Euskaraldiaren podcasta, lau ataletan entzungai

Imanol Beloki Unamuno 2022ko aza. 18a, 15:00

Zapla! podcastaren logoa.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko gida izango den programak lau atal ditu eta Monika Belastegik eta Juan Kruz Lakastak gidatzen dute saioa. Estres linguistikoa, sumisio linguistikoa, asertibotasuna eta hizkuntzarentzako gune babestuak lantzen dira.

Euskaraldiak bere hirugarren edizioan zenbait berrikuntza dakartza. Ariketa sozialari bultzada emateko bidean, horietako bat Zapla! podcasta da, eta ahobizi eta belarriprest izango diren herritarrentzako baliabideak eskaintzea du helburu.

Topaguneak ekoitzi du lana, eta, lau ataletan banatuta, hainbat egoera zehatz irudikatzen dira, adituen aholkuekin. Euskaraldiaren baitan sortutakoa den arren, ostean erabilgarria izatea espero dute egileek, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko baliabideak eskaintzea da podcastaren helburu nagusia.

Adituekin elkarrizketak

Azaroaren 1ean, EITB Podcast plataforman Euskaraldiaren inguruan ekoitzitako Zapla! podcastaren lehen atala argitaratu zen. Monika Belastegi eta Juan Kruz Lakasta adituek egin dituzten elkarrizketak dira programaren ardatza, eta aurreneko atalean Gemma Sangines psikologo bilbotarra elkarrizketatu dute. TELP tailerren sortzaileetako bat izan zen Sangines –hizkuntza espazio pertsonalei buruzko lantegia–, eta estres linguistikoaz, hizkuntza sumisioaz eta asertibitateaz mintzatzen da. Horrekin batera, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren zuzendari eta Jakiundeko presidenteak bere bizitzan zehar egindako hizkuntza hautuak azaltzen ditu. Bigarren atalean, berriz, hizkuntza bidaia egiten lagungarri izan daitezkeen ahalduntze taldeak eta euskaldunon ahalduntze eskolak izan dituzte hizpide protagonistek. Tolosaldean egindako lehen bi esperientzien gainean ari da Imanol Artola Felix elkarrizketa nagusian. Mikel Martinez aktoreak bere hizkuntza bidaia kontatu du, eta bidaia horretan zehar egindako hizkuntza hautuak azaldu, bide batez. Aste honetan argitaratu dute hirugarren atala, eta bertan, Inaxio Usarralde Euskal Filologian lizentziatua eta Emun kooperatibako hizkuntza aholkularia elkarrizketatu dute, besteak beste. Eta oraindik argitaratu ez den laugarren atalean, Maddi Etxeberria Elhuyarren hizkuntza aholkularia elkarrizketatu dute.

Azken atalaren zain

Azaroko lehen hiru martitzenetan argitaratu dituzte saioak EITBren gunean, eta, azken atalaren faltan –datorren martitzenean argitaratuko da, hilaren 22an–, Google Podcast, Apple Podcast, Ivoox eta Spotify plataformetan ere agertuko dira. Euskaraldia izan da proiektu horren sortzailea, eta ekoizpena, berriz, On Time-k egin du. Kapitulu bakoitzak 30 minutu inguru irauten du, eta, gainera, hizkuntza ohiturak aldatzeko gida entzuteko aukera hor dute herritarrek.

"Estres linguistikoak alde kognitiboan, fisiologikoan eta jokaeran eragiten du"

Gemma Sangines. Psikologoa

Psikologo bilbotarrak estres linguistikoa zer den, zein egoeratan agertzen den eta nola eragiten dien herritarrei adierazten du. "Buruan eztabaida sistematikoa dugu; egoera bakoitzean erabaki behar dugu zein hizkuntzatan hitz egingo dugun, aukeratzeko gaitasuna dugulako. Aukeratzeko gaitasunik ez dutenek ez dute arazo hau, eta gaitasun izan beharko lukeena oztopo bihurtzen da, lasai egoteko edo osasuntsu sentitzeko. Edozein solasetan, hizkuntz gutxituok, kasu honetan, euskaraz edo gazteleraz hitz egitea erabakitzen dugu. Orduan, erabakitzen dugun bakoitzean nekatu egiten gara, eta, beraz, neke hori estres linguistikoaren ondorio nagusia litzateke".

Eguneroko portaeretan eragina

Estres linguistikoaren estresa, antsietatea, edozein egoeretan gerta daitekeela dio Sanginesek. Psikologoak hiru mailatan azaltzen du jokaera: "Alde kognitiboan, zein hizkuntzatan hitz egingo dut, zein gauza esaten diogun geure buruari. Esaterako, euskaraz aurkezten badut neure burua, bestea gaizki sentituko da; alde fisiologikoan ere estresa sentitzen dugu, eta aldagai fisikoak nabaritu. Giharretako tentsioa… Eta jokaera moduan ere eragiten du. Urduriago gaude, zalantzekin. Hori horrela, gure hizkuntza ohituretan eragina zuzena da, eta, jokaera neutro baten alde egin dezakegunez, erosoago egoteko gaztelerara pasatzen gara eta euskararen presentzia murriztu egiten dugu".

