Haurren euskararen erabileran eta hizkuntzarekiko atxikimenduan eragina duten faktoreak zeintzuk diren ezagutzeko, eta irudi orokor bat eginda hizkuntza aldaketarako estrategiak proposatzeko, ikerketa bat egin dute Soziolinguistika Klusterrak, UEMAk eta Euskal Herriko Unibertsitateko Dream taldeak, eta ondorioztatu dutenez, udalerri euskaldunetako haurren profil soziolinguistikoan eta praktiketan "aldaketa nabarmenak" gertatu dira.
Hori ondorioztatzeko, Hego Euskal Herriko zazpi herritan gauzatu dute ikerketa, lehen hezkuntzako bosgarren mailako ikasleen errealitatea oinarritzat hartuta; dena den, eskoletako zuzendaritza kideekin, irakasleekin, gurasoekin eta herriko eragileekin ere egin da ikerketa. Hala, aniztasuna bermatzea izan da asmoetako bat, eta metodologia kualitatiboa erabili dute.
Herri tipologiak
Era horretan, umeen hizkuntza praktiketan eragina duten 140 faktore identifikatzea erdietsi dute egileek, hiru herri profil bereizita.
Batetik, haurrentzako arnasguneak diren herriak daude. Euskararen erabilera handia da eremu horietan, eta hizkuntzarekiko lotura estua dute. Horrez gain, euskararen erabilera batik bat ikasgeletan altua den herriak ere badaude, baina euskara hutsean egiten duten familiak gero eta gutxiago direnak. Eta azkenik, udalerri erasanak daude. Hau da, herrian gazteleraren erabilera nagusi da, eta euskararen erabilera ere behera egiten ari da ikasgeletan.
Ondorioak, hamar puntutan
Hala, hori guztia kontuan hartuta, hamar ondorio nagusi atera dituzte egindako azteketatik. Ondorioztatu dutenez, euskara hizkuntza nagusia da ikasgelan, baina erabilera gutxitu egin da kanpoan, eta, gainera, eskolan gertatzen dena herrian gertatzen denaren isla da. Are, baita helduen praktika linguistikoena ere.
Horrez gain, zehaztu dute herritarren profila aldatzen ari dela, gero eta gehiago direla etxeko hizkuntza euskaraz ez dutenak, eta gizartea eraldatzen ari den artean, hizkuntza dinamika berriak agertu direla. Esate baterako, uste dute udalerri euskaldunetako haurrek "mundura begirako bizitza ikuspegia" dutela.
Herrira begira ere jarri dira, eta jakinarazi dute eragileen artean elkarlanik ez dagoenean hizkuntza komunitateak "banatuta" daudela, eta gainera, ez dagoela "nahikoa baliabide" euskararen erabilera bultzatzeko eta euskalgintza berraktibatzeko. Dena den, erantsi dutenez, erantzunak "ezkorrak" izan arren, datuek diote ez dagoela euskararen egoeran "atzerakadarik", eta haurrak jakitun direla egoeraz.
Etorkizunera begira
Beraz, geroari dagokionez, batetik, esku hartzerakoan jarraitu daitezkeen lan ildoak proposatu dituzte, eskolan, herrian eta Euskal Herrian zentratuta, besteak beste. Eta eremu horietako indarguneen, praktika onen eta aukeren zerrenda bat ere osatu dute.