Aurkeztu dute hirugarren Komunikazio Campusa; aurten, bideo-podcasta izango dute oinarri

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ots. 9a, 15:26

Goiena Komunikazio Taldeak eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio graduak elkarlanean antolatutako aurtengo Komunikazio Campusaren berri eman dute, gaur goizean, Monika Belastegik, Goiena Komunikazio Taldeko presidenteak, eta, Unai Portillak, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak.

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da eta aurreko edizioetan moduan, uztailean egingo da. Uztailaren 3tik 7ra izango da, astelehenetik ostiralera, goizeko ordutegian, 09:00etatik 13:30era –ordu erdiko atsedenaldiarekin, hamaiketakoa egiteko–. "DBHko laugarren mailako eta Batxilergoko lehenengo mailako ikasleei zuzendutakoa dago Komunikazio Campusa, eta izen-ematea zabalik dago. Hala, adin tarte horretan daudenentzat eta komunikazioarekiko interesa izan dezaketenei zuzenduta dago", adierazi du Monika Belastegik, Goiena Komunikazio Taldeko presidenteak.

Campusaren helburua komunikazioaren mundua modu praktiko, erakargarri eta atsegin baten gazteei hurbiltzea da

Belastegik gaineratu duenez, "campusaren helburua komunikazioaren mundua modu praktiko, erakargarri eta atsegin baten gazteei hurbiltzea da. Horretarako, komunikazioarekin lotura duten zenbait ikasgai eta baliabide jartzen ditugu euren eskura".

Bideo-podcast saioa sortzea

Bideo-podcast saio bat sortzea eta sare sozialetan zabaltzea ardatz, komunikazioarekin lotutako hainbat gai jorratuko dira aurtengo edizioan. Hala ere, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte III. Komunikazio Campusean: telebista-platoen erabilera, kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialetan zabalkundea…

Bideo-podcast saio bat sortzeaz eta sare sozialetan zabaltzeaz gain, komunikazioarekin lotutako hainbat gai jorratuko dira

Adituen eskutik

"Alde batetik, Xabier Urzelai izango da Goiena Komunikazio Taldeko kazetaria; Ainhoa Vitoria Gaztea irratian aritzen dena; eta, ni neu, Mondragon Unibertsitateko irakasle moduan, eta, dinamika batzuen bitartez forma emango diogu azken proiektuari –bideo-podcast saioa–, eta baita komunikazioaren barruan zenbat aukera dauden…", adierazi du Unai Portillak, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasleak.

Plaza mugatuak

Izena emateko epea zabalik dago eta ekainaren 19ra arte eman daiteke. Prezioa 125 euro da. Plaza mugatuak izango dira; gehienez ere, hamabost lagun elkartuko dira aurtengo udako komunikazio campusean. [2023ko Komunikazio Campusean izena emateko bidea]

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak