Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako fakultatean egingo da Komunikazio Campusa, aurreko edizioetan moduan. Uztailaren 3tik 7ra izango da, astelehenetik ostiralera, goizeko ordutegian, 09:00etatik 13:30era –ordu erdiko atsedenaldiarekin, hamaiketakoa egiteko–.
Aurtengo gaia: BideoPodcast saioa sortu eta sareetan zabaldu
Udako campusaren helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte III. Komunikazio Campusean: telebista-platoen erabilera, kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialetan zabalkundea…
Aurten, arreta berezia jarriko da telebistako platotik egindako podcast saioan eta ondorengo zabalkundean. Ariketak egiteko, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako Campuseko baliabideak erabiliko dira: telebista-platoa, ordenagailuak eta beharrezko izango duten bestelako materiala. Horretaz gain, Goienaren Arrasateko egoitza ezagutuko dute parte-hartzaileek –erredakzioa, telebista-platoa eta irratia–.
Komunikazioan adituek, Goienako profesionalek eta Mondragon Unibertsitateko irakasleek hartuko dute parte Komunikazio Campusean. Hala, saioak zuzenduko dituzte Ainhoa Vitoriak, komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak; Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urzelaik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak; eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Unai Portillak, podcastetan, streaming-etan eta ikus-entzunezkoetan adituak.
Izen-ematea zabalik
Izena emateko epea zabalik dago eta ekainaren 19ra arte eman daiteke. Prezioa 125 euro da. Horren barruan sartzen da eguneroko hamaiketakoa ere. Plaza mugatuak izango dira; gehienez ere, hamabost lagun elkartuko dira. Izena emateko: www.labur.eus/komunikaziocampusa2023