"Norberak duen hori besteekin partekatuz, identifikatuta sentitzen dira kide asko"

Imanol Artola "Felix". Galtzaundi euskara elkarteko eragilea

Euskaldunen ahalduntze eskolak martxan jartzea proposatu zuen Artolak, 2020. urtean Tolosaldean egindako esperientzian oinarrituta. Horrelako eskola batek hizkuntza ohiturak aldatzeko erabakia hartu duen hiztunari parean jartzen dizkion erronkak izan ditu hizpide: "Estres linguistikoa pairatzen badugu, eta ahalduntzeko beharra baldin badugu, estres hori gainetik kentzen baduzu hobeto bizitzeko erreminta bat izan daiteke".

Ahalduntzean, lau fase

"Ahalduntze fasean lau fase daudela esaten da: mina sentitzea; min hori ez dela justua jakitea, hau da, kolektibo honetakoa naizelako edo beste honetakoa naizelako gertatzen zait hori; hirugarrena, ahalduntzea litzateke, nolabait esateko, erreminta batzuk ikastea sumisio horretatik ateratzeko; eta laugarrena, norbanako mailan, boteretzea. Kasu honetan, legea sartuko litzateke…". Tolosaldean egindako ikerketan sei asteko prozesua egin zuen Euskahalduntze taldeak. Euskaldunon ahalduntze eskolek, berriz, hamar saioko proposamena egin dute. Dinamikaren bueltan galdetuta, honako hau dio Artolak: "Tolosaldean egindakoan ahalik eta eduki teoriko gutxien sartzen saiatu ginen. Norberak duen hori besteekin partekatuz. Besteari entzunez eta dituen ezin horiek entzun eta nik lehenago bizi izan ditudan esperientzia batzuekin lotzeak zenbat balio izan dien adierazi izan dute partaideek".

"TELP tailerretan hizkuntza portaerak indartzera bideratutako lanketak egiten dira"

Inaxio Usarralde. EMUN kooperatiban hizkuntza aholkularia

Hizkuntza portaeren eremuan ari da lanean Inaxio Usarralde, TELP tailerretan gidari (Taller d'Espai Lingüistic Personal), eta saio horietan hiztunei baliabideak ematen dizkiete hainbat egoeratan hizkuntza hautuari eusteko. "Esperientziak diosku beharra duela jendeak hizkuntza ohiturez hitz egiteko, gutxienez. Bi motatako jendea inguratzen zaigu: batetik, gutxieneko kontzientzia duen jendea. Hau da, euskaraz bizi nahi du, baina, maiz, haren hautua aurrera eraman ezinik aurkitzen du bere burua; eta bigarren multzo bat bada: hark nahiko ez lituzkeen hizkuntza ohiturak hain barneratuta dauzka, ohituraren poderioz, eta haren uste sendoa euskaraz bizi denekoa da, baina ez. Ez da ohartzen beharrik izan gabe zenbat aldiz euskara alboan utzi eta erdarara jotzen duen".

Gogoeta bultzatuz

TELP saioetan, gogoeta bultzatzen dute nagusiki. "Tailerrak zuk nahi duzun hizkuntza hautu horri eusteko gonbitea egiten dizu, ahalik eta modu erosoenean, progresibotasuna kontuan hartuz eta asertibitatean oinarrituta. Hainbat egoeretan ez dagoela zertan aldatu behar hizkuntzaz adierazi nahi da, hori ikusarazten dizu, nolabait, eta bide horretatik aholkatuko zaituzte tailerretan". Horrekin batera, portaerak indartzeko kontziente izatea dela lehenengo urratsa dio Usarraldek: "Estres egoerak nigan eragina duela konturatu behar dugu, lehenbizi. Nola ahaldundu pentsatu beharko genuke".

"Aldaketak ez dira egun batetik bestera egiten; antolatu beharra dago"

Maddi Etxebarria. Hizkuntza aholkularia Elhuyarren

Norbanako modura hizkuntza ohiturak aldatzeko dauden aukerez eta baliabideez gain, antolatutako erakundeak lagungarri edo oztopo izan daitezke, hartzen dituzten neurrien arabera. Hau da, hiztunon harreman asko antolatutako eremuetan gertatzen dira. Lanean, dendatan, kirol elkarteetan edo osasun zentroan izan daitezke. Eta gune horiek euskararen erabilerarako gune abegikorrak izan daitezke, edo ez. Hori dio Maddi Etxebarriak, Elhuyarreko hizkuntza aholkulariak: "Erakunde edo entitate antolatu batek, euskaraz naturaltasunez erabiltzeko erabakia hartu behar du. Erabakia hartu, eta gero, eredugarritasunez jardun behar du. Espazioak eskaini beharko ditu horretarako, eta, erakundeak berak sinistu egin behar du".

Aldaketarako neurri zehatzak

Enpresa, erakunde edo entitate batean aldaketak ez dira egun batetik bestera egiten, eta antolatu egin behar dela dio Etxebarriak: "Erakundearen ezaugarrien arabera antolatu behar da; ez da berdina enpresa batean edo elkarte batean. Arduradunek lidergo bat erakutsi beharko dute, beraiek eredu izan beharko dira, eta langileak ahaldundu egin beharko dira. Azken finean, hainbat baldintza jarri beharko ditu martxan, hiztunentzako lagungarri izan dadin leku hori euskara erabiltzeko. Gutxieneko gaitasun bat behar dugu; erakundea konforme egon behar da; gune horretan egongo diren kideak bestearen lekuan ere jarri behar dira…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak