44 pertsona hil dira azken urtean trafiko istripuz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urt. 2a, 16:45

Furgoneta batek txirrindulari bat harrapatu zuen Epeleko biribilgunean, 2022ko uztailean.

Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak emandako datuen arabera, 2021eko datuekin alderatuta, "nabarmen" egin du gora hildako oinezkoen kopuruak urtebeteko epean.

Eusko Jaurlaritzak iazko trafikoaren balantzea egin du, eta Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak jakinarazi duenez, 44 pertsona hil dira trafiko istripu baten ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2022an, aurreko urtean baino bi gehiago.

Emandako datuen arabera, hildakoetatik 34 gizonezkoak ziren, eta gainontzeko hamarrak, emakumezkoak. Areago, horietatik %68 kolektibo zaurgarrienetakoak izan dira; hain justu, hamabost oinezkoak, hamalau motor gidariak eta txirrindulari bat. 2021eko datuekin alderatuz gero, gainera, oinezkoen kolektiboan biktima gehiago izan dira, ordu hartan oinezko bakar bat hil baitzen. Diaz de Corcuerak, beraz, adierazi du igoera "nabarmena" dela.

Debagoienean, hildako bat

Lurraldeetako egoerari dagokionez, Araban zortzi pertsona hil dira, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, hemezortzina. Debagoienean, berriz, pertsona bat hil da 2022an trafiko istripu batean. Hain zuzen, ekainaren 29an gertatu zen, Elorregi inguruan, GI-627 errepidean, eta Soraluzeko 21 urteko motor gidari bat izan zen biktima.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak