Hamasei positibo atzeman dituzte azken astean Debagoienean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera; aurreko astean baino hamar gutxiago, alegia.
Kasu gehienak Arrasaten hauteman dituzte; guztira, zortzi positibo izan dira. Bergaran, lau erregistratu dituzte, Oñatin bi, eta Antzuolan eta Elgetan bana. Aramaion, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan, beraz, ez da kasurik izan.
Bailaran ez ezik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin du COVID-19a duten pertsonen kopuruak. 890 positibo atzeman baitituzte azken astean, aurrekoan baino 454 gutxiago —1.344 izan ziren—.
Ospitaleetan ere gaixo gutxiago
Areago, erietxeetako okupazioak ere behera egin du koronabirusa duten ospitaleratuei dagokienez. 165 pertsona daude ospitalean, eta horietatik 11 zaintza berezien unitateetan.
Hildakoei dagokienez, berriz, hamazazpi pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz.