Debagoieneko Gurutze Gorriak Jostailu hezitzailea kanpainaren beste edizio bat abiarazi du. Eskualdeko familia kalteberetako edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden 250 haurri baino gehiagori Gabonetan jostailu berriak emateko asmoarekin. Azken urteotan, Debagoieneko 1.000 haurrek baino gehiagok jaso dute jostailu berri bat Gabonetan ekimen solidario horri esker.
Aurten jostailuak emateko behar den diru-bilketa Debagoieneko Gurutze Gorriko boluntarioek Eroski Hipermerkatuan salgai jarriko dituzten jostailu txekeen bidez egingo da, 5, 10 eta 20 euroko balioarekin, eta, ondoren, beharrezko jostailuak erosiko dituzte. Horrez gain, Debagoieneko Gurutze Gorriak bere kontu korrontea jarri du eskuragarri kanpaina solidario honetarako dohaintzak jasotzeko. Alde horretatik, kanpainarako jostailu berri bat zuzenean eman nahi dutenek Eroski Hipermerkatuan jarritako saskietan eman dezakete, edo zuzenean Debagoieneko Gurutze Gorriaren Elorregiko egoitzan.
Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak hauxe adierazi du: "Familia batzuek ingurune hurbilean bizi duten prekarietate-egoerak bultzatzen gaitu horrelako proiektuak egitera, haurrek jasan ditzaketen murrizketak arintzen saiatzeko".
Eroski Hipermerkatuan abenduaren 3an, 9an eta 10ean
Abenduaren 3an, 9an eta 10ean egongo dira Debagoieneko Gurutze Gorriko boluntarioak Arrasateko Eroski Hipermerkatuan, kanpainari buruzko informazioa ematen, sentsibilizatzen, dirua biltzen –jostailu-txekeak salduz– eta emandako jostailu berriak jasotzen.
Jasotzen dituzten dohaintzengatik eskerrak eman ditu Igartuak: “Jostailu hezitzailea kanpaina dela-eta Debagoieneko Gurutze Gorriak urtero jasotzen dituen dohaintza guztiak eskertzen ditugu. Izan ere, baliabide urriak dituzten familiei edo ezegonkortasun sozioekonomikoko etapa bat igarotzen ari direnei Gabonetan jostailuak emateko aukera ematen digu”.
Boluntariotza Debagoieneko Gurutze Gorrian
Debagoieneko Gurutze Gorriaren jarduera soziosanitarioa eta solidarioa eskualdeko ia 90 boluntariok osatutako talde batek garatzen du. Boluntario horiek proiektuak garatzen laguntzen dute, ahal duten neurrian. Oso pertsona talde heterogeneoa da: 18 eta 70 urte artekoak dira. Debagoieneko Mankomunitatean bertan pertsona batzuek ongizate fisiko, mental eta sozialeko maila nahikoa lortzeko dituzten zailtasunen aurrean laguntza baliagarria eskaintzeko eta gure gizartean ahalik eta bizitza osoena izan dezaten egiten dute lan.