Bizitza duina lortzeko borrokan jarraituko dute bailarako pentsiodunek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 13a, 08:30

Hilaren 16rako mobilizazioetarako deialdia egin zuten joan den astean Bergarako pentsiodunek, San Martin plazan.

Bost urte egin dituzte pentsiodunek protestan eta tarte horretan hainbat lorpen izan dituztela azaldu dute; haien iritziz, "negoziazioei eta presioari esker" pentsioak %8,5 igotzea lortu dute. Dena den, nabarmendu dute oraindik ere badutela zer aldarrikatu.

2018ko urtarrilaren 15ean ekin zieten Hego Euskal Herriko pentsiodunek bizi hobeago baten aldeko mobilizazioei, eta bost urte igaro dira ordu geroztik. Ia hutsik egin gabe, astelehenero egin dituzte protestak dozenaka herritan, borrokak kaleratu dituzte eta lorpenak ere izan dituzte. Orain, urteurrena ospatzeko unea dela uste dute.

Borrokak merezi du, lorpenak lekuko lelopean mobilizazioak egingo dituzte astelehenean, hilaren 16an; eta tartean, baita Debagoieneko herri batzuetan ere. Parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, gaurko garaipenak biharko belaunaldientzako bide ere izan daitezkeela nabarmenduta.

Bergarako Pentsiodunen Mugimenduko kide da Itziar Usandizaga, eta orain arte egindakoaren berri eman du. Haren arabera, mugimendua "sasoitsu" dago eta eginiko lorpenak "handiak" izan dira. "Lortzeko ere asko dauzkagun arren, handiak dira eginikoak, eta merezi du borrokan jarraitzea".

%8,5eko igoera

Bost urteotan eskuratutako lorpenak izan ditu gogoan Usandizagak: batetik, alarguntza pentsioetako ehunekoaren hobetzea izan du gogoan; eta, bestetik, Iraunkortasun Faktorea aplikatzea eragoztea. Hain justu, bizi-itxaropenari lotuta zegoen azken hori, eta aurreikusten zuena zen bizi-itxaropena handitu ahala pentsioak murriztea.

Dena den, pentsiodunak uste du jada "ahaztutako" lorpenak direla horiek, baina bada gaurkotuagoa denik ere, urtarriletik aurrera pentsioak %8,5 handituko baitira Hego Euskal Herrian, hori baita azken hamabi hilabeteetako batez besteko inflazioa, 2021eko abendutik 2022ko azarora bitartekoa; KPIari dagokiona, alegia. "Negoziazio batzuk egin dira, kalean ere presioa ez da falta izan eta joan zen urtean negoziatu zen jada aurten igoko zela", esan du Usandizagak.

Espainiako Gobernuak eginiko hautu bat izan da, eta, horrez gain, erabaki du kotizazio gabekoen pentsioak %15 eguneratzea. Hala, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak emandako datuen arabera, pentsio hori jasotzen dutenek batez beste 60 euroko igoera izango dute hilean. Hego Euskal Herrian 16.000 pentsio inguru daude egoera horretan; batez beste, 420 eurokoak.

Dirulaguntzatik kanpo

Usandizagak, ordea, salatu du ez dela onargarria "hainbeste pentsio egotea pobreziaren atarian". "Ia erdia dago mila eurotik behera [Espainian], beste pila bat 800etik... Eta badaude 400 eta 500 euroko pentsioak ere". Gainera, erantsi du Espainiako Gobernuak 200 euroko txekeen dirulaguntza bat onartu duela egoera ekonomiko eta sozialei aurre egiteko onartutako neurritzat, baina pentsiodunak kanpo gelditu direla.

Horren berri eman du Juanito Saizar Arrasateko Pentsiodunen Mugimenduko kideak: "Urtean 27.000 euro kobratzen ez dituzten langileentzako sortua da, baina pentsiodunak kanpoan utzi gaituzte; baldintza horiek bete arren, ezin dute eskatu. Aldarria hor dugu: har daitezela kontuan". Gainera, gogoan izan du hainbat emakumeren kasua ere, andre pentsiodunek pentsio txikienak jasotzen jarraitzen dutela gaineratuta.

Aldarri gehiago

Pentsiodunek eskatu dute neurri horretan eskatzen diren errenta-mailako baldintzak betetzen dituzten pentsiodunak gogoan har daitezela, eta, bestetik, erreformetan jarri dute arreta. "Gure pentsioak jaitsi diren hiru erreforma izan dira, 2011koa, 2013koa eta 2021ekoa; galtzen atera gara. Badira bi urte-edo kopuruaren zati bat berreskuratu genuela, baina orain ez dute horrelakorik egin", azaldu du Saizarrek, galdutakoa eskuratzeko eskaria eginda.

Horrez gain, bada beste eskaera bat ere: "Gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea. Politikariei eskatu nahi diegu sentsibilizatzeko, eta gobernatu dezatela horretara iristeko". Are gehiago, Usandizagak ere uste du Eusko Legebiltzarrak baduela horretarako ahalmena. "Ez da ezin duela; ez du nahi. Non dago behar dugun duintasuna?".

Duintasunaren aldarrian baitute jarria arreta, Saizarren esanetan: "Berdintasuna, aberastasunaren banaketa, osasungintza... Borrokan gabiltza, sistema publiko sendo baten alde, bizitza duina lortzeko". Alabaina, uste du gizarteratu beharra dagoela: "Guztioi iritsiko zaigulako erretiro garaia; aukerak behar ditugu, eta horiek sortu egin behar dira".

Mobilizazioak herriz herri:

  • Antzuola. 12:00etan, Herriko plazan.
  • Aretxabaleta. 12:00etan, Durana kalean.
  • Arrasate. 12:00etan, Herriko plazan.
  • Bergara. 12:00etan, San Martin plazan. 13:30ean, bazkaria, San Joxepe elkartean.
  • Oñati. 12:00etan, Herriko plazan.

Bailarako gainontzeko herrietan ez da ezer egingo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak