologistak baranden azpian babes-neurriak jartzeko eskaera egin du. Irudian, neurri horietako bat.

Eskoriatzako, Aretxabaletako, Arrasateko eta Bergarako udalei eskatu die foru laguntzak eskatzeko, eta Deba ibaiko zaborra kentzeaz gain, barandaren azpian babes-neurriak jartzeko, hondakinak erori ez daitezen. Antzuolakoari ere babes neurri bera eskatu dio Deskarga ibaian.

Talde ekologistako kideek nabarmendu baitute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Sailak bost dirulaguntza lerro onartu dituela eta horietako bat udal eta mankomunitateentzat dela, hala nola, ibai, kosta eta lehorretako inguruneetan sakabanatutako zaborren metaketa saihesteko eta jarduketa hori zuzentzen laguntzen duten ekintzak gauzatzeko.

Hala ezean, zaborra itsas ekosistemara iritsiko dela uste baitute, eta urtetik urtera handitzen ari den arazo bat dela. "Gure kostaldea ez da salbuespena. Kontzientziazio publikorik eza dela-eta, hondakinak kontrolik gabe isurtzen dira. Axolagabekeriagatik batzuetan; istripuagatik, beste batzuetan, baina batik bat gure gizartean hain errotuta dagoen ohitura itsusi horregatik: hondakinak gure kaleetan inolako lotsarik gabe botatzeko edo uzteko ohitura".

Hondakinik ez sortzea

Jarduketa horiez gain, ordea, Eguzkik argi du zein den bidea: "Hondakinik onena sortzen ez dena da, eta, horrela, ingurumenean eragiten duten inpaktua minimizatzen da garapen iraunkorra bultzatuz". Bada, nabarmendu dute "hondakinik egokiena" ekosistema urtarretara iristen ez dena dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak