Adostasun sozialak zabaltzea eta euskalgintzatik kanpoko eragile gehiagotara jotzea, Kontseiluaren lehentasun

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko urt. 24a, 18:39

Idurre Eskisabel eta Paul Bilbao, goizeko ekitaldian. (Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua).

Hezkuntza legea, euskararen ofizialtasuna, oldarraldi judizialari erantzutea eta adostasun sozialak izango dira 2023an Euskalgintzaren Kontseiluaren lehentasun eta erronkak.

Euskalgintzaren Kontseiluak 2022. urteko irakurketa eta ondorioak izenburuko txostena aurkeztu du Bilbon egindako ekitaldian. 2022ak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2023ko erronkak eta bide-orria aurkeztu dituzte Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusi berriak eta Paul Bilbao aurreko idazkari nagusiak.

2023ko erronken artean dago euskalgintzatik eta euskaratik nahiko aparte dauden eragile eta norbanakoengana jotzea, "horiei azaltzea euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua zer den eta nola lotzen den kohesio justizia sozialarekin. Eta, nola ez, haiei entzutea eta adostasun puntuak bilatzea eta lantzea. Orain arteko esperientziak erakutsi digu uste duguna baino handiagoak direla".

Eskisabelek nabarmendu du gaur egungo aldaketa ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalek erronka zailak jarri dizkietela hizkuntza gutxituei. Gaur egungo hizkuntza politikak ez direla "aski" gaineratu du, eta erronkei aurre egiteko hizkuntzan jauzia emateko beharra dagoela. Horretarako, "diskurtso eta praktika berriak sortzen eta gauzatzen" ari direla dio. 

Orain arteko bidea jarraituz

Bestalde, orain arteko egitasmo eta dinamikei jarraipena emango dietela adierazi dute. EAEri dagokionez, "hezkuntza legean edota administrazioan euskararen erabilera arautzeko dekretuak eragitea, ezagutzaren unibertsalizaziorako egiazko tresna eta euskalduntzeko eremu egiaz eroso izan daitezen". Nafarroan, berriz, ofizialtasunaren aldarrikapena ardatz izanez, administrazioan euskara aintzat hartzea bermatzea edota "PAI ereduaren bidez euskarak eta euskal hizkunek jasaten duten bazterkeria etetea".

Iparraldean, badutela zer egin aitortu du, "ikasleek bigarren ziklo amaierako eta batxiler amaierako azterketak euskaraz egin ezinik jarraitzen dutelako, eta hezkuntzako murgiltze eredua zabaltzeko eta sendotzeko eragozpenak handiak direlako".

Halaber, Eskisabelek oso larritzat jo du botere judizialak hizkuntza-politiketan esku-hartzea eta baldintzatzea: "Herritarron eskubide murrizketei aurre egiteko dinamika bat prestatzeari ekingo diogu, batasunetik eta adostasun zabaletatik erantzuteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak