Elikagai eta arropa bilketak egingo dituzte, Turkiara eta Siriara bidaltzeko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 15a, 10:00

Aita Menniko elikagaien bilketako irudi bat.

Bi lurrikara izan ziren duela ia bi aste Ekialde Hurbilean, eta gogor astindu zuten ingurua. Inoizko hondamendi handienetako bat eragin zuten, eta NBE Nazio Batuen Erakundeak dagoeneko ohartarazi du asteburuan hildakoen kopurua 50.000ra ailegatu daitekeela. Alabaina, orain lehentasunetako bat bizirik daudenei aterpea eta giza laguntza ematea da, eta horretan dabiltza asteon bailaran ere.

Hotz Oñatik, esate baterako, diru-bilketa abiatu du lurrikarak kaltetutako siriarrei laguntzeko asmoz. Horretarako, zabalik dute kontu korronte bat, eta Bizum-a ere egin daiteke. Hala, jasotako dirua AAPS gobernuz kanpoko erakundearentzat izango da; hain justu, Sirian eta bere mugetan egiten du lan.

Horrez gain, manta eta neguko arropen bilketa ere egiten ari da Siriara eta Turkiara bidaltzeko, Bizkaiko DYA egiten ari den bilketarekin bat eginda. Kiroldegian izan da hori. Kaxak jarri dituzte, eta otsailaren 18an zegoen bilketan parte hartzeko aukera. Hala ere, azaldu dute "sekulako erantzuna" izan dutela, eta, beraz, ez dutela material gehiago jasoko. "Eskertuta gaude".

Bergaran, ordea, izango da oraindik horretarako aukera. Manten, lozakuen, txamarren, txanoen eta eskularruen bilketa egingo dute bihar eta etzi, 17:30etik 20:00etara, Ndank Ndank elkartearen Irizar kaleko muralean.

Egubakoitzean janari bilketa

Janari bilketari dagokionez, Hotz Oñatik bat egingo du Zaporeak elkartea Euskal Herrian egiten ari den bilketarekin. Hala, Kooperatiban, Oñatiko bi Eroski dendetan eta BM supermerkatuan egingo da bilketa egubakoitzean. Arrain kontserbak, barazki eta lekale kontserbak –txerririk gabeak–, arroza, pasta, esnea eta gailletak jasoko dituzte.

Oñatin ez ezik, ordea, bailarako beste herri batzuetan ere bat egin dute Zaporeak-ek antolatutako premiazko elikagai bilketarekin. Arrasateko Hiper Eroskin, adibidez, egun berean egingo dute bilketa.

Baita Aita Mennin ere

Aita Menni ospitaleak ere bat egin du bilketarekin, eta otsailaren 10ean abiatu zuen elikagaiak jasotzeko bilketa. Beraz, bertako harreran utzi daitezke bildutakoak otsailak 19ra bitartera arte, igandea. Horrez gain, itsulapiko bat ere egongo da diruz lagundu nahi dutenen horientzat.

Bilketa egunak eta lekuak:

Oñati

  • Elikagaien bilketa. Kooperatiban, bi Eroskitan eta BM supermerkatuan, egubakoitzean.

Arrasate

  • Elikagaien bilketa. Hiper Eroskin, egubakoitzean –egun osoz–.
  • Elikagaien bilketa. Aita Menni ospitalean, domekara arte.

Aretxabaleta

  • Elikagaien bilketa. Eroskin, egubakoitzean –egun osoz–.

Bergara

  • Arropen bilketa. Irizar kalean, eguenean eta egubakoitzean.
  • Elikagaien bilketa. Aranzadi ikastolan, 21etik 24ra.

Eskoriatza

  • Elikagaien bilketa. Coviranen, 20tik 25era.

Hotz Oñatiren diru bilketa:

  • Kontu korrontea: ES08 3035 0005 3300 50078053
  • Bizum: 05103
Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak