Debagoieneko biztanleen %7,1 atzerritarrak dira

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko abe. 23a, 09:02

Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna ospatu zuten Aretxabaletan domekan. (Argazkia: Imanol Soriano)

Debagoienean espainiar nazionalitatea ez dutenen artean amerikarrak dira gehiengo eta ondoren jarraitzen diete, Afrika, Europa, Asia eta Ozeaniatik datozenek; bailaran, Arrasaten kokatzen da espainiar nazionalitatea ez dutenen kolektibo nagusia.

Euskal Autonomia Erkidegoan 186.630 pertsonak dute espainiar nazionalitatea ez den besteren bat; hau da, biztanleria osoaren %8,5ek, 2022ko urtarrilaren 1ean, Eustatek emandako datuen arabera. Bailarako kasuan, 63.956 biztanletik 4.530 pertsona dira espainiar nazionalitatea ez dutenak; hain justu, %7,1, Gipuzkoako ehunekoak baino %1,5 gutxiago. %0,25 igo da 2021eko datuekin alderatuta, EAEko biztanleria osoa kontuan izanda.

Nazionalitatea kontuan hartuta

EAEra etortzen direnek zein kontinentetako nazionalitatea duten ere aztertu du Eustatek. Gipuzkoaren kasuan, Amerikako herrialdeetakoak dira gehienak; hain zuzen ere %39,3. Europako beste herrialde batzuetako nazionalitatea izan eta Gipuzkoan bizi direnak %28,2 dira. Talde horretan, Errumaniatik etorri diren etorkinak nabarmendu ditu Eustatek.

Ondoren, afrikarrak kokatzen dira: %24. Azken lekuan, Asiako eta Ozeaniako nazionalitatea duten pertsonak daude; bertan bizi diren atzerritarren %8,5: "Azpimarratzekoa da presente dauden ia herrialde bakarrak Txina eta Pakistan direla". Antzerako datuak ditu Bizkaiak, baina Araban, Afrikako nazionalitatea dutenak dira bertan bizi diren atzerritarren arteko kolektibo nagusia eta bigarren talderik garrantzitsuena amerikarrena da.

Debagoienean ere, Gipuzkoan bezala, Amerikatik datozenak dira gehiengo atzerritar nazionalitatea dutenen artean: %41,19; baina gero, hurrenez hurren jarraitzen diote Afrikak, Europak eta Asiak eta Ozeaniak: %28,48, %16,91 eta %13,42.

Hala ere, herriz herri begiratuz gero, Eskoriatzak ez ditu Gipuzkoako eta bailarako tendentziak jarraitzen; izan ere, atzerritar gehienek nazionalitate europarra daukate, bigarrena afrikarra da eta hirugarrena, amerikarra. Aramaion eta Antzuolan, berriz, Afrikako nazionalitatea duten pertsonen kopurua da nagusi, eta bigarrenak amerikarrak dira.

Arrasate eta Bergara helmuga

Ibarrean espainiar nazionalitatea ez dutenen artean, Arrasate aukeratzen dute gehienek, %39,32k, Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako datuen arabera. Halaber, Bergara eta Oñati daude bigarren eta hirugarren postuan –%24,79 eta %16,18, hurrenez hurren–. Ondoren, jarraian datoz Aretxabaleta, Eskoriatza, Antzuola, Elgeta, Aramaio eta Leintz Gatzaga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak