Durangoko azokaren antolatzaileek aurtengo edizioaren berri eman dute, Eztanda lelopean. Abenduaren 7tik 11ra bitartean egingo da, eta jakinarazi dutenez, 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri Landako guneko 248 erakusmahaitan: 689 liburu, 141 musika ekoizpen, 46 aldizkari eta bestelako 54 produktu. Hala, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko koordinatzaileak nabarmendu du azken bi urtetako "testuinguru konplikatuari" aurre egin ostean, "euskal kultura bor-bor" izango dela edizio honetan. "Orain euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua helduko da, bere gune eta espazio guztietan".
Produktu horiek guztiak era fisikoan eskuratzeaz gain, ordea, jakinarazi dute online dendan ere eskuragarri egongo direla abenduaren 7tik 10era bitartean, eta katalogoa jada www.durangokoazoka.eus webgunean kontsultatu daitekeela.
Egun bereziak egongo dira
Ateak irekitzearekin bat, urtero legez, ikasleak izango dira protagonista azokan, 1.500 ikaslerentzako tailerrak antolatu baitituzte, eta gainera, lehen aldiz hezitzaileentzat eskaintza ere egongo da.
Baina aurreko aldiekin alderatuz, bada berritasunik. Izan ere, abenduaren 9an Gazte eztanDA! ospatuko dute, gazteei begirako eguna. Hamaika kultur ekitaldi egongo dira egunean zehar, baina baita gazte bazkaria ere. 17:00etan, berriz, ginkana antolatu du Euskara Abentura ekimenak, eta 19:00etan ElektroPottotte eta OstiKda elektrotxarangak egongo dira.
250 kultur ekitaldi
Kultur ekitaldiei dagokienez, antolatzaileek jakinarazi dute 250 baino gehiago egongo direla, sei gunetan banatuta: Saguganbara, Irudienea, Szenatokia, Ahotsenea, Kabi@ eta Talaia.
Saguganbaran, familiei begirako ikuskizun, tailer eta aurkezpenak egongo dira; Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukera egongo da, berriz, Irudienea gunean; Sezenatokia, arte eszenikoei lotuta egongo da, eta aurten pieza laburren erakusketa ere egongo da; Ahotsenea, sortzaileen gunea izango da, eta orotara, 47 talde igoko dira Plateruenako oholtza gainera.
Kabi@ eta Talaia guneek Landakoko areto nagusia partekatuko dute. Mundu digitalarekin lotutako aurkezpenak egingo dira lehenengoan, eta Taiala, kultur arloko gai ezberdinen hausnarketarako espazio izango da.
Kanpo ere, ekintzak
Azokako egunetan ez ezik, beste une batzuetan ere ekintzak antolatu dituzte. Hilaren 5ean, adibidez, DA! PRO sortzaileentzako topaketa profesionalak egingo dira San Agustin Kulturgunean eta Bizenta Mogel bibliotekan, eta artistek euren proiektuak aurkezteko aukera izango dute. Are, azoka amaitzean, abenduaren 12tik aurrera, aukera egongo da azokako nobedadeak Euskal Herriko liburu dendatan eskuratzeko, Zu non, han DA! lelopean. Gainera, 45 liburu dendatan aurkezpenak ere egingo dira.