Hala, ikastaroa prestakuntza jaso eta ekonomia zirkularra zer den bertatik bertara ezagutu nahi duten Gipuzkoako erakundeei zuzenduta dago, estrategia horiek erakundeetan integratu nahi dituztenei; era horretan, lurraldea erreferente bihurtu dadin Europan lanketa horietan.
Mondragon Unibertsitateak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak uste baitute ekonomia zirkularrak hainbat aukera eskaini diezazkiela erakundeei. "Baina, batez ere, enpresen irabaziak nabarmendu behar dira, baliabideak optimizatzeko aukera ematen baitu lehiakorragoak izateko". Horrez gain, erantsi dute klima aldaketaren ondorioak arintzen ere lagundu dezakeela, garapen iraunkorreko erronkak erdiesteko sareak edo kateak sortzea bultzatzen duelako.
Irakasleak eta hizlariak
Ikastaroko irakasleei eta hizlariei dagokienez, "lehen mailakoak" izango direla nabarmendu dute antolatzaileek, gehienak trantsizio ekologikoan eta ekonomia zirkularrean espezializatutako Mondragon Unibertsitateko irakasleak, ikertzaileak eta doktoreak. Horrez gain, Basque Environment Cluster-eko eta Mugikortasun eta Logistika Klusterreko irakasleak ere izango dira. Orotara, hamabi arituko dira jardunean.