Bailarak ere baditu bere txakolina eta sagardoa

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 27a, 13:38

Murgialdai Txakolina botilatan sartuta. ARITZ GALDOS

Debagoieneko txakolin-ekoizleen arabera, lehorteak izanda ere aurtengo txakolinaren uzta "ona" eta "osasuntsua" izan da. Oñatin eta Arrasaten egiten dute. Sagardoa egiteko sagarren uzta, ordea, iazkoa baino txikiagoa izan da, eguraldiarengatik.

Tradizioari jarraika, San Anton egunean aurkeztu zuten Getariako Txakolinaren uzta berria, urtarrilaren 17an. Iazkoa baino %20 handiagoa da eta 4,3 milioi botila merkaturatuko dituzte, guztira. Izan ere, mahatsa ondo zegoela bildu zuten, eta, aurkezpenean azaldutakoaren arabera, horrek gorputz handiagoa eta zapore orekatua ematen dio edariari. Bada, jatorri izen horren pean dago bailaran ekoiztutako txakolina ere.

Murgialdai da horietako bat. Oñatin dago, eta Aritz Galdos arduradunak uztaren berri eman du. Adierazi duenez, bizpahiru bero-kolpe izan ziren iaz eta ez zeuden ziur nola erantzungo zuten mahastiek. Dena den, lehorteek ez zuten ia kalterik eragin. "Osasun aldetik, mahatsa ateratzeko urte erraza izan da; edo orain artekoarekin alderatuta, errazagoa". Ez da gorrin arazorik izan eta beste aldietan baino gutxiago sulfatatu dute. "Errazagoa izan da kontrola eta loraketan ondo loratu zen; giro ona egin zuen". Beraz, nabarmendu du uzta "ona" ez ezik, "osasuntsua" ere izan zela.

Eta bide beretik eutsi dio Jon Urzelaik ere. "Hezetasunaren faltan, osasuntsuago mantendu dira mahatsondoak; normalean egiten ditugun tratamenduen erdiak egin ditugu", adierazi du Belaskua Txakolina-ko arduradunak. Dena den, argi du leku batzuetan mahastiek euri faltarengatik sufritu egin dutela: "Landareak eskatu egiten du, baina lurrean ez dago; estres hidrikoa izan dute".

Halaber, datu zehatzik eman ez duen arren, Urzelaik aitortu du jasotakoari dagokion ekoizpena "oso ona" izan dela, eta pozik dago Galdos ere, iaz 50.000 kilo mahats inguru jaso baitzituzten Murgialdain, eta, horri eskerrak, espero dute 30.000 botila inguru merkaturatzea. Hain justu, orain dabiltza lan horretan, etiketatzen eta botilak kaxatan sartzen, saltzen hastearekin bat.

Belaskuan ere probatu dute aurtengo txakolina eta Urzelaik adierazi du "oso gozoa" dagoela, "fresko-freskoa".

Upaingoa eta Kataide

Oñatin, ordea, badira beste proiektu batzuk ere txakolinari lotuak. Esaterako, Upaingoa Txakolina. Gainontzekoen eran, Getariako Txakolina izenpean dago, baina badu berezitasun bat. Orain arte, behintzat, Marques de Riscal upategiari (Eltziego, Araba) saldu dio mahatsa, eta bodegak bere markapean komertzializatzen du. Halere, Upaingoa Txakolina osatzen dutenek azaldu dute aldaketa batzuk egiten dabiltzala, baina nahiago dute ezer ez aurreratu.

Oñatin ez ezik, Arrasaten ere bada txakolina ekoizten duenik: Kataide Txakolina.

Txakolin ekologikoa

Horrez gain, Oñatin beste txakolindegi berri bat izango da laster: Kostei. Duela bost urte landatu zituzten mahatsondoak eta prozesu osoa baserrian bertan egingo dute, enologoa den lagun baten laguntzarekin, landatzetik botilan sartzeraino.

Egun, Getariako Txakolina izendapenean sartuta dago Kostei ere, baina, besteak ez bezala, ekologikoa da. Gipuzkoan beste bi txakolindegik baino ez dute produktu hori modu ekologikoan ekoizten: Urkizahar (Beizama) eta Bengoetxe (Olaberria). Hala, asmoa da datorren urtean merkaturatzea Kostei txakolina, eskuratzeko baitauka baimena.

Sagardoaren uzta

Txakolinaren denboraldiaz gain, ordea, hasia da sagardoarena ere. Urtarrilaren 11n egin zuten txotx irekiera Astigarragan (Gipuzkoa) eta egun bat geroago hasi zuten ofizialki Arabako sagardo denboraldia, Trebiñu sagardotegian.

Hiru sagardotegi daude, guztira, lurraldean, eta tartean da Iturrieta, Aramaion. "Aurtengo uzta iazkoa baino pixka bat txikiagoa da; oso eskasa izan da eguraldia, baita zuhaitzentzako ere: bero handia, euri falta...". Loraldiak kalteak izan ditu, estres hidrikoagatik, besteak beste, eta, gainera, fruituak txikiak izan dira, Juanjo Peciña Iturrieta sagardotegiko arduradunaren arabera.

Hiru sagardotegien artean 60.000 litro sagardo ekoiztu dituzte aurten Araban –95.000 izan ziren iaz– eta, gainera, egoera klimatologikoa dela-eta, Peciñak azaldu du alkohol graduazioa puntu bat gehiago duela. Dena den, aitortu du eurentzako "ona eta kalitatekoa" dela uzta berria, bertaratzen direnek baloratu beharko duten arren.

Bertako sagarrak

Sagardo hori ekoizteko, oro har, Aramaioko sagarrak erabiltzen dituzte, euren sagastietakoak. Halere, uzta txikiagoa izan denez, aurten Arabako beste leku batzuetara ere jo dute sagarrak biltzera. "Halaber, ez dugu urrutira joan beharrik; aspalditik daramagu lanean, Araban, arbola-hektarea gehiago jartzeko eta ekoizpen gehiago lortzeko; kilo gehiago sortzen dira". Are gehiago, batzuetan, Bizkaira eta Gipuzkoara ere jotzen dute.

Sagar bat edo beste izan, baina, sagardo arruntaz gain badituzte berezitasun gehiago ere Iturrietan: eztiarekin nahastu dute sagardoa eta sagardo aparduna, arrunta, ardoa eta garagardoa dituzte produktu berezitzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak