Termometroak -2,8 gradura iritsi dira asteburuan Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2023ko urt. 22a, 10:14

Egun hotzak ari dira izaten, baina iazko urtarrilean ere antzera ibili ziren termometroak bailaran; 2022ko urtarrilaren 16an erregistratu ziren iazko ordurik hotzenak. Euskalmetek Debagoienean kokatuta dituen estazioetako datuak behatuta, momentuz, zapatua izan da aurten egun hotzena.

Urkulun kokatuta dagoen estazio metereologikoan, zero azpitik 2,8 gradu erregistratu ziren zapatu goizean; 08:10ean, zehazki. Arrasaten, ordu horren bueltan, -1,6 gradu egiten zituen; Oñatin, -1,5; eta Elorregin, -0,4. Momentura arte, horiek izan dira aurtengo tenperatura baxuenak gurean.

Halere, gaur goizean ere, zero azpiko tenperaturarekin esnatu da eskualdea: Arrasaten -0,8 gradu erregistratu dira; Oñatin, -0,7; Elorregin, -0,2; eta Urkulun, -0,1. Urkulu egubakoitzean ere -0,9 gradurekin esnatu zen; hortaz, hiru egunez egin du zero azpiko tenperatura Aretxabaletan.

Iazko urtearekin alderaketa eginez gero, 2022ko urtarril erdialdea ere hotza izan zen bailaran. Bost egunez jarraian erregistratu ziren zero azpiko balioak. Urtarrilaren 16a izan zen iazko egunik hotzena; Debagoienean -2,5 gradu egin zituen.

Alerta horia bihar arte

Bihar arte abisu horia dago ezarrita, muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik. Batez ere, eguneko lehen eta azken orduetan espero dira izozteak.

Eguraldiaren iragarpenari dagokionez, astea tenperatura baxuekin hasiko da. Euskalmeten arabera, gehienez ere 6-7 gradutara iritsiko dira termometroak eta balio txikienak 0-1 artean kokatuko dira. Martitzenean ere, antzerako giroa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak