Euskal presoen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartzea dela "demokratikoa" aldarrikatu dute Bilbon

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urt. 7a, 20:07
Argazkia: Sare

Eguraldiak lagundu ez duen arren, goizean goizetik jende asko batu da Bilboko kaleetan eta asko izan dira baita ere, Debagoienatik Bilbora hurbildu direnak. La Casillan abiatu da manifestazioa eta udaletxeraino egin dute euskal presoen eskubideak eskatzeko ibilbidea.

Beste behin, Bilboko kaleak bete egin dira Sarek, euskal presoen eskubideen alde egiteko deitutako manifestaziora; lehena izan da, jendetsua, pandemiaren ostean. Etxera bidea gertu izan da aurtengo leloa. Arratsaldeko 17:00etarako deitua zegoen mobilizazioa, baina manifestazioarekin hasi aurretik, Casilla eta Zabalburu plazaren arteko Autonomia kalea lepo beteta zegoela, Salbuespen egoerari stop. Etxera-Retour-Return zioen pankarta eroan dute kalearen punta batetik bestera jendearen buru gainetik. Zabalburu kalean jarri duten agertokian Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izan dira bertsotan eta Huntza taldeko Josu Arakistainek gidatuta, Txoriak Txori abestia kantatu dute bertara hurbildu diren guztiek.

Manifestazioa bera 18:00ak aldera abiatu da eta ordu erdi pasatxoan egin dute Bilboko udaletxera bitarteko ibilbidea. Bertan egin duten amaierako ekitaldia eta Sareko kide Joseba Azkarragak eta Bake Bidea mugimenduko Anaiz Funosasek hartu dute hitza. Irakurritako idatzian adierazi dute 34 urte direla Madrilgo Gobernuak euskal preso politikoen eta haien familien aurkako "sakabanaketa politika ankerra" martxan jarri zuenetik. Baina era berean, esan dute urraketa horien kontra jardun ostean etapa hau "irabazi" egin dutela, "ez zutelako aintzat hartu euskal gizarteak urraketa hauen kontra demokratikoki aurre egiteko zuen borondate irmoa".  Hala, horretan jardun dutenei eskerrak eman dizkiete.

Gogoan izan dituzte ere, senide presoak bisitatzera zihoazenean edo bisitatik bueltan, errepidean bizia galdu dutenak, baina ez dira izan bakarrak. "Euskal Herrian izandako indarkeria guztien biktima guztiek merezi dute gure errespetua" esan dute Funosasek eta Azkarragak. Gaineratu dute biktimen auziari konponbiderik ematen ez zaio bitartean, gizarteak behar duten begirunea ematen ez dien bitartean, eta euskal presoen egoera konpontzen ez den bitartean ezingo dela elkarbizitzaz hitz egin

Erronka, hain zuzen, hor dutela esan dute eta horretarako, SARE herritarra eta Bake Bideak "konponbidearen parte aktiboa" izan behar dutela. Hori lortzeko aurrean oztopoak dituztela azpimarratu dute, tartean, Espainiako eta Frantziako auzitegi berezi eta fiskaltza antiterroristak: "Ehundaka kilometrotara erabakitzen dute gutxi interesatzen zaizkien pertsonei askatasuna eman edo ez". Hori horrela, aldarrikatu dute erabaki horiek Euskal Herrian hartzea dela demokratikoa.

Etorkizunari begira, esan dute "konfrontazioz eta indarkeriaz" betetako hamarkaden ostean euskal gizarteak "bizikidetza" eraiki nahi duela eta horretarako ezinbestekotzat jo dute "mobilizazio sozialak" egiten jarraitzea. Zentzu horretan, adierazi dute euskal gehiengo politiko eta sindikalaren borondateak baino ezin duela lortu "askatasunerako bidea leuntzea".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak