Etxebizitza Sindikatuak salatu du Ertzaintza joaten dela DSBE eskatu duten etxeetara

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko ots. 14a, 12:43

Haien arabera, 2014tik dabiltza zeregin horretan, eta horrek "polizia burokratiko bat" sortzea dakar. Beraz, uste dute beharrezkoa dela "autodefentsa sozialista antolatzea".

Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, Lanbidek ertzainak bidaltzen ditu diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eskatzen duten etxeetara, "irizpide burokratikoak betetzen dituzten konprobatu eta laguntzak kentzeko". Azaldu dute 2014tik dabiltzala horretan, baina, batik bat, azken urteotan. "2022ko abenduaren 22an onartu zen Eusko Legebiltzarrean DSBEren erreforma legea, eta horrek ilegala zen praktika legeztatu eta instituzio publikoen autoritarismoan sakontzen du".

Sindikatuko kideen arabera, Eusko Jaurlaritzak lege hau "familia proletarioentzat aurrerapen eta garantiatzat saltzen" du, baina nabarmendu dute hori ez dela benetako eragina. "Lanbideko langilez osatutako inspektore talde espezializatu bat sortu da laguntzen eskatzaile eta jasotzaileen kontrol konstanteak egiteko; polizia burokratiko bat", eta nabarmendu dute horrek oinarrizko eskubideak "urratzen" dituela; bizilekuaren bortxaezintasuna eta intimitaterako eskubidea, hala nola. Areago, gehitu dute "irizpide burokratikoak" ez direla "ia malgutu", eta egindako moldaketak "oso jende gutxiri" aplikatu zaizkiela. Gainera, azpimarratu dute laguntzak bost urtera arte kentzeko aukera ere jasotzen duela legeak.

"Miseria sistema bat"

Hala, uste dute horrek erakusten duela "babes sozialeko sistemaren funtzio erreala" zein den: "Kontrol burokratiko eta poliziadun sistema bat: pobrezia arriskuan dagoen %30a kanpo uzten duen miseria sistema bat, eta laguntza jasotzen dutenen artean %53ak pobre izaten jarraitzen duena". Emandako datuen arabera, Debagoienean %5,7koa da pobrezia tasa, baina %1,7ak jaso du laguntza.

Beraz, egoerari aurre egiteko, argi dute "autodefentsa sozialista antolatu" beharra dagoela; besteak beste, "kontrol burokratiko eta polizialetatik babesteko gaitasunak garatu" behar direla. "Miseriazko errentarik egongo ez den eta kalitatezko bizi-baldintzak unibertsalki bermatuta egongo diren mundu baten eraikuntzaren alde egin behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak