Elurra bota du goizaldean eta Debagoieneko herririk garaienak zuritu egin ditu, Elgeta, esaterako. Errepideetan ere izan du eragina. Trafiko Sailetik aditzera eman dutenez –13:00etan eguneratuta– Elosuan, GI-3750 errepidean, kateak behar dira; eta arretaz gidatu behar da honako beste hauetan: Kurtzetan A-2620, Elgetako Pagatzan GI-2632, Arantzazura doan GI-3591 errepidean eta Gatzagako mendatean (Araba aldean) A-2622.
Elgetako Udaletik adierazi du arriskutsu daudela Eibarrerako eta Kanpanzarrerako errepideak; horregatik Bergarakoa erabiltzeko gomendatu dute.

Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez egunaren bigarren zatian atertzera egingo du. Elur-maila 300-500 metrora egongo da goizean, eta 500-700 metrora igoko da arratsaldean. Negu-giroa izango da nagusi; izotza botako du barnealdeko leku askotan eta baita mendi inguruetan ere. Ipar-haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak atzokoaren oso antzekoak izango dira.
ALBISTEAK MUGIKORREAN
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.