Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta instituzioek eta zenbait gizarte mugimenduk helburutzat dute jarria indarkeria matxistaren hamaika forma azaleratzea. Emakumeen aurkako bortizkeriak ez baitu etenik. Urteek aurrera egin ahala gero eta gehiago dira larrialdi zerbitzuetan artatzen dituzten kasuak, eta izurriteko lehen urteez geroztik hazten doa kopurua. Are gehiago, bailaran ere goranzko joera berbera da.
Ertzaintzak eman ditu datuak, eta, haren arabera, 93 kasu artatu dituzte genero indarkeriarekin lotuta aurten Debagoienean, indarkeria matxista osotasunean jasotzen duen daturik ez baitute, Andoni Larrañaga ertzainak jakinarazi duenez. "Genero indarkeriaren datuak ematen ditugu, bikote harreman batean biktima andrazkoa denean eta erasotzailea gizonezkoa". Horrekin batera, etxeko indarkeriaren datuak ere ematen dituzte, eta azaldu du hor eremu horretako bortizkeria sartzen dutela, sexua zein harremana bat edo beste izan.
2022ko urriaren 31ra arteko datuak dira bildutakoak, eta kopuru hori ja "oso adierazgarria" dela nabarmendu du Larrañagak. "Aldi horretan jada gainditu dugu aurreko urteetako daturik txarrena, eta urtea bukatu ere ez da egin". Izan ere, genero indarkeriari dagokionez, 88 kasu artatu zituzten iaz, eta 2020an 54 izan ziren. Hau da, urtebeteko epean, %62,96 kasu gehiago hauteman zituen Ertzaintzak.
Goranzko joera
Beraz, uste du goranzko joera argia dela, eta, hain justu, hori diote Eustat Euskal Estatistika Erakundeak bildutako datuek ere. Emakumea biktima den eta erasotzailea bikotekidea edo bikotekide ohia den, familia barrukoa den edo sexu indarkeria gauzatu duena izan den gogoan izanda, 2020an 80 kasu jaso ziren eta 2021ean 136 izan ziren; alegia, 56 gehiago.
Bada, Larrañagak uste du pandemiak eragin zuzena izan duela gorakadan: "Horren ondorio bat da. Batzuetan, lege aldaketaren bat-edo egon daiteke eta kasuak artatzean aldaketak, baina orain ez da horrelakorik, aldaketa txikiren bat salbu".
Kasuen azterketa
Ertzaintzak berri emandako kasu horietako gehienak Arrasaten erregistratutakoak dira, eta ondoren, Bergaran. Halere, bailarako beste herrietako datuak xehetasunik gabe ematea "hobe" dela azaldu du Larrañagak, herriak txikiak izanik "seinalizaziorako arriskua" egon daitekeelako. Dena den, azpimarratu du genero indarkeria edo etxeko indarkeria izan, jasotako hamar kasuetatik zortzitan andrazkoak direla biktimak.
Haien adinari dagokionez, batez ere 35 eta 50 urte artekoak dira. "Hor abantaila izan daiteke pertsona ja heldua dela, baina desabantaila da umeak tartean egon daitezkeela; horrek asko zailtzen du guztia". Horrez gain, erantsi du gorantz doazela 18-25 urte artekoen kasuak ere. "Gero eta zabalagoa da kopurua adin tarte horretan, eta bortizkeria lantzeko modua ere ezberdina da, biziera ez delako berbera: sare sozialak, eduki pribatuak partekatzeko erraztasunak...".
Kasu horiek guztiak, ordea, jasota gelditzen dira, eta batzuetan, aurrera egiten da urruntze aginduak ere eskatuz. Alabaina, ez da jakinekoa zehazki zenbat andrek eskatu duten urruntze agindua genero indarkeriarengatik, baina, Ertzaintzak emandako datuen arabera, ondorioztatu daiteke eskaera gehienak bideratzen direla.
Ordea, Larrañagak azpimarratu du datu horiek "agerikoak" diren arren badaudela "ezkutuan mantenduak, ezezagunak".
Aurka egin beharra
Datu horiek eta errealitate anitzak gogoan, beraz, instituzioek bat egin dute indarkeria matxista desagerrarazteko aldarriarekin. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Zer ez duzu ulertzen? Bai bakarrik baietz kanpaina abiatu zuen, eta gizonei zuzendu zaie, "emakumeen hitza errespetatu egin behar dela" gogorarazteko.
Gipuzkoako Diputazioak ere bat egin du kanpaina horrekin, bortizkeria horren aurka "buru-belarri" jarraitzeko konpromisoarekin bat. "Adierazi nahi dugu oraindik ere asko daukagula egiteko. Indarkeria matxista baita emakumeen aurkako giza eskubideen urraketa hedatuena, iraunkorrena eta gogorrena egungo munduan, baita gure gizartean ere".
Eta baita Eudelek ere. Sei konpromiso proposatu ditu, eta bat Berdinsarea indartzea da, "berdintasunaren arloko eta indarkeria matxistaren aurkako ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutza trukatzea errazteko" udalerrien sarea.
Feministen aldarria
Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere mobilizazioak antolatu ditu, eta gizonezkoei zuzendu zaie: "Dagozkizuen ardura hartzeko exijitzen dizuegu. Utzi erasotzaile eta konplize izateari. Azaleko diskurtsoek ez dute balio, praktikan ezer ez bada aldatzen".
Herriz herri egingo dira ekintzak:
- Antzuola: Herriko Plazan, 19:30ean.
- Aramaio: Bizente Goikoetxea plazan, 18:00etan.
- Aretxabaleta: Herriko Plazan, 18:00etan.
- Arrasate: Seber Altube plazan, 19:00etan.
- Bergara: San Martin Agirre plazan, 19:00etan; eta 20:00etan, Itaiak.
- Elgeta: Mendizaleen plazan, 19:00etan.
- Eskoriatza: Fernando Eskoriatza plazan, 19:00etan.
- Oñati: Olakuako urmaelean, 12:00etan, Lagun Leku eta Pentsiodunak; eta 20:00etan, Foruen plazan.