Antzuolan lau lagunetik bat Arrola mendi elkarteko bazkide da. Oso kopuru polita da, baina elkarte baten bazkide kopuruak ez du bertako osasuna neurtzen. Antzuolako mendi taldearen kasuan, gehiago da 50. urteurrenaren bueltan antolatu dituzten ekintzetan izan duten erantzun ona. Baina Antzuolan ere konturatuta daude herritarrak geroago eta gutxiago joaten direla mendi elkartetik antolatzen dituzten ekintzetara, eta, hain zuzen ere, horri buruz berba egiteko gonbidatu zituzten Debagoieneko beste mendi taldeetako ordezkariak Torresoroara. "Ondokoen egoera zein den ikusi gura dugu, ea guk ditugun zailtasunak eurek ere badituzten, eta horrela bada, ideia berriak hartu", adierazi zion GOIENAri berbaldia hasi aurretik Sara Arietaleanizek.
Mahai-ingurua zuzentzen izan zen elkarte bereko Onintza Legorburu: "Pentsatu beharko genuke gaur egun zertarako nahi ditugun mendi elkarteak. Arrolaren helburua, oinarrian, 50 urte hauetan ez da asko aldatu. Helburua da herriko jende ezberdina batzea, bestela batuko ez litzatekeena, eta mendiarekin lotura duten ekintzetan esku hartzeko aukera ematea". Eta egon zen denek nabarmendu zuten ideia bat: "Mendi elkarteek herria egiten dute".
Pol-Pol, elkarte beteranoena
Bergarako Pol-Pol mendi elkartea da urte gehien duena. "80 urte bete ditu Pol-Polek eta bost sail ditu. Eta, hala ere, beteranoen taldea da gehien mugitzen dena. Ekonomikoki ondo dago elkartea, egoitza propioa ere badu, hainbat solairutakoa, baina hutsik egoten da, jende barik; hori da azaroa", laburbildu zuen Aitor Erañak. Eta elkarteak bete beharko lituzkeen funtzioez ere hausnartu zuen, anekdota batekin: "Duela urte batzuk, urteurren baten bueltan irteera berezia prestatu genuen; jendeari gustatu egin zitzaion eta azken urteotan hainbat bidaia egin ditugu. Cazorlan izan ginen, La Palman gero, aurten Dolomitetan izan gara... Eta horiek ondo daude, baina neure buruari egiten diodan galdera zera da: mendi elkartea ala bidaia agentzia gara?".
Aloña Mendin, lau lagun denerako
Kuriosoa bada ere, inork ez zituen sosak arazo moduan aipatu; alegia, elkarteak ekonomikoki ondo daude: "Aloña Mendin ez dugu halako arazorik, baina lau lagun gaude denerako: diru kontuak eramaten, ekintzak antolatzen... Eta gu ere nagusitzen goaz; gazteen erreleboa behar dugu, bultzada berri bat eta ideia freskoak", adierazi zuen Mikel Oterok. "Eta horrekin batera, sail ezberdinen artean lehen harreman handiagoa egoten zen, baita sailen eta zuzendaritzakoen artean ere. Orain, bakoitza bere kontura ibiltzen da". Eta, alde horretatik, Oterok zerbitzuen pribatizazioa atera zuen mahai gainera: "Hori da bidea? Ez dakit horretara iritsiko garen, baina... Lantegietan ere inork ez du nahi organo sozialetan esku hartu, eta hemen gauza bera gertatzen da. Eta ez gaitezen engainatu, teknologia berriek asko errazten dituzte gauzak, baina jendea behar da, berdin-berdin, Federazioaren batzarretara joateko, elkarte barruko batzarrak antolatzeko...".
Besaiden, galdeketa
Besaidek ere 50 urte bete berri ditu, eta, Olatz Igartuaren esanetan, kosta egiten zaie herritarrengana iristea: "Pirinioetara egiten ditugun irteerek, esaterako, jada ez dute lehengo harrera onik. Galdetegi bat egin genuen, jendeak zer-nolako ikastaro edo ekintzak nahi zituen ikusteko, eta erantzun dezente jaso genituen. Baina gero, horiek antolatzen hasi ginenean, erantzuna ez zen nahi modukoa izan. Orokorrean, kosta egiten zaigu jendea lokalera erakartzea; txukundu egin dugu topalekua izan dadin, mapa berriak erosi ditugu... Baina zaila da. Eta horrekin batera, emakumezkoak ere elkartera erakarri nahi ditugu, eta ikastaroen bidez ari gara saiakera egiten".
Elgetan, hamarkada bat
Kantsatzeke mendi elkartea bailarako gainontzekoekin alderatuta gaztea da. "Hamar urte eskas izango ditu. Eta kuriosoa da, kontuan hartuta Euskadiko Mendi Federazioa Elgetan jaio zela", adierazi zuen Enaitz Ezpeletak. Horren harira, bi plano ezberdindu zituen: "Gauza bat da mendi elkartean lanerako prest dagoen jendea aurkitzea, boluntarioak... eta beste bat da ekintzetan parte hartzea. Eta gaur egun lehenengoak aurkitzea ia ezinezkoa da. Elgetan, esaterako, beteranoen lanari esker mantentzen dira irteerak. Eta oso esanguratsua da lehengo beteranoei Pirinioetara zelan joaten ziren entzutea, orduko anekdotak... Eta ikustea gaur egun jendea zelan joaten den bere kabuz Pirinioetara. Zentzu horretan, uste dut ondo identifikatu behar dugula jendeak zer eskatzen dion mendi elkarte bati. Durangon, esaterako, mendiko materiala alokatzeko sistemak oso ondo funtzionatzen du eta jendeak asko erabiltzen du. Baina esango nuke salbuespena dela; gaur egun jendeak denetarik dauka eta material propioa erabiltzen du".
Mendi lasterketen 'boom'-a
Esanguratsua da azken urteotan mendi lasterketek izan duten gorakadak ez duela mendi elkarteetan apenas eragin, salbuespenak badaude ere. Normalean, antolatzaileak aparte egoten dira. "Gizarte azkar batean bizi gara eta lasterketek ere hori ematen dute, esperientzia azkarra, eta norbanakoaren ikuspuntutik", adierazi zuen Arietaleanizek. "Ikusi beharko genuke mendi elkarteen filosofiarekin edo balioekin bat egiten duten, bakarkako kirola sustatzea, lehia edo talde ikuspuntua gailendu behar den. Baina egia da gaur egun jendeak hori eskatzen duela", gehitu zuen Ezpeletak.
Eta beste hausnarketa bat ere egin zuen Ezpeletak; hain zuzen, mendi elkarte bakoitza bere zilborrera begira ibili barik, bailara mailan indarrak batzean egon daitekeela gakoa; Eta zera gogoratu zuen Oterok: "Garai batean, Oñatikoek eta Arrasatekoek elkarrekin antolatzen genituen irteera asko. Gauza gehiago egin beharko genituzke elkarrekin, bai".
Amaitzeko, Gipuzkoako Mendi Federazioko ordezkari Borja Reinak hauxe gaineratu zuen: "Mendi elkarteetako zuzendaritzetan oso emakumezko gutxi daude, eta animatu egin beharko genituzke, aukera eman. Egun, lan administratiboa egiten ibiltzen dira asko, baina gutxi daude erabakiak hartzen".
[Artikulua, osorik, Goiena paperean].