Maria Jose Telleria: "Kultura eta tokiko merkataritza bultzatu gura ditugu kultura bonuekin"

Miren Arregi Amasorrain 2022ko abe. 9a, 13:19

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusi izan den Maria Jose Telleria (Eibar) Kultura diputatu izendatu berri dute, orain arte kargu horretan jardun duen Harkaitz Millanek dimisioa eman ostean. Kultura, Gazteria eta Kirol diputatu izango da datozen sei hilabetetan. Kargu berriaz eta bestelakoez aritu gara Telleriarekin elkarrizketan, besteak beste, Gabonetara begira kultura sustatzeko atera dituzten bonuez.

Gipuzkoako 64 establezimendutan erabili ahal izango diren 8.700 bonu jarri dituzte eskuragarri, urtarrilaren 29ra arte. Helburua, kultura bultzatzea. Arrasaten eta Bergaran Elkar liburu-dendan daude eskuragarri eta Oñatin, Haritza, Ibarrondo eta Hirukar liburu dendatan eta Altuna estankoan.

Duela gutxi hartu duzu kargu berria. Nola zaude?

Trena martxan zegoela igo naiz eta une honetan kokatzen ari naiz, ingurua begiratzen, eta lan eta lan, geratu barik. Horrela tokatu da eta aurrera. Egia esan proposamenak ezustean hartu ninduen, baina, ez nuen une baten ere zalantzarik izan. 

Asko aldatuko da zure lana?

Une honetan kultura zuzendaritza hutsik gelditu da. Egia da sei hilabete gelditzen direla eta pentsatu beharko dugu hutsune hori nola bete. Kultura ezagutzen dut, baina gainerako eremuetan kokatu beharko naiz. Kiroletako eta Gaztediako jarduna eta lan-taldeak oso azaletik ezagutzen ditut. Eremu horietan erabakiak hartu ahal izateko asko ikasi beharra dut. Alde daukat lantaldea bera. Oso lantalde polita dago eta ezagutzen dugu elkar baina egia da lan handia dudala egiteko.

Kultura sustatzeko bonuak atera dituzue beste urte batzuetan legez. Zer dira?

Guztira 80.000 euro bideratuko dira kultura sustatzeko bonuetara. Gipuzkoako 64 establezimendutan erabili ahal izango dira eta guztira 8.700 kultura bonu jarriko dira salgai. Bi modalitate izango dituzte. Lehena, euskarazko kultura produktuen bonuaren hobaria izango da; bigarrena, beste hizkuntza batzuetarako hobaria. Euskarazko kultur produktuetarako bonuak gutxiago dira, guztira 2.700. Aldiz, hobaria handiagoa da. Alegia, 20 eurotik gorako erosketetan, hobaria 12 eurokoa izango da. Beste hizkuntza batzuetakoetan, hobaria 8 eurokoa izango da.

Zer bultzatu gura da?

Bonuekin, kulturaz gozatzeko moduak bultzatu gura ditugu, ahalik eta jende gehiena horietaz baliatu dadin eta tokiko eta Gipuzkoa osoko merkataritza ere bultzatuz. Harpidetzak sustatzeko ere baliatuko dira bonuak. Kulturaz disfrutatzeko beste modu dira harpidetzak eta esango nuke ederra dela zuena bezalako proiektuen atzean norbere ekarpena dagoela sentitzea. 

Kultura mezenasgoak dira kultura bultzatzeko beste modu bat eta hain zuzen ere, kultura departamentutik pizgarri fiskalak eskaintzen dizkiozue kultura mezenasgoan parte hartzen duten enpresei. Zein da helburua?

Helburua da kulturarako baliabideak handitzea. Eta horrekin batera gizartearen atxikimendua lortzea. Indusketak, zaharberritze prozesuak, profesionalen lana… Mezenasgoen bitartez profesional bat lagun dezakegu, edo norbere herriko ermita bateko koadro bat zaharberritzen. Administrazioaren baliabideak ez dira nahikoa. Kalitatezko gauzak egin gura baditugu baliabideak behar dira. Mezenasgoen bitartez proiektu hori konpartitu egiten da eta esperientzia beste modu baten bizitzeko modua ematen du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak