Debagoieneko Ernaik deitutako mobilizazioarekin bat eginda, hainbat gaztek Elorregiko biribilguneko zirkulazioa moztu dute gaur arratsaldean. Azaldu dute garraio publiko "duina" eskatzea izan dela protestaren helburua, eta horretarako hainbat argudio eman dituzte.
Hala, diote erregaien prezioa geroz eta garestiagoa dela eta errepideak bidesariz "josita" daudela eta gaineratu dute Debagoienean ibilgailu pribatua "mugikortasunerako alternatiba bakarra" bihurtu dela eta errepideak "kongestionatuta" daudela. Salatu dute, era berean, herri batzuetatik beste batzuetara joateko kasu batzuetan hiru aldaketa egin behar direla, eta modu horretara herri asko erabat "isolatuta" geratzen direla. Hori horrela, eta ibarrean dagoen ikasle mugikortasun "handia" dela aipatuta, ikasleen bizitzak geroz eta prekarioagoak direla ere azpimarratu dute, esanaz eskolatik kanpo eskatzen zaizkien ikasketa-ordu "amaigabeei" autobusari itxaroten ematen duten denbora gehitu behar zaiela.
Adierazi dute baita ere "ibilgailu pribatua dela karbono aztarnaren erantzule garrantzitsuenetako bat", eta CO2 isurketak murrizteko, beharrezkotzat ikusten dute "garraio publikoaren konexioen eraginkortasuna hobetzea". Linea berriak sortzea eta kasu batzuetan maiztasunak handitzea proposatzen dute horretarako. Izan ere, protesta egin dutenen esanetan, modu horretara mugikortasun eredu "jasangarriago eta justuago" bat lortuko litzateke: "Krisi klimatiko era energetiko baten erdian Debagoieneko mugikortasun eredua irauli beharra dago".