Iritsi da euskal kulturak eztanda egiteko unea, Durangoko azokaren 57.edizioak gaur ireki baititu ateak, domekara arte. Ordura arte, kultur-eskaintza anitzaz gozatzeko aukera izango da, 248 erakusmahai, 930 nobedade eta 270 kultur ekitaldi antolatu baitituzte.
Ikasleak izan dira hortaz gozatzeko aukera izan duten lehenak, 10:30ean ateak irekitzearekin batera, 1.500 tailer antolatu baitituzte ikasleentzako eta estreinakoz, baita euren hezitzaileentzako ere. Hala nola, hezkuntzarako baliabide digital libreen gainean aritu dira, eta kultura eta hezkuntzaren inguruan ere jardun dute.
Ondoren, ohiko egitaraua
Alabaina, sarrera librea da kultur-zale guztientzat, ikasle goiza amaitu ostean hasi den arren ohiko egitaraua azokako guneetan.
17:00etan, esate baterako, antolatzaileek jakinarazi dutenez, DemaS.A. sortzaile amateurren arteko finala ospatuko da Irudienean, eta ordu berean, Usua Egia durangarrarekin ilustrazio-tailerra egingo da, Saguganbaran. Horrez gain, Euskal Herrian sortutako euskarazko plataforma ezberdinak ezagutzeko aukera izango da Kabi@ espazioan.
Beste guneetan ere, ordea, ez da ekintzarik faltako. Kepa Junkeraren Berpiztu liburuaren aurkezpena egingo dute 19:00etan, esaterako, eta Plateruenean, berriz, kontzertuak izango dira nagusi. Egunaren amaieran, Delirium Tremens taldea igoko da oholtza gainera zuzeneko kontzertua eskaintzera.
Szenatokian, berriz, azokaren hasiera ekitaldi ofiziala egingo dute, 19:00etan. DrunDA! izenpean, Barrexerka taldeak gidatuko du, eta Gerediaga elkarteko kideak ez ezik parte hartuko dute azokako babesle nagusietako ordezkariek ere.
Erakusmahaietako eskaintza
Erakusmahaietako eskaintzari dagokionez, Landakogunean hainbat sortzaile izango dira egun hauetan euren lanak sinatzen. Gainera, nor zein ordutan izango den jakiteko sinaduren ordutegia ere kontsultatu daiteke www.durangokoazoka.eus webgunean.
Dena den, bertaratu ezin dutenentzat, jada martxan dago online denda ere, zapatura bitartera arte.
Azoka Telebista
Are gehiago, azokako egunek emandakoaz gozatzeko aukera ere egongo da Goiena Telebistan.
Eguneroko protagonistekin egindako erreportajeak eta elkarrizketak bilduko dituzte EztanDa! magazinean. Goiena telebistan, 20:00etan eta 22:00etan eskainiko da, eta tokiko beste hedabideetan ere emango dute. Horrez gain, Durangoko Azokaren atarian streaming bidez jarraitu ahal izango dira Ahotseneako zuzeneko askotariko kontzertuak.
Abenduaren 13an, berriz, Debagoieneko sortzaileen lanei buruzko saioa eskainiko da Goiena telebistan, 21:30ean eta 23:30ean.