Jose Luis Madinagotia: "Ulmak eta Mondragonek harreman estua izatea gustatuko litzaidake"

Eneko Azkarate Laspiur 2022ko abe. 23a, 12:00

Jose Luis Madinagoitia Ulma Eraikuntzetako gerente eta Ulma Taldeko presidente izandakoak modu aktiboan, gertutik, jarraitu du Ulma Taldea Mondragon Korporaziotik irteteko prozesua.

Ulmako lan-bazkide izan da ia sorreratik, 1965tik. Zuzendaritza postuetan aritu da, batik bat. 1984an Ulma Eraikuntzetako zuzendari nagusi izendatu zuten, 2001era arte, Ulma Taldeko presidente kargua hartu zuenera arte. Horretaz gain, Oñatiko Enpresa Zientzien Eskolaren (ETEO) –gaur egun Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatea dena– sortzaile izan zen. 2007an hartu zuen erretiroa.

Ulma Taldeko lan-bazkideek aurreko ostiralean erabaki zuten Korporaziotik irtetea. Boto-emaileen %80k egin zuten aukera horren alde. Espero zenuen emaitza?

Nik neuk zalantzak nituen botoa emateko orduan, baina azken egunetan izan genituen informazio-batzarren ondoren sumatu nuen gure kooperatibetan Korporazioa uzteko jarrera argia.

Ados zaude erabakiarekin?

Uste dut talde kooperatibo bateko kide izateak abantailak dituela, gure kooperatiba bakoitzari Ulma Taldean parte hartzeak ematen dion bezala. Korporazioko kide izateak, nire ustez, abantailak ekarri beharko lituzke, baldin eta behar bezala funtzionatzen badu.

"MONDRAGONEK HAUSNARKETA EGIN BEHARKO LUKE BAJA HORIEN ZERGATIAREN INGURUAN"

Erabaki hori ona izango da Ulma Taldearendako?

Denborak esango du. Etorkizunean egingo diren urratsen araberakoa izango da. Pertsonalki, berriro diot: hobe da korporazio bateko kide izatea, segurtasun handiagoa ematen dio kooperatibari, baina korporazioak behar bezala funtzionatzen ez badu, kontrakoa gerta daiteke. Korporazioan sartzeko aukera egon zen aurreko aldian, Ulma Taldea ez zen Mondragon Korporazioan sartu. Orduan, arrazoiak ez ziren gaur egungoak. Orduan, hartutako erabakiarekin, etorkizuneko apustu serioa egin zuen Ulma Taldeak, eta esan dezaket apustu hori oso ondo atera zitzaiola, nire ustez.

Eta Mondragon Korporazioarendako?

Korporazio batean, hasiera batean, ez dut uste berri ona denik parte-hartzaile baten edo batzuen baja. Horregatik, uste dut Mondragon Korporazioak hausnarketa egin beharko lukeela baja horien zergatiaren inguruan.

Mondragon Korporazioari atxikitako kooperatiba izan beharrean, hitzarmen bidezko harremana izatea gura izan du Ulma Taldeak. Posible da hori?

Aukerak beti daude, adostasunetara heltzeko alde biek albora utzi nahi dutenaren arabera, baina onartzen dut zailtasunak badituela. Edozelan ere, uste dut prozesu honetan huts egin duela bi aldeek negoziatzeko izan duten jarrera eskasak. Nire ustez, behar den denbora hartu behar zen eta barne-akordioetara iristeko ahaleginak egin.

Zelako harremana izango dute etorkizunean Ulma Taldeak eta Mondragon Korporazioak? Nola irudikatzen duzu harreman hori?

Ahalik eta lasterren, uste dut biek eseri behar dutela hitz egitera, aztertzeko zerk batzen dituen eta noraino hel daitezkeen bien arteko lankidetzak. Albora lagata liskar pertsonalak, ziur bainago badaudela. Ulmak eta Mondragonek harreman estua izatea gustatuko litzaidake.

Zelako etorkizuna ikusten diozu Ulma Taldeari?

Gaur egun, Ulma Taldea ikusten dut etorkizuneko ikuspegi onarekin enpresa-garapenari dagokionez. Abantaila bat badauka Ulmak: ez dago sektore ekonomiko bakar baten menpe. Horregatik, sektore bateko krisiaren eragina txikiagoa izango da. Hala ere, ekonomiaren bilakaera oso gertutik jarraitu behar da, egoera berriak asko zainduz eta neurri zuzentzaileak garaiz hartuz.

2002an Ulma Taldea Mondragon Korporazioan sartu zenean zu zeu zinen Ulma Taldeko presidente. Zergatik erabaki zenuten Korporazioan sartzea?

Ulma Taldeko lehendakaria nintzen Ulma Taldea 2002. urtean Korporazioan sartu zenean, eta, era berean, presidentea nintzen, urte batzuk lehenago Mondragon Korporazioa sortu zenean, proiektu berrian ez sartzeko erabakia hartu zenean. Izan ere, orduan, kooperatibak eskualdeka edo geografikoki antolatzetik talde sektorialetan antolatzera pasatu zen. Orduan, Ulma Taldeak Mondragon Korporazioari aurkeztu zion Ulma Talde moduan sartzeko aukera, baina Korporazioak ez zuen proposamen hura onartu. Gerora, Korporazioan sartzeko negoziazioak hasi genituenean eta Korporazioak Ulmari talde moduan sartzeko aukera eskaini zionean, aztertu genuen Korporazioan sartzeko aukera eta onartu egin genuen. Korporazioa sortu zenean, 1992ko prozesuan, gertu geunden talde moduan sartzeko, baina gure planteamendua ez zen onartu.

2002tik hona, Ulmari onurak ekarri dizkio Korporazioan sartuta egoteak?

Jarraitzen dut pentsatzen behar bezala funtzionatzen duen korporazio bateko kide izateak kide guztiei egiten diela mesede, baina azpimarratu gura dut ezinbestekoa dela behar bezala funtzionatzea.

"KORPORAZIOKO KIDE IZATEAK ABANTAILAK EKARRI BEHARKO LITUZKE, GAUZAK ONDO EGINDA"

Kalteak edo desabantailak gehiago izan dira?

Azkenaldi honetan, Korporazioan egoteak ez dut uste onura handirik ekarri duenik; batez ere, sortu den zurrunbilo mediatikoarengatik.

Nahikoa azalpen jaso duzue lan-bazkideok?

Ulma Taldea, batzar informatiboen bidez, egoera honetara iristeko arrazoiak ematen saiatu da bere kolektiboei. Informazioa alde bakarretik iritsi izanak, akaso, hankamotz utzi du egoeraren analisi osoa egiteko aukera. Baina Korporazioa ere saiatu da informazioa komunikabideen bidez helarazten, eta azken egunera arte egin du.

Modu aktiboan jarraitu duzu prozesua?

Bazkide ez-aktibo gisa jarraitu dut prozesua, eta informazio-hitzaldietan parte hartu dut gonbidatu nautenean, eta, bai, modu aktiboan parte hartu dut, beharrezko jo dudanean.

Ulmak jarraituko du Mondragon Unibertsitatea babesten?

Babesten jarraitu beharko lukeela uste dut. MU oso proiektu interesgarria eta garrantzitsua dela uste dut. Nire bizitza osoa haren parte izan da, bai sorreran, bai garapenean. Ziur nago, hala esan baitu joan zen asteko batzar nagusian bertan, Ulma Taldeak MU laguntzen jarraituko duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak