Vicente Atxa: "Gizarteari ekarpen handiak egiten jarraitzea da erronka"

Hasier Larrea 2023ko urt. 6a, 09:30

Hirugarren agintaldia beteko du Mondragon Unibertsitateko Errektore moduan Vicente Atxak, Kontseilu Errektoreak hala erabakita; aurtengo ikasturteak hezkuntza zentroaren 25. urtemugarekin egin du bat.

1993an hasi zen Goi Eskola Politeknikoko Fakultatean Elektronika arloko gaiak irakasten Vicente Atxa Uribe (Oñati, 1965). Lau urte geroago sortu zen Mondragon Unibertsitatea, fakultate horren, Enpresagintza Fakultatearen eta Huheziren arteko interkooperazioa oinarri. 2007tik 2015era GEPeko zuzendari nagusia izan zen eta 2015a ezkero da Mondragon Unibertsitateko errektore.

Mondragon Unibertsitateko Errektore Kontseiluak zu zeu izendatu zintuen, abenduan, beste lau urtez unibertsitateko errektore izateko. Gustura izendapenarekin?

Hirugarren agintaldia beteko dut, Kontseilu Errektoreak orain arteko konfiantza bera erakutsi duelako, ez nigan bakarrik, baita atzetik dagoen talde sendoarengan ere. Dekano, errektoreorde, idazkari nagusi… guztiak dira garrantzitsuak proiektu honetan. Beraien laguntzarekin jarraituko dut hezkuntza zentroaren epe luzerako estrategia garatzen, fakultateen arteko elkarlana bultzatzen eta unibertsitate hau kanpora begira ordezkatzen. Funtsean, etorkizuna lantzea da nire lanaren helburua.

Ikasturte hau berezia izaten ari da, 25 urte bete dituelako MUk; nola doaz ospakizunak?

Betiko moduan, lanean. Ekitaldi xume batzuk antolatu ditugu urteotako bidelagunak errekonozitzeko; ikasleentzat egin genuen kontzertu bat urriaren 14an, oso polita. Bestalde, ikasturtearen irekiera-ekitaldi berezia egin genuen, lehen aldiz Bilboko AS Fabrik campusean antolatuta. Hura izan da zabaldu dugun azken campusa, eta bertan erakusten da gure fakultateen arteko interkooperazioa, campus berean hiru fakultate baitaude.

Egingo al dizkiozue urtemugari keinu gehiago?

Hirugarren ekitaldi bat egingo dugu otsailaren 24an, orain arteko ofizialena. Donostiako Kursaalean izango da, 19:00etan hasita. Gurekin lanean eta laguntzen aritu diren pertsonak omenduko ditugu bertan: egungo langileak eta langile ohiak, Jaurlaritzako eta udaletako ordezkariak... Ekitaldian aurreko errektoreak hitz egingo du, erakusteko hezkuntza-zentroak nolako historia izan duen.

Nolako aldaketak bizi izan dituzue?

Unibertsitatea sortzearen arrazoia izan zen gure eskaintza propioa garatzeko aukera gehiago bermatzea. Ikusi genuen mugatuta geundela gradu eta master berriak eskaintzeko, edo ikerketa egiteko. Egia da eskualde mailako unibertsitatea irudikatzen genuela. Beraz, garapenean gertatu da aldaketa handiena. Fakultate bakoitzak bere proiektua zeukan, eta, indarrak elkartuta, euskal unibertsitate sendoa eraikitzea lortu dugu. Gaur egun zaila da euskal unibertsitate sistema Mondragon Unibertsitatea barik ulertzea; gure eragina EAE eta Espainiara zabaldu dugu, Debagoienarekiko atxikimendua galdu gabe.

Zein izan zen lehen eskola, eta zein zabaldu duzuen azkenengoa?

Lehen fakultatea Goi Eskola Politeknikoa izan zen, eta aurten 80 urte beteko ditu; 1960an, Enpresagintza Fakultatea eraiki zen Oñatin; eta 1976an, Huhezi Eskoriatzan. Bakoitza errealitate ezberdin bati erantzuteko sortu zen: GEP, Arrasateko gazteak teknikoki formatzeko eta enpresek herriko langileak izateko; Enpresagintza Fakultatea, enpresa-esparruko kudeatzaileak hezteko; eta Huhezi, euskaraz irakasteko nahikoa irakasle ez zeudelako. Gaur egun, laugarren fakultate bat dugu, gastronomikoa: Basque Cullinary Center, 2012an inauguratua. Orotara, hiru fakultatez osatutako hiru campus izatetik lau fakultatez osatutako hamaika campus izatera heldu gara.

Zeri eutsi diozue sorreratik?

Enpresekin dugun harreman estua ez da batere aldatu, formakuntza dualean eta ikerketan oinarritutakoa izaten jarraitzen baitu. Gure izaera kooperatiboa ere ez da aldatu; gizartearekin eta ikastetxeekin dauzkagun harremanetan islatzen da hori. Fakultate bakoitza kooperatiba bat izanda bermatzen dugu pertsonaren konpromisoa, behar-beharrezkoa proiektuaren hastapenetik. Langileek eta bazkideek konprometituta jarraitzen dute, eta unibertsitateak lurraldeari atxikituta. Garbi daukagu hezkuntza eta unibertsitatea direla tresna handienak etorkizuneko gizartea garatzeko bidean. Jendarte aurreratua eta orekatuagoa daukagu jomugan. Gure fakultateek hasieran lortu zuten bailarako gazte askori ikasteko aukera ematea, eta espiritu hori mantentzen dugu, baita bailaratik kanpo ere. Aukera hori ikasle guztiei eskaini beharra daukagu, norbere egoera ekonomikoari begiratu gabe.

"HEZKUNTZAREN ERALDAKETAN EREDU DA HUHEZI EAE-N, ETA HALA IZATEN JARRAITUKO DU"

 

Zein da Mondragon Unibertsitatearen bereizgarria?

Praktikoa, kalitatezkoa eta berritzailea dela. Praktikoa da, eginez ikasten delako, enpresekin dual formakuntzaren bidez harreman estua duelako; aitzindariak izan baikinen Alecoop-ekin batera formakuntza duala eskaintzen. Kalitatezkoa da, gure ikasleen enplegagarritasun-tasa EAEko handiena, eta esango nuke Estatuko handiena ere badelako. Eta berritzailea da, beti pentsatzen dugulako nola hobeto dezakegun gure hezkuntza eta gure ikerketa eredua; ikerketen emaitzak enpresetara bideratuta, euren lehiakortasuna hobetzen dugu, eta, azken metodologiak gizartera zein ikastetxeetara bideratuta, gure hezkuntza-sistema hobetzen laguntzen dugu.

Duela 25 urte, 1.700 ikasle zeuden matrikulatuta; gaur egun, 6.740. Zergatik aukeratzen dute MU?

Ikusten dute gure hezkuntza eredua ezberdina dela, oso praktikoa. Guk esaten diegu errealitatetik ikasiko dutela hemen eta, gainera, gauzak egiten. Enpresekin eta gizartearekin dauzkagun harremanengatik aukeratzen dute baita ere. Eta guk planteatzen dugun eredua etorkizunarekin lotuta dagoelako. Ikasleek kooperatibismoan oinarritutako balioak lantzen dituzte hemen.

Zenbat gradu, master eta bestelako eskaintzen ditu MUk?

Ikasle gazteei dagokienez, hamazortzi gradu eta hemeretzi master –%70 dualak–, eta lau doktoretza. Bestalde, urtero 8.000 profesional etortzen dira, birkualifikatzeko; bizitza osorako formazioa deitzen diogu, batzuk master titulu propio bat egitera datoz eta beste batzuk kurtso motz batzuk egitera. Nabarmendu nahiko nuke formakuntza dualean lidergo postuetan gaudela Estatuan. Horri lotuta, Europa mailako lehen unibertsitate duala sortzeko aliantzak egin ditugu; bederatzi hezkuntza-zentro gaude proiektuan, eta MU da liderra.

"IKASLEEK BALIOA EMATEN DIOTE PRAKTIKOTASUNARI ETA ATZERRIAN IKASI AHAL IZATEARI"

Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak?

Alde batetik, gure hezkuntza-eredua eraldatzen jarraitzea; digitalizazioaren inpaktuak aldatu egingo du ikasteko era, eta komeni da ondo integratuta egotea ikasketa-prozesuetan. Bestalde, globalagoak izan behar dugu, lurraldearekin atxikimendua mantenduta, baina aliantza gehiago sustatuta, nazioarteko presentzia handituta. Erronka inportanteena, halere, gure eragin sozioekonomikoa handitzea da, jende gazte gehiagorengana iritsita eta enpresekin dauzkagun harremanak hobetuta; bai ikerketa kolaboratzaileetan sortzen dugun ezagutza enpresetara transferitzeko, bai profesionalen birkualifikazioa eta baita ekintzailetasuna bultzatzeko ere.

Zelakoak izango dira etorkizuneko unibertsitateak?

Gazteentzat unibertsitate presentziala irudikatzen dut, baina campusetako esperientzia areagotuta. Hau da, ikasleak ez dira etorriko eskolak entzutera bakarrik, campusetan hainbat aktibitate jarriko baitira ikasleen eskura. Profesionalentzat ere aldatuko da, online formakuntza gehiago garatuta. Gure ikasleek eta irakasleek enpresekin eta ikastetxeekin daukaten harremana are eta sendoagoa izango dela uste dut. Gaur egun, integrazio horietan MU izan daiteke eredu, baina etorkizunean are eta gehiago izango da. Ez ditut aurreikusten unibertsitatea eta gizartea bi mundu ezberdin bezala; bai elkarrekiko gero eta integratuago.

Datozen aldaketa horietarako gertu al dago MU?

Erronkak lantzen ari gara. Integrazio handiagoa gizartearen eskutik etorriko da, hezkuntza eredua eraldatzen ari garelako. Lurraldearekin integrazio eta atxikimendu handiagoa etorriko da globalagoak izango garelako, atzerritik talentua eta ezagutza erakartzeko gai izaten jarraituko dugulako. Digitalizazio eta online esparruan ere aurrerapauso garrantzitsuak egiten ari gara.

Enpresak kexu dira ez dagoelako nahiko eskulan kualifikatu; zer deritzozu?

Euskal Herrian erronka demografiko handia daukagu. Baikorra naiz, bi modutan egin baitiezaiokegu aurre: hemengo gazte guztiei unibertsitatera etortzeko aukera emanaz eta kanpoko talentua erakarriz. Adibidez, kanpokoak gurean master bat egitera erakartzen baldin baditugu, eta euren ibilbide profesionala hemen garatzeko aukera ematen badiegu, nik uste dut aukerak izango ditugula etorkizunean herrialde lehiakorra eta aurreratua izateko.

Ze eskaintza berri izango du MUk 2023-2024ko ikasturtean?

Aurten jada baditugu ikastaro berriak: Ingeniaritza Fisikoan gradua eta beste lau master unibertsitario: energia sistema adimenduetan, operazio logistiko eta produkzioaren zuzendaritzan, gastronomia irakasle prestakuntzan eta negozio-inteligentziarako datuen analisian. Datorren urterako garatzen ari gara ekintzailetasunarekin lotutako master unibertsitarioa. Eta adimen artifizialak ere hartuko du pisua, duda barik. Arlo horretan hainbat diziplina nahasten dira: informatika, matematika… Ikertzaile asko dauzkagu halako proiektuetan sartuta, eta hainbat gradu eta masterretan lantzen da gaia; ziur adimen artifizialean zentratutako masterra izango dugula hemendik urte batzuetara.

Jaiotza-tasaren beherakadak nola eragingo die, bereziki, Huheziko Irakaskuntza Fakultateari eta etorkizuneko hezkuntzako profesionalei?

Ikastetxe guztietan hezkuntza-eredua eraldatzeko beharra dago, gizartea bera aldatu delako. Hor datza Huheziren indargunea, hezkuntza-berrikuntzan erreferentea baita EAEn. irakasleen birkualifikazio-prozesuan zeregin handia izango du Huhezik, bertatik pasatzen diren ikasleak beharrezkoa izango den hezkuntza eraldaketarako prestatuta egongo baitira. Pertsona berritzaileak, hezkuntza eraldaketa gauzatzeko gogoz daudenak, formatzen baditugu, etorkizun ona izango du fakultateak.

"EZ DUT USTE ULMAREKIN ETA ORONAREKIN DITUGUN HARREMANAK ALDATUKO DIRENIK"

Basque Culinary Centerrek GOe izeneko eraikina izango du Donostian; nola doa egitasmo hori?

Herri-proiektua ikusten dut nik hor, Mondragon Unibertsitatearekin batera Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala baitaude. Gastronomiaren munduan ondu dugun izena ahalik eta gehien zabaldu nahi badugu, proiektu berriak behar ditugu. Aurten hasiko dira eraikitzen, 2024 bukaeran martxan egoteko. Baina gauza bat da eraikina eta bestea proiektua; gastronomiako zentro teknologikoa, adibidez, martxan dugu aspalditik.

Ulma eta Orona taldeek Mondragon Taldetik irteteko erabakiak MUri eragin diezaiokeela uste duzu?

Oraindik azkarregi da zer gertatuko den jakiteko, baina esango nuke Mondragonetik irten diren enpresekin harreman bera mantenduko dugula. Gure proiektua sendoa da, hazten ari dena, eta eroso gaude Mondragon Taldean. Afera honek, pertsonalki, pena ematen dit. Baina kooperatibismoan egin dugun bezala, garai berrietan aurrera egiten jakingo dugu. Beti aurrera, horrelakoa da bizitza. 80 urte daramatzagu ikasleak formatzen, eta berdin jarraituko dugu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak