Eten egin du arropa bilketa Hotz Oñatik, gehiago kudeatu ezin duelako

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ots. 15a, 13:07

Hotz Oñatiko kideak kiroldegian eguerdian, goizeko bigarren hustuketa egiten.

Turkiarako eta Siriarako manta eta arropa bilketa eten egin behar izan du Hotz Oñatik, material gehiago ezin dutelako kudeatu. "Ikaragarria izan da herritarren erantzuna. Mila esker denoi beste behin. Baina ezin dugu gehiagorekin eta gaur, eguaztena, da azken eguna arropak jasotzeko. Egubakoitzeko janari bilketa mantentzen da", dio Hotz Oñatik 

Turkian eta Sirian lurrikarak astindu dituen lurraldeetako herritarrei bidaltzeko manta eta arropa bilketa kanpaina antolatu zuen Hotz Oñatik aste honetarako. Kiroldegian jarri zuten kaxa eta astelehenetik zapatura bitartean egitea zen asmoa, baina orain arte jasotako arropa guztia sailkatuta, gehiagorekin ezin dutela ikusi dute eta etetea erabaki. Beraz, gaur, eguaztena, izango da azken eguna mantak eta arropak biltzeko. "Ikaragarria izan da herritarren erantzuna. Laupabost aldiz joan gara egunero kiroldegian batuta zegoena jasotzera. Asko jaso dugu. Kaxetan sartzen hasita gaude, gainera, gure asmoa astelehenean bertan bidaltzea da-eta. Baina konturatu gara ezin dugula gehiago kudeatu eta etetea erabaki dugu. Esker oneko hitzak besterik ez ditugu herritarrendako. Mila esker denoi, beste behin", Hotz Oñatikoen mezua.

Janari bilketa egingo dutela ere iragarrita zuten, eta hori, baina, mantentzen da. Egubakoitzean, hilak 17, egingo da hori herriko supermerkatu ezberdinetan:  Kooperatiba, Eroski Arantzazu, Eroski Errekalde eta Super BM. Batu gura dutena da: arrain-kontserbak, barazki eta lekale kontserbak –txerrikirik gabe–, arroza, pasta, esnea eta gailetak. Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez bideratuko dute jasotako janari kopurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak