Lau hilabete barru, ziur aski, jakinekoa izango da nork eratuko dituen Debagoieneko udalak eta horiei dagozkien Gipuzkoako zein Arabako foru aldundiak –Aramaioren kasua–, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan erabakita geldituko baitira datorren agintaldiko gobernuak, alkateek ekainaren 17an egingo duten arren karguaren zina. Alabaina, une horretara iristeko hainbat dira taldeek jarraitu beharreko prozedurak, nork bereak eta nork bere erara. Bada, horretan dabiltza, arreta bi noranzkotan jarrita: eskualdetik ekin eta lurraldean ere eragin.
Bailarako egoerari dagokionez, publikoa da nortzuk diren herri batzuetako zerrendaburuak, zenbaitzuk zehaztu gabe dauden arren. Arrasaten alderdi gehienek eman dute euren aukeren berri. Gaur egungotik tiraka, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea aurkeztuko du EAJk alkatetzarako; PSE-EEk, berriz, Aritz Murua; eta Podemosek, Eva Abuin. Zehazki, gaur egun biak dira zinegotziak Udalean. Horrez gain, EH Bilduko Mahai Politikoak Maider Morras proposatu du, baina zehazteko dago hura izango ote den hautagai nagusia edo ez.
Bergaran, berriz, gaur-gaurkoz, soilik EH Bilduk eman du bere hautagaitzaren berri: Gorka Artola, gaur egungo alkatea. Eta berdin Oñatin ere: Izaro Elorzak jarraituko du alderdiaren zerrendaburua izaten. Elgetan, aldiz, aldaketa izango da: Iraitz Lazkano izan da azken bi agintaldietan alkate, baina, aurrerantzean, Ibon Unzetabarrenetxea izango da hautagaia.
Hautagaitzak bideratzen
Gainontzean, ordea, alderdiek azaldu dute lanean dabiltzala. Mikel Lete Debagoieneko EAJ- ko bozeramaileak jakinarazi du ez dutela epemugarik zehaztuta zerrendak aurkezteko, lanean dabiltzala. Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak jada aurreratu zuen ez dela hauteskunde hauetan zerrendaburu izango eta Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatearen hautagaitza ez da ziurra, baina Goiena telebistako Harira saioan adierazi du "proposamena jasoz gero aztertu" egingo lukeela. Hala ere, Letek argi dio helburua herri guztietan zerrendak aurkeztea dela, Leintz Gatzagan izan ezik, herri kandidatura bat aurkeztu ohi dutelako.
EH Bildu ere herri guztietan aurkeztuko da. Antzuolako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako hautagaiak ezagutzea falta da, baina Igone Lamarain Gipuzkoako EH Bilduko politika instituzionaleko arduradunak iragarri du herrietako prozesuak amaitzean emango dutela horren berri. "Martxoan zehar egingo ditugu zerrenda osoak aukeratzeko prozesuak, eta tempus guztiak errespetatuta, horiek ere aurkeztuko ditugu". Horrez gain, Aramaioko zerrendaburua nor izango den ezagutzea ere faltako litzateke; baita EAJrena ere, baina Arabako antolaketaren barne daude.
PSE-EEk, berriz, gaur-gaurkoz, soilik Arrasateko hautagaitza aurkeztu du, 20.000 biztanle baino gehiagoko herria delako. Hala, Aritz Muruak adierazi duenez, orain beste herri guztietako zerrendak osatzen dabiltza, Debagoieneko herri guztietan: "Gure intentzioa da hautagaitzak 2019ko udal hauteskundeetako udalerri kopuru berean aurkeztea". Alegia, bailarako herri guztietan, Gatzagan salbu. Horietako batean ere gobernurik lortu ezean, ordea, gaineratu du helburu izango dutela "oposizio arduratsua eta eraikitzailea" osatzea.
Koalizioa, ezbaian
Equo, Ezker Anitza eta Podemos euren kabuz aurkeztuko dira, baina baliteke koalizioren bat izatea, Aiert Lizarralde Equoko kideak azaldu baitu Ezker Anitzako eta Podemoseko kideekin hitz egiten dabiltzala, ezer itxita ez dagoen arren. "Ikusi behar da zer ematen duten elkarrizketek. Baloratu egin behar da zer asmo dagoen herri bakoitzean".
Eva Abuin Podemoseko Arrasateko hautagaiak ere aurreratu du alderdiekin hizketan dabiltzala eta prozesua "geldoa" izan arren "itxaropentsu" daudela lehenago iristen ez ziren lekuetara ailegatzeko. Are gehiago, Juan Luis Merino Ezker Anitza-ko ordezkariak ere azaldu du alderdi bakoitzak bere bidea egiten duela lehenbizi eta koalizioren bat egonez gero aukerak eta programak batzen dituztela. Hala, Bergaran, Eskoriatzan eta Aretxabaletan dabiltza batera ekiteko aukerak aztertzen.
Talde politiko horiez gain, PPtik ere jakinarazi dute ordezkaritza bat izango duela bailaran: Oñatin zerrenda aurkeztuko du eta otsailaren 13an egingo du horren berri emateko agerraldia.
EAJ, lehen indarra
Hala ere, talde politikoek nabarmendu dute Debagoiena ez ezik Gipuzkoa ere oinarri dutela, eta, kasu batzuetan, aurreratuago dituzte eginbeharrak. Esate baterako, alderdi handienek zehaztuta dituzte diputatu nagusirako hautagaiak.
Egun, EAJk du ordezkaritza handiena Gipuzkoako Foru Aldundian. Markel Olano da diputatu nagusia, baina, erabaki propioz, ez da aurkeztuko. Hala, Eider Mendoza izango da haren ondorengoa. "Aho batez onartu zen hautagaitza. Betidanik egon da alderdian eta ondo ezagutzen du; baita Aldundia eta bere barne funtzionamendua ere", nabarmendu du Letek, gaur egun Gipuzkoako Diputazioko bozeramailea eta Gobernantza diputatua baita Mendoza.
Foru aldundiak, beraz, ez du Olano buru izango berriro, hiru agintaldiren ostean. Dena den, bailarako EAJren ordezkariak uste du hura ez aurkezteak ez duela eraginik izango herritarren botoan. Eta, hain justu, hori berresten dute Gipuzkoako Foru Aldundiak kaleratutako udazkeneko Soziometroko datuek. Horren arabera, EAJk botoen %36,7 eskuratuko lituzke, 2019an baino %0,9 gehiago; era horretan, 21 eserleku izango lituzke.
EH Bildu, gora
Haren atzetik legoke EH Bildu. Botoen %34 lortuko lituzke, aurreko udal eta foru hauteskundeetatik %2,1 puntu haziko litzateke eta, horrela, hemeretzi eserleku eskuratuko lituzke. Bada, Lamarainek gaineratu du horrek EH Bildu "lehenengo izateko lehian" jartzen duela eta, beraz, "argi" dagoela datorren diputatu nagusia emakumezkoa izango dela, Maddalen Iriarte baita euren alderdiaren hautagaitza.
Lehia horretaz harago, baina, funtsezkotzat jo du begirada zabaltzea. "Hauteskundeetan ikusiko da zer gertatuko den, baina gure lehentasuna une honetan dugun proposamena herriz herri konpartitzea da". Azaldu baitu Gipuzkoa "etorkizunerako prestatu beharra" dagoela, eta, horretarako, azken urteetako bilakaerari erreparatu behar zaiola: irakurketa egin, "urrats kualitatiboak" egiteko. "Legealdi hasieran iritsi zen pandemia. Hasieratik aitortu dugu zailak izan direla lau urteok, egoera zaurgarrian utzi gaituela, baina akatsa izango litzateke sortu diren gabeziak horren ondorioak direla esatea".
Adibidetzat jarri du Gipuzkoan 14.000 lanpostu galdu izana industrian edota zaintzaren arloan bistaratu diren hutsuneak. "Ahalegindu beharko genuke bertan eraikitzen duguna babesten, kanpo faktoreen horrelako eraginik izan ez dezaten".
PSE-EEren geroa
Hirugarren indarra, berriz, Soziometroaren arabera, PSE-EE litzateke, baina indarra galduko luke aurreko aldiarekin alderatuz gero. Botoen %16 lortuko lituzke, 2019an baino %1,3 gutxiago, zortzi eserlekurekin; alegia, aurrekoan baino ordezkari bat gutxiago izango luke.
Dena den, Muruak herritarren "ahalik eta babes handiena" eskuratzea espero du, erabakiak hartzerakoan "funtsezkoak" izan daitezen. "Gizarte politiketan, ingurumen politiketan eta mugikortasun politiketan murrizketarik ez dagoela bermatu ahal izango dugu". Gainera, ez da jakinekoa hauteskundeak EAJk irabaziz gero sozialistek jeltzaleekin gobernatuko luketen edo ez, baina asmoa argia dela dio: "Herritarren beharrizanei erantzuten dien gobernua izan behar da, identitate interesak edo ideologikoak albo batera utzita, krisi egoera sozioekonomiko honetan ez baikaituzte inora eramaten".
Elkarrekin Podemos
Podemos, Equo eta Ezker Anitza alderdiei dagokienez, koalizio bat osatu dezakete Gipuzkoan ere, baina ez dute ezer baieztatu. Hala balitz, ordea, Elkarrekin Podemosek botoen %7,3 eskuratuko lituzke; bi eserleku.
Alabaina, alderdi bakoitzak argi du zer dagoen jokoan hauteskunde hauetan. "Ezkerretik alternatibak eraikitzea" posible dela dio Abuinek, eta "irabaztera" joango direla Gipuzkoan ere. "Gure helburua da gobernuetan sartzea eta erakustea gobernuan egonda gauza batzuk aldatu egiten direla". Haren ustez, "garrantzitsuena" ez da norekin egiten den ituna, baizik eta "politika jakin batzuk" egitea eta horiek gauzatzeko "ausardia" izatea.
Merinok, berriz, iragarri du Ezker Anitzako diputatu nagusirako hautagaia izango dela. "Badakigu ez dugula inoiz lortuko Diputazioa edo udalen bat, baina hauteskundeen jokoa hau da. Koalizioa lortuz gero, litekeena da diputatu nagusirako hautagai beste bat izatea". Dena den, azaldu du "ezkerreko talde politikotzat" dutela euren burua; "ahal duten guztia" egingo dute erakundeak "ezkerreko gakoetan" aritu daitezen.
Lizarraldek Equoren asmoen berri eman du: "Gure alderdian hitz egin dugun gauza bakarra da aurkezten den lekuan aurkezten garela izango dela herri edo probintziari beste alternatiba politiko bat eskaintzeko".