Lehenik eta behin, webguneen helbidea https-rekin hasten dela eta aurretik agertzen den giltzarrapoa itxita dagoela erreparatu behar da. Baldintza horiek betetzen dituzten webguneek gure datuak zifratzen dituztela ziurtatzen dute –horrek erosleen ordainketa-datuen babesa areagotzen du–. Datuak zifratzen ez dituzten webguneetan sartzean –http-rekin hasten direnak, esaterako–, alerta-mezua azalduko da eta ZIURek gomendatzen du horietan ez erostea.
Cookieak babes faktorea dira ere bai –onartzen diren cookieen arabera enpresek datu pertsonalekin gauza ezberdinak egin ditzakeelako–. Horregatik, komeni da cookieak berrikustea eta webguneak funtzionatzeko beharrezkoak direnak bakarrik baimentzea. Horrez gain, nabigatzailea modu ezkutuan edo pribatuan erabiltzean webguneek informazio gutxiago izango dute erabiltzaileei buruz –webgune batean behin baino gehiagotan sartzean prezioak gora egitea saihestuz–.
Ordaintzeko moduei dagokionez, Paypal erabiltzea edo online ordainketetarako soilik erabiltzen den kreditu-txartel kargagarri bat izatea dira aukera onenak. Horiek gastua kontrolatzea ahalbidetzen dute nahi den diruarekin kargatzeko aukera dagoelako, eta zerbait gertatzekotan, kalte ekonomikoa mugatzen duelako.
Oinarrizkoa ere bada sistema eragileak eta antibirusak eguneratuta izatea ordenagailuan eta mugikorrean. Eta online erosketak egiteko bi gailuetako bat aukeratu behar izanez gero, ordenagailua erabiltzea gomendatzen du ZIURek; pantaila handiagoa da eta segurtasun-egiaztapenak errazago egitea ahalbidetzen du.
Azkenik, maukekin arretaz ibiltzea gomendatzen du ZIURek. Eragiketa egin aurretik, erosleak ziurtatu behar du ez dela iruzurrezko gune batera sartuko.
Zer da ZIUR?
Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortutako erreferentziazko zentroetako bat da ZIUR Fundazioa. Bere helburua lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzutea da, sektore pribatuarekin, enpresekin, unibertsitateekin eta zentro teknologikoekin lankidetzan. Zibersegurtasun industrialarekiko kezka da lanaren oinarria, industria arloko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzeko eta, era berean, Gipuzkoan sektore teknologikoaren garapena bultzatzeko.