2022ko Abadia saria Garabide elkartearentzat izango da

Mirari Altube Arrese 2022ko abe. 22a, 15:57

Garabideko kideak abenduaren 13an egindako batzarrean. (Argazkia: Garabide elkartea)

Garabide elkarteari emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Abadia saria, epaimahaiak aho batez proposatuta. Hala jakinarazi zuen Eider Mendoza foru bozeramaileak joan den martitzenean, Diputatuen Kontseiluaren ostean.

"Kooperazio era berria egiten duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da Garabide eta, zehazki, lankidetzaren alorrean munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen ditu euskararen esperientziatik abiatuta", adierazi zuen Mendozak. Eta nabarmendu hiru aspektu: hizkuntza lankidetza, hizkuntza elkartasuna eta hizkuntzaren pertzepzioa.

Lankidetza, elkartasuna eta hizkuntzaren pertzeptzioa

Hizkuntza lankidetza azpimarratu gura izan zuen, eta adierazi euskararen biziberritze prozesuak aurrerapauso nabarmenak eragin dituela hizkuntzaren egoeran, eta erreferente bihurtu dela munduko beste hizkuntza gutxituen komunitateentzat: "Prozesuan pilatu den jakintza biltzen, erakusten eta transmititzen lan handia ari da egiten Garabide elkartea. Lan horrek bi norabide dituela ere erakutsi dute, alegia, euskararen komunitatean badugula erakusteko moduko esperientzia metatua eta, aldi berean, haiek badutela guri zer irakatsi hizkuntzarekiko jarreretan eta bizipenetan".

Hizkuntza elkartasunari dagokionez, bozeramaileak adierazi zuen lankidetza praktikatuz, Garabidek erakutsi duela euskararen komunitateari badagokiola bere esperientzia transmititzeko eta garatzeko erantzukizuna: "Elkartasunetik abiatuta erakutsi digute, hizkuntza gutxitu bat biziberritzea ez dela kapritxo azalekoa, eta garrantzi berezia duela planetaren aniztasunerako".

Hizkuntzaren pertzepzioan sakonduta, ostera, azaldu zuen Garabide elkartearen lanari esker, euskararen komunitatea jabetzen ari dela gainerako hizkuntza gutxituekin baduela eginkizun partekatua, eta eginkizun horretan badagokiola trakzio lana egitea: "Uste dugu euskararen sustapenean adibide aurreratua dela, zabaldu beharreko eredua. Erakusten duelako, argi eta garbi, hizkuntza minorizatuen eta kulturaren biziberritze prozesuek oinarrian badutela jasangarritasunaren, giza eskubideen, genero berdintasunaren eta ekitatearen aldeko ikuspegia".

Anton Abadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz.

Garabide pozik

Garabide elkarteko kideak oso pozik agertu dira sariarekin sare sozialen bidez adierazi duten legez: "Eskerrik asko hizkuntza lankidetza posible egiten duzuenoi. Zuen lana da gure lehengaia, esperientzia trukean aritzen garelako. Beraz, sari singularra, baina ezinbestean pluralean ematen dena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak