Mondragon Korporaziotik sortutako iniziatiba berria da Bihar Kooperatiba eta haren helburua da pertsona nagusiei eta menpekotasuna dutenei soluzio integrala ematea etxean bertan. Proiektu berri horren zuzendari nagusia da Hector Olabegogeaskoetxea eibartarra. Azken urteetan Irizar E-mobility zuzentzen aritu ostean Korporaziora batzea erabaki zuela dio, erronka berriei heltzeko.
Zer da Bihar Kooperatiba?
Mondragon Korporaziotik sortu den proiektua da eta kooperatiba nahiz dibisio ezberdinen elkarlana du oinarri. Gure helburua da mendekotasuna duten pertsonei eta pertsona nagusiei zerbitzu integrala eskaintzea, baina etxean. Joan den egubakoitzean aurkeztu genuen eta dagoeneko martxan gaude.
Ze beharri erantzuteko sortu duzue Bihar?
Datuak hor daude. Gaur egun, Euskadiko populazioaren %22k 65 urte edo gehiago ditu eta hemendik 18 urtera %33 izatea aurreikusten da. Adin-talde horren %95ek dio etxean gelditu nahi duela, eta hori kontuan hartuta hasi ginen proiektu honekin. Behar asko suertatzen dira eta guk nahi duguna da erantzun integrala ematea. Behar ezberdinak egongo dira eta guztiei erantzuna ematen saiatuko gara. Batzuetan, erresidentziak urruneko zerbait direla pentsatzen da. Guk kontrakoa egin nahi dugu: gerturatu eta zerbitzu hori etxeetan eskaini.
Zaintza etxeetara zabaldu nahi duzuela diozu, baina nola?
Momentuz, hiru atal nagusi ditugu: alde batetik, Bihar Help daukagu. Doako zerbitzua da eta bertara deituta duen beharraren arabera dituen aukerak azalduko zaizkio deitzen duenari, Biharren zerbitzuak saldu barik; Bihar Home deritzona ere badaukagu, eta hori etxeko zaintza da. GSR da elkarlanean arituko garen kooperatiba horietako bat eta bertako profesionalak arduratuko dira balorazioak egin eta zainketaz. Guretzat sekulakoa da zaintzan urte askotako esperientzia duten pertsonak eta kasu bakoitzean zer egin daitekeen dakiten profesionalak izatea; azkenik, Bihar Shop daukagu. Denda horretan Gerodan deitzen den Azpeitiko kooperatibarekin egin dugu elkarlana; izan ere, adineko zentroetako produktuen hornitzaileak dira. Gure dendarako zenbait produktu aukeratu ditugu, erabiltzaileentzat interesgarriak izan daitezkeenak, eta jendeari eskaintzen dizkiegu.
Teknologiaren erabilera ere bada zuen proiektuaren gakoetako bat.
Zenbait arlotan sartuko dugu. Adibidez, hilabete batzuk barru aplikazio bat sartzea da asmoa Bihar Home-n. Zaintzailea, familia eta gu harremanetan egongo gara aplikazio horrekin. Azkenean, ulertzen dugu pertsona bat zaintzeko lantalde bat egongo dela. Hortaz, bertan idatzi daiteke, esaterako, menpeko pertsona horrek nola egin duen lo, familiako kideak nola aurkitu duen bisitan joan denean... Hori guztia gordeta geratzen da eta aukera pila ditu. Bestalde, telebistari lotuta, probak egiten ari gara. Adineko askori konpainia egiten die telebistak eta asmoa da horiei errutina markatzeko jakinarazpenak botatzea: botika hartzea gogoraraziz, kalera irteteko proposamena eginez... Indukzio-plaka adimentsua ere eskainiko dugu; ahotsaren bitartez kontrolatzen da. Itsuentzat pentsatuta dago, baina menpekotasuna duenarentzat ere errazagoa da, agian, ahotsarekin kontrolatzea plaka.
"Garrantzitsua da jendeak dioena entzutea eta eurengandik ikastea"
Aipatutakoak martxan jartzeko datarik baduzue?
Mondragon Unibertsitatean lehenengo probak egin ditugu eta feedbacka edukitzen oraintxe hasi gara Aretxabaletako erresidentzian autonomia handiagoa duten pertsonekin. Guk egiten duguna ondo egin nahi dugu, eta probak egiten jarraitzea da asmoa. Litekeena da urte amaieran sartzea etxeetan.
Bihar izenak zeri egiten dio erreferentzia?
Guk gaur zaintzen zaitugu, bihar hobea edukitzeko. Adinekoei "bihar" esanda, askotan, ez dute bihar hori ikusten. Nik gaur zainduko zaitut, baina zure bihar eta etorkizun horretan ari naiz pentsatzen. Gaur lagunduko dizut, bihar heltzeko.
Laguntza eskatzea kosta egiten da?
Orokorrean, ezjakintasun handia dago arlo honetan eta menpeko pertsonen bat gertu dugunean ez dakigu nora joan. Gainera, uste dut Euskal Herrian eta, batez ere, Gipuzkoan etxetik kanpo laguntza eske joaten garenean berandu izaten dela, askotan, eta pertsonak menpekotasun handia duten gradu batean egoten direla. Etxekook saiatzen gara ahalik eta hoberena egiten, baina ez da ezer gertatzen kanpora joan eta laguntza eskatzeagatik. Aurrerapauso hori eman behar dugu.
Familian menpekotasun egoera duenari zer gomendatuko zenioke?
Bihar Help-era deitzea; ze aukera dituen azalduko zaio. Pertsona bakoitza ezberdina da, egoera ere bai, eta bertan emandako argibideak jarraitzea gomendatzen diot. Oinarri bat izaten laguntzen du eta proposatutako aukeretatik erabaki onena hartu ahal izango du.
Udan hasi zineten proiektuarekin, bezeroak ere badituzue; nolakoa izan da erantzuna?
Bezeroek erantzun beharko lukete, baina feedbacka positiboa izan da. Guretzat oso garrantzitsua da jendeak esaten duena entzutea eta eurengandik ikastea. Azkenean, pertsona eta familia bakoitza ezberdina da. Pausoz pauso hasi gara, baina epe luzerako apustua da.
Epe luzerako apustua dela diozu. EAEn zabiltzate, momentuz; mugak zabaltzeko asmorik baduzue?
Esandako gauza guztiak martxan jarri eta ondo menperatu behar ditugu. Oinarri bat hartzen dugunean, Estatuko beste erkidegoetara zabaltzea da asmoa, baita Iparraldera ere; azkenean, beste herrialde bat da eta beste legedi batzuk dituzte, baina hasi gara Iparraldeko merkatua ikusten eta aztertzen. Hala ere, orain, hemen gaude zentratuta.