Debagoieneko Movember topaketa egin dute Elorregin

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko aza. 19a, 15:29

Urteroko ohiturari jarraituz, Debagoieneko Movember taldeen topaketa egin dute Elorregin eta, eguraldi txarrari aurpegi ona jarriz pasa dute gaurko eguerdia, DJ Menezek jarritako musikarekin. Mondravember eta MovemberGara taldeetako ordezkariez gain, hainbat oñatiar eta antzuolar ere izan dira topaketan eta aurten hil den Pello Garitano ere gogoan izan dute.

"Gaurko eguna oso polita izaten da guretzat. Eguraldi kaxkarra dugu gaur, baina inportantea da, tradizioari jarraituz, denok elkartu eta elkarlana sustatzea, urtean zehar gauzak nola joan diren kontatuz", azaldu du Iban Arroiabek, Mondravemberreko kideak. Aurten ez dute saldarik eta txorizorik prestatu. "Edozelan ere, Sanprubusa hor daukagu eskaintza hori egiteko".

Gehienbat arrasatearrak eta bergararrak izan dira gaurko topaketan, baina oñatiarrak eta antzuolarrak ere izan dira, baita Elorregiko hainbat auzotar ere. "Esaterako, Alberto Larreak, oñatiarra izan arren, Movembergaran lan handia egiten du. Bestalde, Elorregiko auzotarrek ere gurekin kolaboratzen dute", dio Unai Azkaratek, Movembergarako kideak.

Topaketan, Movembergarako kamisetak eta Mondravemberreko jertseak salgai izan dituzte. Bergararrek, era berean, azaroaren 26an egingo duten zozketarako txartelak ere izan dituzte salgai.

Minbizia ikusgarri egiteko lanean

Movember mugimenduak barrabiletako minbizia ikusgarri egin eta gaitz horren aurkako ikerketara dirua bideratzeko helburuarekin egiten du lan, eta topaketa ere bide horretan kokatzen da: "Konturatzen ari gara beste herri batzuetan ez dagoela Movember mugimenduarekiko horrenbeste kontzientzia. Batzuek jakin ere ez dakite zer den Movember eta ez dute gaiari buruzko informaziorik. Beraz, horretan aritzen gara lanean", nabarmendu du Azkaratek.

Azaroa, ekintzaz beteta

Mondravemberrek zein Movembergarak ekintzaz josi dituzte Arrasateko eta Bergarako kaleak azaroan. Orain artekoa "martxa onean" doala adierazi dute bi taldeetako kideek eta oraindik gelditzen zaiela hainbat ekintza. Arrasaten, esaterako, Arantza Otaduy historialariak bisita gidatua egingo du gaur, 19:00etan, Querer es poder izenburupean. 21:00etan, afari solidarioa egingo dute Taxka tabernan. Aurrez izena eman beharko da, ordea, mondravember@gmail.com helbidera mezu bat bidalita edo Taxka tabernan bertan.

Azaroko azken asteburuan ere hainbat ekintza egongo dira. Batetik, azaroaren 25ean, egubakoitza, Arkaitz Carracedo ikerlariak Minbiziaren ikerkuntza bizitza ulertzeko hitzaldia egingo du Aretxabaletako Lanbide Eskolan, 09:00etan.

Azaroaren 26an, berriz, mendi irteera bat egingo dute goizean, 09:00etan hasita. Ondoren, 13:00etan, talde argazkia aterako dute Herriko Plazan eta 14:30ean, Mondravember taldearen bazkaria egingo dute.

Bergaran, bestalde, azaroaren 26an, mendi buelta egingo dute, enkantearen eta bibote mozketaren aurretik. Pepelu eta Diego Valor ile-apaintzaileen laguntza izango dute, zuzeneko musika lagun: "Garbitasun neurriak ere hartzen ditugu, noski. Alkohol purua egoten da bizarra kentzekoak eta bizar-xaflak desinfektatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak