Euskaraldiaren hirugarren edizioa gaur amaituko da, eta ekimenaren antolatzaileek uste dute dagoeneko "normalizatuta eta finkatuta" dagoela. Haien arabera, gizartean "oso barneratuta" dauden arau sozialetan eragiteko eta aldatzeko proposamen bat da, eta bide hori ari dira urratzen edizioz edizio. 161.099 lagunek eman dute aurten izena, eta azaldu dute horrek adierazten duela "egonkortze bidean" dagoela. Hala, rolak gizarteratzen jarraitzeko deia egin dute, "epe luzeko lana" izango delakoan.
Hain justu, gaur egin dute balorazioa ekitaldia Gasteizen, eta bertan bildu dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaraldiko herri batzuetako batzordeetako kideak; tartean, baita Ikuska Lizarralde Arrasateko koordinatzailea ere.
Lizarraldek berak eman du batzordeen lehen inpresioen berri, eta adierazi du Euskaraldia herrietan bere lekua hartzen ari dela. "Horrek dakar denbora pixka bat aldatzea. Aurreko edizioetan prestaketa lanak lehenago hasten ziren eta azken honetan uda ostean hasi dira batzordeak antolatzen. Horrek, erronka berriak ekarriko ditu herrietara".
Euskaralditik harago
Euskaraldiaren balorazioa egiteaz gain, ordea, euskararen erabilera sustatzeko bestelako ariketa praktikoen aldeko aldarria ere egin dute antolatzaileek. "Euskaraldia bakarrik ez da nahikoa. Arau sozialak aldatzeko lanean ari gara eta inertziak apurtzeko eremu ezberdinetan proposamen berriak egotea garrantzitsua da".