Mende laurdena beteta, "itsaso berriak" esploratuko ditu Kontseiluak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko abe. 6a, 13:37

Idurre Eskisabel izendatu berri dute idazkari nagusia, Paul Bilbaok lekukoa pasatu ostean. Haren arabera, hizkuntza gutxituetan aritzeko bulkadak "eratu eta sustatu" behar dira, eta adostasun soziala ere funtsezkoa da.

Euskalgintzaren Kontseiluak 25 urte bete ditu gaur. Idurre Eskisabel izendatu berri dute idazkari nagusi, eta Durangon eginiko urteurren ospakizunean, eskerrak eman nahi izan dizkio genealogia euskaltzaleari. "Euskara ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zen garaietan ere ez ziolako etsi, baita egun euskara itsaso zabal bat izan dadin arloz arlo lan egiten duten pertsona guztiei ere". Itsasontzia izan baitu metafora Kontseiluaz aritzean. Haren arabera, ontzia da Kontseilua, eta idazkari nagusia, lemazaina. Azken hamabi urtean, Paul Bilbao izan baita idazkari nagusia, eta gaur pasa dio lema Eskisabeli.

Hala, egungo errealitateari ere behatu dio Eskisabelek, eta adierazi du munduaren aldaketa "inoiz ez bezala azeleratu" dela; dena den, nabarmendu du "euskalgintza jada ziklo berrian murgilduta" dagoela. Are gehiago, egoera horretan hizkuntza gutxituek duten egoeraz ere mintzo da: "Bizi garen munduan hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira, eta mundua eta gu gero eta homogeneoak dira. Horrenbestez, hizkuntza txikiagoetan, gutxituagoetan, aritzeko bulkada bat ere behar da". Zehaztu du bulkada horiek "eratu eta sustatu" egin behar direla, eta Kontseiluak horregatik izango duela asmo "itsaso berriak" esploratzea.

Adostasun soziala, gogora

Horrez gain, Batuz Aldatu adostasun soziala ere hizpide izan du. Kontseilutik abiatu zuten iaz, eta euskalgintzako eta hortik kanpoko ehundik gora gizarte eragilek bat egin zuten etorkizuneko hizkuntza politikaren bide orriarekin. Helburu zuen euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea, ezagutzaren unibertsalizazioa lortzea eta erabilerako eremuak garatzea.

Are gehiago, euskarak politikan izan beharreko garrantziaz ere hitz egin du, uste baitu hizkuntza honek zerbait behar badu, "hori politika" dela: "Letra larriz idatzitakoa. Diferentzien gainetik interes orokorrean eta euskararen biziberritzean begirada jartzeko gai izango dena". Bada, ziurtatu du adostasun politiko hori lortzea izango dela bere ahalegina aurrerantzean.

Behinola eginiko eskaerak

Bilbaok, berriz, gogora ekarri ditu ardura hartu zuenean eginiko eskaerak. "Batetik, euskalgintzari Kontseiluan sinesten jarraitzeko; bigarrenik, eragile sozial eta sindikalei, hasitako bideari jarraitzeko; eta azkenik, alderdi politikoei eta instituzioei, eskaera bakar bat: Kontseilua eragileekin jorratzen ari den askotariko adostasunean edukiari errepara diezaiotela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak