Miritxako eolikoen proiektua, tramitean

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 27a, 11:33

Miritxa ingurutik ikusten dena, Leintz Gatzagako lurretan.

Eusko Jaurlaritzak izapidetzen ari diren proiektu berriztagarrien zerrenda aurkeztu du, eta horietako bat da Gatzagakoa. Datozen bi asteen barruan, Grupo Capital Energy enpresakoak izango dira Gatzagako udal ordezkariekin Miritxa eremua ezagutzen.

Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien inguruan dauden berritasunak jakinarazi ditu, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren bidez. Horrekin batera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak jakinarazi duenez, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) beste pauso bat eman du eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen eskuetan dago dagoeneko. Horien artean izapidetzen ari diren proiektu berriztagarrien gaineko zerrenda ere aurkeztu dute eta bailaran kokatutako proiektuak Trekutz (Antzuola) eta Miritxa (Leintz Gatzaga) dira.

Miritxako proiektua

2022ko martxoan, Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian Miritxa izeneko parke eoliko berri baterako administrazio-baimena eskatu zuten. Sei aerosorgailu jartzeko asmoa zuten, hasiera batean –27 megawatteko potentzia izango lukete–. Marietaren gainean kokatuko litzateke, Arabako Arratzua-Ubarrundia, Burgelu eta Barrundia udalerrien eta Gatzaga udalerriaren artean. Hala ere, seitik hiru aerosorgailu atzera bota, eta asmo berria lau jartzea dela adierazi dute proiektua aurrera eraman nahi duten Grupo Capital Energykoek, Gatzagako Udal ordezkarien arabera.

Gatzagako lurretan bisita

"Hasieran aurkeztu zuten proiektu eolikoaren instalazioaren lehen ingurumen-txostenean, Elgea parketik oso gertu egongo zatekeena, atzera bota zuten, batez ere, hegazti migratzaileak arriskuan daudela ikusi zelako, besteak beste. Orain, Miritxa inguruan jarri nahiko lituzkete aerosorgailuak, eta oraindik egin beharrekoak berde samar daude. Sei aerosorgailutik hiru jartzea baztertu zietenez, orain, guztira, lau aerosorgailu jartzeko asmoa agertu dute. Lehen urratsak egin dituzte, eta, horrekin batera, datozen bi asteen barruan egun bat zehazteko eskatu digute, eta Grupo Capital Energyko kideekin elkartuko gara zenbait udal ordezkari. Miritxako eremura eramango ditugu, zona ezagutu dezaten", adierazi du Juanito Bengoak, Leintz Gatzagako udal ordezkariak. Gaineratu du proiektu horrek ez duela zerikusirik Starkraft-ekoarekin.

Une honetan, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Bilerako txostenean argitaratu dutenez, Gatzagako lurrak hartuko dituen proiektuaren dokumentazio teknikoa aurkezteko luzapena tramitean dago, 2023ko otsailaren 26ra arte.

Trekutz proiektua

Antzuola ere ageri da Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkariko proiektu berriztagarrien zerrendan. Kasu horretan, Grup Cilda Energy enpresak Trekutz proiektua aurkezten du eta 12 megawatteko potentzia gordina duten bi aerosorgailu instalatzeko eskaera ageri da. Urretxu eta Antzuolari eragingo lioke proiektu horrek, eta une honetan, dokumentazioa aurkeztekotan, aurretiko izapidetze administratiboa abiatzekotan dago. "Proiektua ez da zehazki Trekutzen. Irimoko gailurrerian zazpi tontor daude eta bigarrenean egin nahi dute parke eolikoa; kokapen zehatzaren arabera, Irimogainen jarri nahi dituzte bi aerosorgailu: bat Antzuolako lurretan eta bestea Urretxukoetan. Bi udalok kontrako mozioak aurkeztu genituen eta alegazioak ere aurkeztuko ditugu aurrera badoa. Gainera, Antzuolako 8 Miliak proba egunean ere protesta-ekintza bat gauzatzeko asmoa dugu…", adierazi du Beñardo Kortabarriak, Antzuolako alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak